Ardiak eta txakurra
Neguko udaberria
udaberriko udaberri bihurtzeko
lehenbiziko ahalegin handia egin zuten
Euskal Herriko 339 apaizei.
Herdoi beltzezko burdin arantza
larre inguruko elorri,
zeru urdinez bero horiska,
larran lur lakarra gorri.
Belar berdeak, belar guriak
erre egin dira, erre,
ta ardi otzanak Patxiren larran
haserre daude, haserre.
Txutxu ta mutxu, ixi ta mixi,
haserrearen beldurra;
gizen ta mizen, lasai ta masai,
aurrean duten txakurra.
Zuri ta gorri, gorri ta zuri,
estukuraren kolore,
beldur itoa leher indartsu...,
berehalaxe adore:
«Ezin gaitezke, ezin honela
hemen bizi, txakur jauna!
Non dira gure eskubideak?
Non gure askatasuna?
Gure artile: esne, haragi
eta bizia ematen...,
eta esparru agortu hontan
egon behar lurra jaten?
Goikoa goian (berezko lege)
behekoen onerako,
ta gu zaintzeko zaude zu goian
ta gure zerbitzurako.»
Ardi larrien min arrenkurak
arretaz ditu hark entzun;
beekariak zaunka isildu
ta «aita bihotzez» erantzun:
«Ardi gaixoak! Zertan zarete
zoroak bezala ari?
Pazientzia! Hortan bai gaude
gure ugazaba ta ni.
Etsaiak daude izkutuan zai,
etsai bihurriak anitz!
Zuen galdua zuekin zuek
zaintzen egongo ez banitz!
Etorriko da gure ugazaba,
berarekin udaberri.
Pazientzia! Gure ugazaba
haserre ez dezagun jarri,
gogorkeriak gogorkeria
berehalaxe bai dakar...»
Ardiak larran, hesi barruan,
isil, geldi, larri, bakar. |
© Mikel Zarate