Etorri egiten zaizkit
Grinaren garraxi larriz
izangokoaren biluztasunean
etortzen den haurra bezala;
forma, usai eta kolorez jantzi nahirik,
argiaren birjintasunean
etortzen den eguna bezala;
irribarre eguzkitsuz
edo negar euritsuz,
ugaritasunaren itxaropenean
etortzen den udaberria bezala...,
etorri egiten zaizkit
olerkiak
etorriaren sabel erdimintsuan.
Etxeko giro maitasuntsuan,
mendiko haizearen altzo dantzarian,
kaleko kutsadura zaratatsuan,
oinez, kotxean, abioian noalarik,
geldi nagoelarik,
gizartearen gutasunean,
bakardadearen nitasunean,
goizaldian,
gauerdian...,
gutxien uste dudanean
etortzen zaizkit
nire giza-muga hertsi
eta kutsatuaren barnera,
babes irritsaren murmur
goxozko liluramenduz.
Eta jantzi egiten ditut nirean
kolore berdez,
laztan xamurrez,
abesti higiduraz...,
jantzi ta apaindu egiten ditut nirean,
astiaren joanean.
Etorri egiten zaizkit olerkiak
niregandu nahirik.
Egin...
ez dut inoiz egin olerkirik. |
© Mikel Zarate