Lizardi ta prosa landua

 

        Euskal prosa landu barik dagoela oraindik esan ohi da. Ba liteke. Baina, hala ere, bakarka eta taldeka, ahalegin handiak egin izan dira eta beharrezkoa dugu ahaleginon ondorioa ezagutzea euskal prosa gero ta gehiago lantzeko.

        Prosa lantzeko ahalegin handiak egin zituenetariko bat Lizardi izan genuen. Olerkigintzan ezezik, prosagintzan ere maisurik onenetakoa dugu. «Su prosa es también original, casi tan original como sus versos. Agil, descriptor tan certero como rápido del mundo exterior y del mundo interior, de humor intencionado y amable, está siempre lleno de sorpresas, tanto de fondo como de forma». (L. Michelena, Historia de la literatura vasca, Madrid, 1960, 147 orr.).

        «1933. urteko Kirikiño Saria-rako aukeratua» izan zen lan batetik hartu dugu aztertzera goazen textoa. Etxe-barne bizia-ren zati bat da. Bere adiskide bati egindako karta baten antzera dago idatzita.

 

        Atarian illun, ta leioan txingor ttunttun-otsa diranean, goxoa oi dek etxeko sutondoa. Ala bart, gurean. Ta etxebarrutik aur-zarata balebil, areago: ordun, adiskide, suaren garrak argiago ziruditek; dardara giarragoz ibilli zebiltzak, goia miazkatu beharka... I mutilzar gogortua ago, ta ez bide dek azken ori sinisten. Erruki aut, gizona! Etzak parrerik egin.

        Baiña itxon orain: dagoaneko begi-aurrean diagu nere mutiko zaarrena. Bost bat urte dizkik. Alki batera igo, egutegiari eguna kendu, ta bazetorkidak. Galderaz josiko natxiok... ea an zer jartzen duan; ea zergatik ura jartzen duan; ea zertarako jarri duan ura, ura jarri duanak; ea urrengo eguna igandea dan, ta ea zergatik igande ta (ez ostiral); ea zenbat lo eginda sartuko dan Orrilla —Maiatzari ala esaten ziotek orain—... Jakiña, azkenerako, zakurraren ipurdira biali bear izan diat.

        Ez dek samurtu. Etxean barrena an ziak orain, Tolosako iñauterietako jo-aldi zoro aietarik bat joaz: Tún-pa tún-pa tun, tarápatatún, tarápata túuun-ta...; eta abar: badakik zein esaten dedan. Alako zalapart eramangarri ezpaita, berriro oiu egin bear izan ziot, ixiltzeko. Luzaroko ez, noski.

        Nondibait dabillen bitartean, ikusak bigarrena. Mutikoa, hau ere. Arako muxugorri begibeltx ura dek. Begira akiok: aurpegi biribiltxoan, bi kilker diruditela zeuzkak begiak, kantari. Au barexeagoa dek bestea baiño, zalaparta gutxiagokoa. Bere buruaz jolasten bazekik, eta ez dik ori jakite makala. Arkatz aundi-bat —lapitzari esaten ziotek arkatza— eskuan, eta aoan ere maiz, ingia (papera) lur gaiñean zabal, marrezka ziarduk. (Dibujatzen, alegia: ik euskera berria egoskaitza dek eta, argatik argibideok... O!, atsegin zeok umeokin, euskal-ikastolara dabiltzanez gero!...). Baiña, ara: oraintxe zutitu dek gure dibujantea: tatartxoa izanagatik, erroen biurri-antxak eta ibilkera aundizkoak alako gizon-tankera parregarria ematen ziotek. Tottelmotelko mintzoz, ingia eskuan dakardala, ala ziok: —Aita! Dixona iratzi: anttak e baritu!...

        Ori esanda, berriro bere txokora joan dek, «dixon asto iraztera». (Idatzi, zerari... eskribitzeari esaten ziotek).

        Baiña, ontan, emen zetorrek ixilka zaarrena, biurrikeri berriren bat asmatuta. Tiragoma eskuan dula, dixon-egilleari ogi-mami bildu bat kazkora irauzi nai litxiokek. Bearrik, garaiz iritxi nauk, eta kazkarreko bat emanaz or biali diat berriz ere etxean zear.

        Ikusi bezela, mutiko ttentte, xurigorri, piña diat; begiak aundi, gozo, pakezkoak dizkik: arkume otxanarenak bezain... Baiña, itxuraz bestez, eziñegon urduria dek. Aren aldamenean, iñor etxegokek geldirik.

        Baiña ixo, gazteok: oraintxe zetorrek eta, sukaldetik igesean, danetan biurriena; neska, alabearrez... (Porkuantobós, esango ukek ik). Ikusak orain atean: begiaundi, xudur-piporta, gaixto-irri zetorrek, oi bezela, arentzako ainbat pixa-oial sortzerik ezpaitago kristau-etxeetan. Bazetorkidak, eta berriketa luze bat egin zidak. Ik ulertu al diok? Nik ere ez. Esperanto-modu bat asmatua dik, eta arekin aritzen dek. Bereala, eldu zidak eskuko beatz lodia, nagon alkitik derriorrean jaikiarazi, ta an naramatxik zuzen-zuzenean «berak dakian xoko batera»... Gozo-ontzitik azukre koxkor bat atera ta eman izan ez banio, aundia gerta zitekekan gure etxean!... Arrapatzen nauen bakoitzeko eginbearra diat ori. Badakik, mutilletan ere, neskatxa gazteentzako bigunbera samarra nindukan...

        Azkenik, seaskan esna, guzion jardun ta ots artean, beti parre-antza, beti jaramon-eske, beti lerde-jario, ta beti titirako pronto, or zegok aurtxoena; gure begi-alai, buruzuri txikia: urte erdi doi-doi betetako gizontxoa.

        Ontan, berriro zetorkiguk zaarrena, berak egindako mozorroa arpegiari txistuz itsatsita, buruan ingizko ginbail aundi bat dula. Esan diat, bere txotxolo arpegi ta guzi, au etxean dagon arte pakerik ez dagola.

        Ez-uste batean, or zijoakiok baxterrean «dixonak irazten» ari uanari. Jotzen dik besoan, beraizik, eta, jakiña, «dixon»berri eginerdiari «antta» samurtu. Samurtu dek ertilaria ere ta asi dek karraxika, estea sabeletik xintzilika bailerion. Or naasi dituk biak, ukabilka. Alderik alde, elkarren eskera ta elkarri eskainka egiñalean dabiltzala, jo ta ankaz gora bota ditek nexka gaxoa; ta, txikiaren seaska ere iraultze-arrenean jarriz, etxe osoa bete ditek marruz, iskanbillaz ta dunbateko gaitzez.

        Eskuak eta ipurdiak, elkarrekikoan, oi duten ots berezia ere aguro asi uan, ala bear ere, ta maiz samarka arranoak ez badu; ta nekez bederik, noizpaitean, batzu erdi errenka ta bestetzu oso narrazka, zuzendu nizkian danak sukalderuntz.

        Oeratu ziranean, orratik, gure pakea!... Josapat-zelaiean epai ondorengoa zirudiken. Aterrune ari gogoa atxikita, leen erauntsiaren oroitzez artean aundiak ere ixilik geundela, sugarren gorabear kizkurrari begiak josita, nere buruari ala nitxion: —Ta, alaz guziaz ere, koxkor hoiek bein ere ez azitzea nai nikek! Nere esku balego, gurasook zaartu arren, oiei gaurkoxe tamañan eutsi nai nitxiotekek.... [1]

 

        Hizkuntzaren funtzioak, hizkuntza erabiltzeko mailak, hizkuntzaren expresio formak eta adierazpideak aztertzeko texto egokiagorik ezin dezakegula aukeratu esango nuke.

        Lehenengo ta behin, nahiz eta reflejoki ez ezagutu, praktikoki oso ondo ezagutzen ditu Lizardik hizkuntzaren funtzioak. Begira:

        1) Hunkipenak, sentimenduak adierazteko erabiltzen du (adierazkor funtzioa): «Erruki aut, gizona!», «O!, atsegin zeok umeokin», «gure pakea!».

        2) Ideiak, pentsamenduak adierazteko erabiltzen du (erakuspen funtzioa, funtziorik inportanteena): «dagoaneko begi aurrean diagu nere mutiko zaarrena», «alako zalaparta eramangarri ezpaita», «bere buruaz jolasten bazekik».

        3) Irakurleari zerbait oharrarazteko erabiltzen du (dei funtzioa): «itxon orain», «baiña ara», «ixo, gazteok», «ikusak bigarrena», «begira akiok».

        4) Idazlea (Lizardi bera kasu hontan) ta irakurlea elkarganatzeko erabiltzen du (lotura funtzioa): «ordun, adiskide», «erruki aut, gizona!», «esan diat», «badakik».

        5) Pentsamenduak eta sentimenduak literatur adierazpideen bidez adierazteko erabiltzen du (estetika funtzioa): «txingor ttunttun-otsa», «dardara giarragoz ibilli zebiltzak, goia miazkatu bearka...», «bi kilker diruditela zeuzkak begiak, kantari», «karraxika, estea sabeletik xintxilika bailerion», «elkarren eskera ta elkarri eskeinka».

        6) Hizkuntzari buruz zerbait adierazteko, hizkuntzaz hitz egiteko ere erabiltzen du, azkenik (metahizkuntzazko funtzioa): «lapitzari esaten ziotek arkatza», «Idatzi zerari... eskribitzeari esaten ziotek».

        Hizkuntza erabiltzeko mailak ere (naturala ta artifiziala) berehalaxe ikusten dira texto hortan. Hara:

        1) Familiakoen artean edo lagunen edo ezagunen artean erabiltzen den elkarrizketa mailako euskara bizi indartsu adierazkor herrikoia darabil batzutan Lizardik: a) Hikako aditzak erabiltzean: «goxoa oi dek», «argiago ziruditek», «ibili zebiltzak», «gogortua ago», «erruki aut», «etzak parrerik egin»... b) Esakeretan: «Zakurraren ipurdira biali bear izan diat», «arentzako ainbat pixa-oial sortzerik ezpaitago», «beti lerde-jario», «eskuak eta ipurdiak», «arranoak ez badu»... d) «Fonologiatik kanpo» dagoen haur hizkuntza berezia erabiltzean: «Dixona iratzi: anttak e baritu»... e) Diminutiboetan: «aurpegi biribiltxoan», «tatartxoa izanagatik», «gizontxoa»... f) Hotsitzetan: «Tún-pa tún-pa tún», «tottel-motelko», «dunbateko», «kazkarreko»...

        2) Herri maila hortatik sorturiko goimailako literatura hizkuntza ere ba darabil Lizardik: a) Literatura adierazpidez baliatzen denean (laster ikusiko ditugu zeintzuk diren). Elkarrizketako zabarkeriarik ez erabiltzean: «adiskide» (ta ez «aiskide», «orain» (ta ez «oain» ), «gutxiagokoa» (ta ez «gutxigokoa»)... d) Mitologiako, historiako, herri-jakintzako... kulturgaiak erabiltzean: «Tolosako iñauterietako joaldi zoro aietarik bat joaz», «berak dakian xoko batera» (Elizanbururen Besta biaramuna-ko «berak dakiten xoko batian» eratuz)... e) Herrian gutxi erabili ohi diren hitz berri edo kultoak erabiltzean: «egutegia» (kalendarioa), «esperanto-modu bat», «gozo-ontzi», «ginbail» (sonbrero), «ertilari» (artista) «bailerion» (dariola balu bezala), «iraultzearrenean» (irauli aginean), «gaurkoxe» (gaur gaurko)... f ) Adierazkor funtzioaren ugaritasunean: «ibilli zebiltzak», «muxugorri begibeltx», «xudur-piporta», «neska gaxoa»... g) Hitz joko ta joskera berriak sortzean: «gaizto-irri», «yaramon-eske», «...antta» samurtu. Samurtu dek ertilaria ere», «elkarren eskera ta elkarri eskainka», «iraultze-arrenean yarriz» eta abar.

        Literatura hizkuntza horren expresio formarik behinenak ere (deskripzioa ta narrazioa) maisuki moldaturik agertzen dira Etxe-barne bizia-n; inpresionisten erara moldaturik, bere olerkietan bezalaxe.

        Manet-ek eta Renoir-ek pinturan, Debussy-k eta Falla-k musikan, Maeterlinck-ek, Mallarmé-k eta «Clarín»-ek literaturan, banaka, isolaturik jarritako pintzeladen, akordeen eta hizkuntz elementuen bitartez kuadruari, sinfoniari ta idazlanari barneinpresio bat sortzen duen forma bat, osotasun bat ematen diote beste inpresionista askoren antzera. Berdintsu egiten du Lizardik ere, sentiberatasuna adierazten duten hitzak, diminutibo hizkiak, bustidurak, galderak, exklamazioak... isolaturik pilakatuz, kolore mantxa ta akordeen antzera: «gaxoa», «mutiko», «neskatxa gazteentzako bigunbera samarra», «gizontxoa», «barexeagoa», «muxugorri begibeltx», «Erruki aut, gizona!», «O! atsegin zeok», «Ik ulertu al diok?», «koxkor oiek bein ere ez azitzea nai nikek!»... eta abar. Baina banan azter ditzagun deskripzioa ta narrazioa.

        1) Lehenengo ta bat, deskripzio mueta berezi bat agiri da Lizardiren texto hontan, euskal olerkietan eta prosan gutxitan ikusi ohi dugun deskripzio mueta: literatura argazkia. Hona hemen Oihenarteren olerkietatik eta Daskonagerreren Ateka gaitzeko oihartzunak nobelatik (lehen euskal nobelatik) jasoriko bi adibide:

 

                «Izena du Graziana

                graziaz bet'izana;

                dihulatez neroske

                harzaz maitatu izana.

 

                Ezta gupi, ez zeihar, ez,

                bana xuxen bizkarrez,

                zehe-batez lait-izar

                gerri hori meharrez.

 

                Adats ikustekoa,

                aztaleranokoa,

                leunez, baitare mehez,

                zetaren gainekoa.

 

                Ederrenen bardina

                (ezpadohat'aintzina)

                da begitartez, eta

                diskret oboro ezina.

 

                Ahoño, mihi ozena,

                hortzik den aratzena,

                begi bizi, so hutsaz

                maitarazi diroena.

 

                Lepo arrai miratzeko,

                goxo besarkatzeko,

                bolarr'ask'ilunbean

                argi zerbitzatzeko.

 

                Oina, kaizuz, nolako?

                Ikusten gogarako:

                ukaraia, besoa,

                aran-lil'itxurako.

 

                Esku eta zango biak

                xuri bezain guriak,

                eri mehe, gaineti

                zilarztatu iduriak».

 

 

        «Huna euskaldun gizon gaztea: ederra da kantarben seme guziak bezala; gapelu erdin bat dauka buruan, erdi eroria eskuineko beharrirat; maipolisa sorbalda batean, gorputza lixto eta xuxen gerriko batez inguratua; soineko atorra elurra baizen xuria du; birazka zilarrezko botoinek dauzkate haren atorra mahukak eta batek fola; zangotan espartiñak gurutzekara zinta gorriak amarratuak; makila bat eskuan dabilka, noizetik noizerat itzulikatuz Tambour-major bekokiarekin».

 

        Euskal idazleok egin dituzten bezala, literatura argazki batzuk egin ditu Lizardik ere. «Emaztea ta guziak onik gaudela esatea atsegin zaidak. Nere koxkorrak ezagutzen ez ditukela-ta aien argazki (erretratu) bat eskatzen didak. Ni ortan, orde, zabar-samarra nauk, eta erretratuz etxeon ez gatxeok orrein ornituak. Baña, dana dala, eure begiz nexka-mutikook ezagutu bitarteko, neronek egingo diat, nere eskuz, argazki...ta, ia zine ere esateko natxegok: "etxe-barne bizi" bat egingo diat, erderaz bodegón viviente esango ba-genduke bezala. Bart-arratseko ordu-erditxo bat dibujatuko diat...». (X. Lizardi, Itz-lauz, San Sebastián, 1972, 16. orr.).

        Lehen esan bezala, inpresionisten erara egiten ditu Lizardik literatura argazkiak, kolore mantxa bizi isolatu adierazgarriz. Ikus ditzagun, banan banan, literatura argazkiok:

        a) Seme zaharrenarena: «dagoaneko begi-aurrean diagu nere mutiko zaarrena», «bost bat urte dizkik», «galderaz josiko natxiok», «bere txotxolo arpegi ta guzi, au etxean dagon arte pakerik ez dago», «mutiko ttentte, xurigorri, piña diat; begiak, aundi, gozo, pakezkoak dizkik: arkume otxanarenak bezain... Baña, itxuraz bestez, eziñegon urduria dek. Aren aldamenean iñor etzegokek geldirik».

        b) Bigarren semearena: «ikusak bigarrena. Mutikoa au ere. Arako muxu orri begibeltx ura dek. Begira akiok: aurpegi biribiltxoan, bi kilker diruditela zeuzkak begiak, kantari. Au barexeagoa dek bestea baiño, zalaparta gutxiagokoa. Bere buruaz jolasten bazekik, eta ez dik ori jakite makala», «tatartxoa izanagatik, erroen biurri-antxak eta ibilkera aundizkoak alako gizon-tankera ematen ziotek. Tottelmoteltxoa mintzoz».

        d) Alabarena: «danetan biurriena: neska, alabearrez...», «begiaundi, xudur-piporta, gaixto-irri zetorrek, oi bezala, arentzako ainbat pixa-oil sortzerik ezpaitago kristau etxeetan», «esperanto-modu bat asmatua dik, eta arekin aritzen dek», «gozo-ontzitik azukre-koxkor bat atera ta eman izan ez banio, aundia gerta zitekean gure etxean!», «arrapatzen nauen bakoitzeko eginbearra diat ori».

        e) Hirugarren semearena: «Azkenik, seaskan esna, guzion jardun eta ots arteon, beti parre-antza, beti jaramon eske, beti lerde-jario, ta beti titirako pronto, or zeok aurtxoena; gure begi-alai, buruzuri txikia: urte-erdi doi-doi betetako gizontxoa».

        2) Nahiz eta deskripzio berezi horiek agertu, narrazio bat da, gehien batean, Lizardiren Etxe-barne bizia, fikziozko edo benetako adiskide bati egindako kontaketa idatzia. Deskripzioa narrazioaren osagarri bat da, kontaketaren argigarri.

        Lizardiren denborako pelikula mutu baten sekuentzia bat dirudi Etxe-barne bizia-k (Charlie Chaplin-en pelikularen batena, esate baterako). Lizardi ta beronen adiskidea sekuentzia hori ikusten daude, ta Lizardik, «of»ean dagoen ahots bezala, azaldu egiten dio adiskideari. «Ia zine ere esateko natxegok». Hona hemen zer ikusten den sekuentzia horren hasieran: Lizardiren etxeko atari iluna ikusten da babazuza zaparradaren artetik. Etxe barruko suaren garrak argitu egiten du leihoa, ta leihotik Lizardi ta bere seme-alabak ikusten dira. Alki batera igo, egutegiari eguna kendu ta Lizardirengana doa semerik zaharrena. Zerbait esaten ari zaio...

        Hona hemen zer esaten duen, bien bitartean, Lizardik: «Atarian illun, ta leioan txingor ttunttun-otsa diranean, goxoa oi dek etxeko sutondoa. Ala bart, gurean. Ta, etxebarrutik aur-zarata balebil, areago; ordun, adiskide, suaren garrak argiago ziruditek; dardara giarragoz ibilli zebiltzak, goia miaztu bearka... I mutilzar gogortua ago, ta ez bide dek azken ori sinisten. Erruki aut, gizona! Etzak parrerik egin. Baiña, itxon orain: dagoaneko begi-aurrean diagu nere mutiko zaarrena. Bost bat urte dizkik. Alki batera igo, egutegiari eguna kendu, ta bazetorkidak. Galderaz josiko natxiok... ea an zer jartzen duan; ea zergatik ura jartzen duan; ea zertarako jarri duan ura, ura jarri duanak; ea urrengo eguna igandea dan, ta ea zergatik igande ta ez ostiral; ea zenbat lo eginda sartuko dan Orrilla...».

        Narradore baten kontaketa bat da Etxe-barne bizia. Baina, hala ere, elkarrizketa kutsua du narrazioak: a) Bigarren pertsonan egina delako gehien batean (Lizardi ta bere adiskidearen arteko elkarrizketa bat balitz bezala): «badakik zein esaten dedan», «Porkuantobós, esango ukek ik», «Ik ulertu al diok?», «Esan diat»... b) Gainera, zuzenetara edo zeharretara, elkarrizketa batzuk (Lizardi ta bere umeen artekoak) aipatzen direlako: «ala ziok: —Aita! Dixona iratzi: anttak e baritu...», «Galderaz josiko natxiok... ea an zer jartzen duan; ea zergatik ura jartzen duan; ea zertarako jarri duan ura, ura jarri duanak; ea urrengo eguna igandea dan», «ixo, gazteok».

        Elkarrizketa kutsua duen bakarrizketa luze hortan, gainera, narradoreak bere artean egiten duen bakarrizketa bat ere agertzen da: «nere buruari ala nitxion: —Ta, alaz guziaz ere, koxkor oiek bein ere ez azitzea nai nikek! Nere esku balego, gurasook zaartu arren, oiei gaurkoxe tamañan eutsi nai nitxiotekek...».

        Bai deskripzioan eta bai narrazioan, inportantzia handia du hitzen hautaketak.

        Deskripzioan (izakien egoera leku batean) sustantibo eta honen inguruan doazen izenlagun kalifikatzaile adierazgarriak, konparazioak eta esaldi enuntziatiboak dute inportantziarik handiena. Begira nola aukeratzen dituen Lizardik: «Atarian ilun, ta leioan...», «etxeko sutondoa», «Arako muxugorri begibeltx ura dek», «aurpegi biribiltxoan, bi kilker diruditela zeuzkak begiak, kantari...», «mutiko tente...», «eziñegon urduria dek», «or zegok aurtxoena».

        Narrazioan (izakien ekintza aldi batean) aditzak du inportantziarik handiena. Eta orain aldian idazteak, lehenengo ta behin, gaurkotasun bat ematen dio narrazioari, narradorea eta irakurlea denbora batean jarriz: «dagoaneko begi-aurrean diagu nere mutiko zaarrena», «ikusak bigarrena», «oraintxe zutitu dek», «gizon-tankera parregarri ematen ziotek», «gaizto-irri zetorrek»... Lehen gertaturiko gauza bat azaltzen ari da Lizardi, «bart-arratseko ordu-erditxo bat». Eta, jakina, lehen aldian idatzirik dago Etxe-barne bizia, kontaketarik gehienetako antzera: «Ala (izan zen) bart, gurean», «ots berezia aguro asi uan», «zuzendu nizkian danak sukalderuntz», «oeratu ziranean», «epai-ondorengoa zirudiken», «ixillik geundela», «nere buruari ala nitxion». Baina hasieran eta amaieran bakarrik darabil lehen aldia, kuadruaren marko bezala, narrazioa bere aldian eta lekuan jartzeko bakarrik. Erdian, gehienean, orain aldia darabil (presente historikoa) lehena oraingotuz ta narrazioari aparteko bizitasun ta bizkortasun bat emanez. Gainera, haurren ezmegonari dagokion bizitasuna ta bizkortasuna adierazteko, mugimenduko aditzak aukeratzen ditu: «ibilli zebiltzak», «bazetorkidak», «an ziak orain», «begira akiok», «marrezka ziarduk», «oraintxe zutitu dek», «ingia eskuan dakardala», «emen zetorrek», «eldu zidak», «or ziyoakiok», «bota ditek»... Eta bigarren pertsona erabiliz, irakurlea bera ere bereganatu, narrazioratu egiten du Lizardik.

        Hasieran esandakoa berriz esanez, hizkuntzaren funtzioak (adierazkor funtzioa, erakuspen funtzioa, dei funtzioa, lotura funtzioa, estetika funtzioa, metahizkuntzazko funtzioa), hizkuntza erabiltzeko mailak (naturala ta artifiziala), hizkuntzaren expresio formak (deskripzioa, narrazioa, elkarrizketa, bakarrizketa) eta adierazpideak aztertzeko ta ikasteko berebizikoa dela esan behar Lizardiren texto hau. Goazen, ba, azkenik, adierazpideak aztertzera.

        Beharrezko ez diren adierazle guztiak kenduz, elipsisa da Lizardik (Lizardi inpresionistak) gehien darabilen adierazpidea. Bizkortasuna ematen dio elipsisak komunikazioari eta ahoz-ahozko hizketaren arintasuna ta bizitasuna. Gainera, bat-bateko sentimendu bizi, sakon eta azkarraren expresiobideak ez luzatzeko ere berebizikoa da elipsisa.

        Esaldien elipsisa ikusten dugu berehalaxe Etxe-barne bizia-n, eta etendura puntuen bitartez adierazten du hori Lizardik: «goia miazkatu-bearka...», «tarápata túuun-ta...», «argatik argibideok...», «euskal-ikastolara dabiltzanez gero!...», «anttak e baritu!...», «arkume otxanarenak bezain...», «nexka alabearrez...», «berak dakian xoko batera...», «aundia gerta zitekekan gure etxean!...», «neskatxa gazteentzako bigunbera-samarra nindukan...», «gure pakea!...». Ahoz-ahozko elkarrizketetan gertatzen den bezalaxe ederki aditzen dira falta diren esaldiak ta ohi ez bezalako bizitasun bat hartzen du horrela narrazioak.

        Beste alde batetik, esaldi nagusi ta menperatuen atxikidura, kateamendu ta luzamendua ere eten egiten du Lizardik lotura hizkien elipsisaz esaldi luzeak zatikatuz ta puntu artean edo puntu ta koma artean esaldi laburrok jarriz: «Ikusi bezela, mutiko ttentte, xurigorri, piña diat; begiak aundi, gozo, pakezkoak dizkik: arkume otxanarenak bezain... Baña, itxuraz-bestez, eziñegon urduria dek. Aren aldamenean, iñor etzegokek geldirik», «Bazetorkidak, eta berriketa luze bat egin zidak. Ik ulertu al diok? Nik ere ez. Esperanto-modu bat asmatua dik, eta arekin aritzen dek». Aditzen elipsisa ere askotan nabari da: «Ala bart, gurean», «Luzaroko ez, noski», «Mutikoa, au ere», «Nik ere ez», «gure pakea!...». Nire ustez, elipsis hauetan datza, batez ere, Lizardiren prosaren berezitasuna.

        Anafora edo errepetizioz ere baliatzen da Lizardi zerbait argiago adierazi nahi duenean, seme baten ekina, esate baterako: «Galderaz josiko natxiok... ea an zer jartzen duen; ea zergatik ura jartzen duan; ea zertarako jarri duan ura, ura jarri duanak; ea urrengo eguna igandea dan, ta ea zergatik igande ta ez ostiral; ea zenbat lo eginda sartuko dan...». Edo seme baten izakera berdintsua adierazteko ere anaforaz baliatzen da: «beti parre-antza, beti yaramon-eske, beti lerdeyario, ta beti titirako pronto...».

        Konparazioak eta metaforak ere behin eta berriz erabiltzen ditu Lizardik deskripzioa edo narrazioa argitasunez eta kolorez jazteko: «bi kilker diruditela zeuzkak begiak», «erroen biurri-antxak eta ibilkera aundizkoak alako gizon-tankera parregarria ematen ziotek», «arkume otxanarenak bezain...», «esperanto-modu bat asmatua dik», «mutilletan ere, neskatxa gazteentzako bigunbera-samarra nindukan...», «estea sabeletik xintxilika bai'lerion», «eskuak eta ipurdiak, elkarrekikoan, oi duen ots berezia ere», «Yosapat-zelaiean epai-ondorengoa zirudiken», «txingor ttunttun-otsa», «leen-erauntsiaren oroitzez».

        Haurrei buruzko narrazioei dagozkien bezala, bustidura ta diminutibo adierazkorrak ere erruz erabiltzen ditu Lizardik. Hona hemen bustidura adierazkorrak: «ttunttun-otsa», «muxugorri begibeltx», «biurri-antxak», «mutiko ttentte, xurigorri», «otxanarenak», «xudur-piporta, gaixto-irri», «nexka gaxoa». Eta hona hemen diminutibo adierazkorrak: «mutiko», «biribiltxoan», «barexeago», «tatartxoa», «azukre-koxkor bat», «neskatxa», «aurtxoena», «gizontxoa», «gaurkoxe».

        Deklinabideko plural hurbil adierazkorra ere beste askok ez bezala darabil Lizardik, gertaera ta kontaketa hurbilduz: «argatik argibideok», «atsegin zeok umeokin», «ixo, gazteok», «guzion yardun ta ots artean», «artean aundiok», «gurasook zaartu arren».

        Eta, azkenez, Txomin Agirreri buruz esandakoa esan behar Lizardiren joskerari buruz ere, hau da, ondo ta oso naturalki betetzen dituela Seber Altubek jarritako joskera legeak. Ikus: M. Zarate, Euskal literatura (Azterbideak, Azterketak, Aztergaiak), Bilbao, 1977, 29. Orr.).

        Imitagarria benetan Lizardiren prosa!

 

[1] «Lizardi», Itz-lauz, San Sebastián, 1972, 15-19. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura II / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia