Gizartearen karikatura
Hibaiaren hegaletako
haltzak, sahatsak eta
sasi kirikolaztuek
zoroen keinu izugarriak
egiten dizkidate.
Ihauterietako mozorroz
jantzi ditu ur gaixoak
(goitikoz eta behetikoz)
azkenengo euritearen
ondorengo goraldi bulartsuan.
Kosmetiko berri koloretsuz
apaindurik dute zuhaitzek
beren berezko edertasun ederra
(liraintasun klorofilatsua),
gaurko neskatilla lerden
pailazotuen antzera,
gaurko politiko
gezurti batzuk bezala,
gizon desgizatuen gisa,
zeintasunik, zertasunik eta
nortasunik gabe;
eta farregarri ta negargarri
bihurtu zaizkit hibai hegaletako
zuhaitz endakatuok.
Ez dute udaberriko
jantzi dotore loratsurik;
pinturaz eta ikatzez
josiriko jantzi berriak
dituzte soinean,
eta anitz edergailu
(uraren ume galduak)
belarri eta eskuetan,
trapu zaharrez, plastikozko botilaz
papel zaharrez eta gomaz
egindako bitxi nabarmenak
(zibilizazio eta teknikaren
simaur hatsitua, gauzeztana).
Organua jotzen hasi da trumoia;
hibaiaren ondoko lantegiek
intsentsu beltzez lurrinkatzen
dituzte ura eta zuhaitzak;
lainoak negarrez daude;
eta ni hileta kantu bat
kantatzen hasi naiz
haltzen eta sahatsen
eta sasi kirikolaztuen ihauterietako kalejira
itun eta geldi hau
ur gaixoaren
ondoan ikustean. |
© Mikel Zarate