Migel Perez Jimenez nahi nuke izan
Euskaldun «zaharrei».
Migel Perez nahi nuke izan,
Migel Perez Jimenez,
Migel Perez Jimenez Gonzalez,
Migel Perez Jimenez Gonzalez Lopez
izan nahi nuke
ametsezko mitoen zorabio gaixoa sendatzeko,
Euskal Herria euskaldunez betetzeko,
geu geutasun oso betean izateko.
Nire aitaren eta amaren,
aita eta ama maite-maiteen abizenak
aldatu egin nahi nituzke,
nire euskal deitura sakratuen suntsitzaile bihurtu,
Migel Perez Jimenez izan nahi nuke
Mikel Zarate Lejarraga izan beharrean...,
eta, naizena izanez,
euskaldun eta euskaltzale izanez,
Euskal Herri osora joan nahi nuke
Xabier Artaberen buztin lehor antzua haragitzera,
Altor Goirizelaiaren haragi gris hila biztutzera,
Mikel Pagonabarraga Gerrikaetxebarria Arteagoitia Gabilondo
erdaldun erdaltzale amorratuaren
arrazakeria zantar eta zikinaren
harrokeriazko deiturakeriaren
herensuge beltz luze zahar hondagarriaren
zazpi-buruak ebakitzera
behin betiko. |
© Mikel Zarate