F. Bilbao, hizkuntza biziaren gatza

 

        «Idazteak bereztasuna eskatzen du, etorria, jarioa, eta orretarako izkuntza biziaren ondorea izan bear du, ezpaiñetan darabilgun izkeraren ume. Euskeraz itzegin lehenbizi, eta idaztea gaiñeko zerbait bezala izan dadilla. Baiña itzegiten dugunetik idazten dugunera alde ikaragarria badago, edo idatzi bai eta itzegin ez egiten badugu, orrela gure literaturari benetako jatortasun ori kentzen diogu. Gezurrezko zerbait billakatzen da. Ezta jator, ezta autentiko». (L. Villasante, Bizitzatik urbil, IV. EUSKERAn, Bilbao, 1959, 111. orr.).

        «Gure erriko berbetearen mardoa ikusi ta ikusi gura badozu, emen egin daikezu ondoen, ispillu baten legez. Euskaldun askoren aotan, euskerea ez ete doa gaur makalduaz, zimelduaz, kolorea galduaz, gaza-geldo-motx eta indar barik geldituaz? Benetako euskaldun osoaren berbeteak zelako giarra ta mamin gizena daukon jakiteko, libru gitxi topauko dozu au baiño egokiagorik». (L. Villasante, F. Bilbao-ren Ipuin-barreka liburuaren hitzaurrean, Bilbao, 1959, 8. orr.).

        Villasantek esana betez, herriko hizkuntza bizia ta herriko hizkuntza biziaren gatza libururatu du Felix Bilbaok. Ikus dezagun.

 

        Ezkontza-auste bat

 

        Bazan ba matrakia etxe aretan! Mutillek! Auzoko txakur eta katu guztiak alkarren kontra asita be, eztot uste Lorentzorenean izaten zan baiño zarata aundiagorik atarako leukienik.

        Familia izango ebela ugaria? Ez, irakurle. Ez euken semerik bat bera be. Lorentzo ta Toribi zirean guzti onen egille. Senar-emazteok, ezkondu zireanetik, ez dakit bakezko egun bat igaro ebenik. Joseuss! A zan eztabaida ta errierta eginbearra! Egunean ordu pare bat igaroko eben, gitxienez, alkarri trapuzar eta zer esan guztiak arpegira botaten. Lorentzok Toribigaitik ganora ta ardura bako alpertzat bat zala. Toribik Lorentzori diru-galtzaille, mozkorti galdu bat zala...

        Bestaldeko Paulak-eta baeuken konziertu ta musikarik asko joandako urtietan. Ia gogait eginda be baegozan-da.


* * *


        Paula-ta gogaituta beraz? Geiagotxuago egoezan gure matrakalariok. Baten baiño sarriago emon eutsen gogoak bestala biziko zireala bakoitxa bere bidetik, ezkontza ausita. Nork, baiña, orrenbesterako bularrik? Etzirean ausartuten. Baiña egunean baiño egunean eztabaida ta matraka gogorragoak eukezan-da, azkenean, bai. Nai ta mundu guztiak jakin bear izan, ezkontzea ausi ta bakoitxa bere bidetik joateko burubidea artu eben.

        Ta nola joango zirean ba ezkontza-austearen billa? Abadearengana, jakina. Irribarrez artu ebazan Don Pedrok.

        —Ezkontzearen austea nai dozue orduan?

        —Bai, Jauna. Ezkondu ginduzan legez, eskontzea ausiteko almena be badaukala Berrorek entzun dogu-ta.

        —Ez zarie zoriontsu alkarren laguntasunean?

        —Zoriontsu? Inpernuko demoniñoak geiago jakoz, Jauna.

        Ta Lotentzo asi jakon emaztearen «birtuteak» azalduten. Toribi mutik geratu? Bai ondo be! Laster itxiko eban narru gorrian Lorentzo gizajoa, Don Pedtok, berbia artuta, ixildu ezpaebazan:

        —Ondo dago, ondo dago, ene semiok: biok dozue arrazoirik naiko. Ondo baiño obeto egin dozue ezkontza ausitera etorteagaz. Eleizpera joan-da, an itxaron eidazue apur baten. Laster joango naiatzue.

        Don Pedtoren berba oneik oso poztu ebezan gure Lorentzo ta Toribi. Alkarregazko askatasuna! Olako zorionik!

        Abadeak esan eutsenez, eleizpera joanda, alkarren ondoan belaunikatu zirean, ezkondu zirean egunean lez. Etorri litekean Don Pedro ezkontza-austea egitera.

        Etorri be baetorren ba! Eleiz-jantzi ederrez eta ospatsu etorri be. Sakristaua ekarran aurretik kurutzeagaz. Alboan mutiltxu bi argi banagaz. Ta berak eskuetan liburu bat, ur bedeinkatu-ontzia ta isopua ekarzan.

        Eleizpera etorkeran Don Pedro ikusi bazendun, irakurle, zeuk be txapela kendu ezeze, errespetoz belaunak lurrean jarri be egingo zenduzala ziur nago. Baiña eleizpe atan egonda, Don Pedroren burutaziñoak ezagutu bazenduzan, barre-zantzoa ugari izango zendualakoan be banago.

        Ezkontzako Sakramentua ausi? Lorentzo ta Toribi, buztarrian dagozan idi bi legez, askatu? Bai ondo be! Ezkontzako Sagramentua olgeta bat da-ta! Leziño on baten bearra euken areik, ez besterik.

        Ta ez ardurarik izan, irakurle. Beingoan artuko eben Don Pedroren eskuetatik.

        Sakristaua kurutzeagaz aurrean ta mutiltxoak ondoan ebazalarik, Gotzai Jaun batek baiño be ospatsuagoki emon eutsan asikeria funtziñoari Don Pedrok: «In nomine Patris, et Filii...». Gero, eleiz liburua idigita, marmarozka, latiñezko zeozer irakurten ebalakoa egin eban, minutu bi inguruan edo. Otoitzak amaitu ebazanean berbalditxo bat be egin eutsen orren burubide ona artu ebela-ta zorionak emonaz. Eta orain etorren ezkontza austeko zeremoni edo egin bearrekoa. Eleiz-liburuak ez ekarrela? Neu be orretan nago. Baiña Don Pedrori ez eutsan obeagorik buruak emon. Zer ete zan berau? Eleizpe atan egon baziñan, irakurle!

        Don Pedrok busti eban isopua ur bedeinkatu ontzian, eta «Ez zaitez bildurtu, Lorentzo; ez da ezer: bedeinkaziñotxu bat...», kaska! emon eutsan buruan isopuagaz. Gero, barriro isopua ur-bedeinkatuan bustita, beste kaskarreko bat Toribiri. Gero, barriro Lorentzori. Urrengo Toribiri. Oneri bat, orreri beste bat, geroago eta abiada eta indar aundiagoz, kiska ta kaska, jo ta ke... Ene mutillek! Zelako bedeinkaziñoak zirean eurok! Burua erdibitu bear eutsen-da.

        Ta zer? Don Pedro gelditu? Baita zera be! Bere egin bearrari leña ekion: kiski ta kaska, emonalean...

        —Jauna, baiña noiz amaituko dau Berorrek ezkontza-auste au?

        —Ai seme-alabatxuok! Min artuten dozue? Ondiño iraungo dau ba apurtxo baten.

        Ta larregi be bazala? Neuk be alan uste dot, irakurle. Baiña Don Pedro ezan, antza, gure iritxikoa: kaskarrekoka jarraitu eban, senar-emazteeri negar eragiteragiño ta geiagotxuago be bai.

        —Ai ene, ai! Don Pedro: amaitu bei ainbat ariñen funtziñoa. Ai, ai, ai!...

        —Min artuten dozue orduan? Jakin eidazue ba, enetxuok, jakin bein betiko: Ezkontza ezin ausi daiteke arik eta biotatik bat il arte.

        —Ezkontza austeko biotarik bat il bear? Eleiz-funtziño au orren gogorra bada, oba dogu, Toribi, etxera joanda, ezkondu giñanean agindu genduanez, bakean eta luzaro bizi.

        —Goazen, Lorentzo, goazen ainbat ariñen!

        —Bai, seme-alabatxuok: olan egiten badozue, bizitza onetakoa, ta gero inpernua be aldenduko dozue zuekandik. Ta zerua lortu be bai, enetxuok!


* * *


        Arrezkeroztik Paula bestaldekoak-eta, ez eben denpora askorik igaro Lorentzoneko matrakak entzuten. Senar-emazteok ondo ikasi eben, antza, Don Pedroren leziñoa. [1]

 

        Herritik jasoriko ipuin bat dugu hau. Hain zuzen ere, Behe-Nafarroako Aezkoan entzun zuen Resurrección Maria de Azkuek, Iriberriko Maximino Iziz-en ahotik. Hara nola:

 

        Bi Oroz-Betelutar, zenbait urtetan ezkonduik zaudenak, elkarrekin ezin biziz, artsalde apal batez, ilun nabarrean, beren apez yaunarengana fan zire, gau erranez:

        —Jauna, zuk elizaz ezkondu gindituzun bezala, gure ezkontza laxatu ta autsi daukezula xakin dugu. Gau egin balin bada, elkarrengandik lekutu ta berez bizi nai ginduke.

        —Ez al duzie bakerik elkarren artean?

        —Bakea? Infernuan bezalatsukoa dugu. Apezak, irria ezpainetan zuela.

        —Bai, ene maiteak, —erran zakote— orain infernuan bezala bizitzekoz ta zauren samurtasun ta asarrekin infernua geroko irabaztekoz obe duzue ezkontza len baino len autsi.

        Etorri zitezte biar mezara, ezkontza goizean bezala ta eliza-atarian egon. Nik bear direnak einen ditut.

        Biramun goizean, meza-ezkilak xo zuenean, ezkondu gaiek beren aide-aixkidekin eliza-atarira bildu zire. Apeza, tresna ederrak xantzirik, eliz-mutila, gurutzearekin aitzinean zuela, agertu ze: baita, bi ezkonduak bere ondoan belaunikarazirik, asi ere egin ze marmarozka liburutik latinez leitzen zuelakoan ta berealaxe gizonari buruan eman zako isipuaz kaska..., geroxeago emazteari bertze bat. Kaskak azkar ta usutzen asi zirenean, nigarrez senar-emazteak galde egin zute:

        —Gure ezkontzaren laxatzeko otoitz goiek anitz iraunen al dute?

        —Nik au baizik eztakit bertzerik: bietatik bat ilartio ezkontzak iraunen duela.

        —Goazen bada etxera ta ezkondu ginenean itz eman bezala, bakean ta luzaro bizi giten —erran zako emazteari senarrak.

        —Gori einez kenduko duzue orai ta geroko infernua.

        Au erran ta apeza eleizara mezaren erratera sartu ze.

(R. M.ª de Azkue,

Euskalerriaren yakintza (Literatura popular del País Vasco),

2. tomoa, 1942, 401 orr.).

 

        Zer egin dio Bilbaok ipuin horri? Eraberritu ta apaindu, baserri zahar bat egiten den antzera. Berriztatzaileak berak dioskunez; «...on dagitsuela nire irudimenak orniduriko ipuiñok. Zeuretzat idatzi dodaz. Maitekiro, joranez. Batzuk neure burutik atarata. Geienak, gaiez, or-andik artuta». (F. Bilbao, Ipuin-barreka, Bilbao, 1959, 10. orr.).

        Ipuin orijinalaren egitura ez du funtsean aldatu, baina sarrera berri bat jarri dio eta epilogotxo bat ere bai. Bat-bateko sarrera bizi koloretsu ta indartsu hori «captatio benevolentiae» egoki bat da.

        Ipuin orijinala hirugarren pertsonan idatzita dago, elkarrizketak izan ezik, jakina. Ipuin berriztatua, ostera, lehenengo, bigarren eta hirugarren pertsonan idatzita dago eta elkarrizketak ere luzeagoak ditu. Ahoz-ahozko kontaketetan egin ohi den antzera, irakurleari berari egiten dio hitz narradoreak, narrazioa eten antzera eginez eta narradorea ta irakurlea elkarganatuz: «Eleizpera etorkeran Don Pedro ikusi bazendun, irakurle...», «Eleizpe atan egon baziñan, irakurle!»... Lehenengo pertsona darabilenean ere, ahoz-ahozko kontaketa batean egiten den antzera, gogoeta labur eta biziak egiteko darabil, kontaketari elkarrizketa kutsua emanez: «ez dakit bakezko egun bat igaro ebenik», «ziur nago», «neu be onetan nago», «neuk be alan uste dot, irakurle. Baiña Don Pedro ezan, antza, gure iritxikoa».

        Gainera, zehaztu, konkretatu, egiten du Bilbaok ipuin orijinala, pertsonaiei izenak ezarriz, lehenagoko baserritarren ohitura bati dagokionez, hau da, jaiotegunean egutegian agertzen zen izena jartzea umeari: Lorentzo, Toribi, Paula...

        Senar-emazteen egoera ta ezkontza haustea bera ere askoz hobeto lekutu ta egokiagotu du Bilbaok, eta narrazio denbora luzatu ta gertaera denbora laburtu egin du (orijinalean bi egun, ordubete edo Bilbaoarenean). Gertaera denbora eta narrazio denbora zer diren hobeki ulertzeko, ikus liburu hontan berton: Txillardegi, hiriko bizkuntzaren eragile.

        Esanak esan, hala ere, Bilbaoren ipuinaren baliorik handiena beste orrazketa edo apainketa batean datza.

 

        Nun dago ba ipuin oneen balioa? Nere ustez, izkerearen jatortasunean. Izkera arraia, bizkorra, bizi-bizia ta biurri-antzekoa dabe. Bizkaiko euskerearen una ta mamiña erakusten deuskuela esango neuke. Alkar izketean batez be, zelako bizitasuna, eta zelako esaerak, erriko berbetearen kolore guztiekaz jantziak!

        Gaia beste nunundik artu dabenean be, bere modura egosten daki, eta soiñekoa barriztauta urteten dau bere eskuetatik.

        Nik eztakit zergaitik dan, baiña Bizkaiko euskereak badau grazia berezi bat ipuiñetarako. Beste eskualdeetakoak be gogo onez autortuten dabe au. Baditu gure euskalkiak urtenaldi biurriak, esaldi bizkor eta sarkorrak, besteetan billatzen ez direan bezelakoak. Eta ganera, Kirikiño aundiaren lana dau gure euskereak; bearbada, oneri zor deutsa bizkaiereak bere fama au.

(L. Villasante,

F. Bilbaoren Ipuin-barreka

liburuaren itzaurrean, 6. ta 7. orr.).

 

        Lehenengo ta bat, euskaldun jatorrek behin eta berriz esan ohi duten legez (eta gure «euskal erdaraz» esaten dogun ya legez) baiezko esaldietan hainbeste ba erabiltzeak ematen dio aparteko gatz eta jatortasun bat Bilbaoren euskarari: «Bazan ba matrakia etxe aretan!», «baeuken konziertu ta musikarik asko», «ia gogait eginda be baegozan-da», «almena be badaukala Berorrek entzun dogu-ta», «baetorren ba», «barre-zantzoa ugari izango zendualakoan be banago», «larregi be bazala».

        Bigarren, hainbeste aldiz be (ere) erabiltzeak ere, herriko hizketa biziaren aparteko gatz eta jatortasuna ematen dio: «Ia gogait eginda be baegozan-da», «bai ondo be!», «Etorri be baetorren ba! Eleiz-jantzi ederrez eta ospatsu etorri be», «zeuk be txapela kendu ezeze, errespetoz belaunak lurrean jarri be egingo zenduzala...», «baita zera be!», «geroko inpernua be aldenduko dozue zuekandik. Ta zerua lortu be bai».

        Hirugarren, euskaldun jatorrek beren hizketetan erabiltzen duten bezala partitiboa erabiltzeak: «eztot uste Lorentzorenean izaten zan baiño zarata aundiagorik atarako leukienik», «ez euken semerik», «konziertu ta musikarik asko», «olako zorionik!», «ez besterik», «mutiltxoak ondoan ebazalarik», «ez eutsan obeagorik buruak emon», «ez eben denpora askorik igaro», «biok dozue arrazoirik naiko».

        Laugarren, diminutibo adierazkorrak erabiltzeak: «Geiagotxuago egoezan gure matrakalariok», «mutiltxoak ondoan», «berbalditxo bat be egin eutsen», «bedeinkaziñotxu bat», «ai seme-alabatxuok!», «geiagotxuago be bai», «enetxuok», «ondiño iraungo dau ba apurtxo baten».

        Bosgarren, bizkaieraz hain sarri erabiltzen den plural hurbila erabiltzeak: «senar-emazteok», «gure matrakalariok», «ene semiok», «biotatik», «biok dozue», «ai seme-alabatxuok!», «enetxuok».

        Seigarren, hainbeste herri-esaeraz narrazioa josteak: «egunean baiño egunean», «laster itxiko eban narru gorrian», «ondo baiño obeto», «etorri be baetorren», «zeozer irakurten ebalakoa egin eban», «buruak emon», «ez zaitez bildurtu», «kaskarreko bat», «Lorentzorenean», «Paulak-ta», «leña ekion», «emonalean», «min artuten dozue», «kaskarrekoka», «ainbat ariñen», «bein betiko», «orren gogorra bada», «jo ta ke».

        Eta zazpigarren, galderak, exklamazioak eta hotsitzak ere, hizkuntza biziaren aparteko gatz eta jatortasuna ematen diote Bilbaoren euskarari: «Mutillek!», «Joseuss!», «Paula-ta gogaituta beraz?», «Nork, baiña, orrenbesterako bularrik?», «Ta nora joango zirean ba ezkontza austearen billa?», «zoriontsu?», «Toribi mutik geratu? Bai ondo be!», «alkarregazko askatasuna!», «Ezkontzako Sakramentua olgeta bat da-ta!», «Zer ete zan berau?», «kaska!», «kiski ta kaska», «ene mutillek!», «ta zer?», «baita zera be!», «ai ene, ai!».

        Ba ditu «hutsak» ere Felix Bilbaok, deklinabide ta aditz aldetik batez ere. Baina «huts biziak», herriarenak dira, hizkuntza benetako komunikabide bezala erabiltzen duen herriarenak. Eta «geroago ta ziurrago nago erririk barik euskera salbatzerik ez dogula. Errianganako lokarriak apurtzea, akademismu utsezko euskera batera jotea litzake, ta akademismu utsa izango litzake euskeraren eriotza. Bizia bai da izkuntza guztien muiña ta izate guztia. Izkuntzak, izkuntza bezela, ez dau beste zentzunik bizia baiño». (J. San Martin, Zirikadak, Zarautz, 1960, 7. orr.).

 

        [1] Felix Bilbao, Ipuin-barreka, Bilbao, 1959, 145. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura II / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia