Tinta etsipenez

 

Ezinaren neke beltzez

zazpi eginbehar,

poeta hegada berdez

ametsetan zehar.

 

Eulitxoen kutsadura,

eulitzarren pozoi,

poetaren abiadura

haizetan suminkoi.

 

Irakiten bere harma

sarezko hitzetan,

zuzentasun armiarma

sare hedaketan.

 

Sare inguruan dantzan

mila hegalari,

ehiztarien esperantzan

poeta kantari:

 

«Eulitxo lausengatzaile

zikin higuingarri,

eulitzar zurrupatzaile

zital hondagarri...!»

 

Anitz eulitxo txikiki

urduri sarean,

hiru eulitzar handiki

haiekin batean.

 

Baina altzairuzko ahotsez

eulitzar taldea

ta urrezko hortz zorrotzez

hautsi du sarea.

 

Eulitxo ta eulitzar

dantzan atseginez,

poeta gixaxoak negar

egiten du minez.

 

Ezinaren ezinean

eginbeharrik ez,

poetaren hegatzean

tinta etsipenez.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizipenen bultzadaz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia