Lanetik kirola

 

Biziminez gogoa,

biziminez ola,

bizimin alai;

mahatsetik ardoa,

lanetik kirola,

langileen jai.

 

Pisu eta trebetasun,

indar eta elkartasun,

sokatiraren poztasun.

 

Gazte, indartsu, trebe,

astuntasunaren garaile

bi harri-jasotzaile.

 

Idiak lagun

ta gizona jaun,

indar froga,

hamabost baietz,

hamasei ezetz,

idiproba.

 

Hasi da

ahari-talka;

aurreraka,

atzeraka,

ahariak taka

eta taka

topaka,

saltuka,

ta jendea

oihuka

ta apustuka.

 

Itsasoaren jolastoki urdin,

arrantzale gazteen ahalegin,

estropaden eder eta atsegin!

 

Pelotarekin txalapartari,

txalapartarekin dantzari,

Euskal Herriko pelotari.

 

Biziminez gogoa,

biziminez ola,

bizimin alai;

mahatsetik ardoa,

lanetik kirola,

langileen jai.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizipenen bultzadaz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia