Aranatarren giroa

 

        Len esanda daukagunez, azkenengo karlistada gerratea amaitu ondoren, gure Foruak kendu edo moztu egin euskuezan. Berealaxe, kezka barri bat, ardura barri bat, zaletasun barri bat sortu zan euskaldunen biotzetan: Foruak galdu doguzan ezkero, euskera, beintzat, ez daigula galdu.

        Olerki-sariketak eta euskal-jaiak atondu ziran; ainbat euskal-liburu zaar eta barri argitaratu ziran...

        Alako baten, bilbotar bat, Arana Goiri Sabin (1865-1903) agertzen da; sutsu agertu bere. Eta bultzakada barri ta indartsu bat emoten deutse euskal-idazle guztiai eta giro barri bat sortzen da: Aranatarren giroa.

        Euskera gaixoa salbau gura dau Aranak bere. Eta, leenengo ta bein, jo ta ke diardu ikasten eta idazten; lenengotan, ikasten, «euskaldun barria» da-ta; gero, idatzen, erderaz, batez bere. Eta ibilli ta ibilli, idazlan mordoa egiten ditu: «Etimologías euskéricas» (1887); «Gramática elemental del euskera bizcaíno» (1888); «Pliegos euskeralógicos» (1892); «Bizkaitarra» asterokoa (1893-1895); «Tratado etimológico de los apellidos euskéricos» (1895); «Lecciones de ortografía del euskera bizcaíno (1896); «Umiaren lenengo aizkidia» (1897); «Baserritarra» asterokoa (1897); «Lenengo Egutegi Bizkaitarra» (1898); «Euzkadi» aldizkaria (1901); «Josu-Kistoren Nekaustia, Matai Deunaren ardura»; «Olerkiak» eta abar.

        Euskera garbitu, apaindu, landu ta gorengo mailla batera jaso gura dau Aranak; berba baten esateko, euskera barriztau egin nai dau. Asmo ederra, benetan!

        Baiña okerreko bidea artzen dau. Erriaren eta idazle zaarren iturriak ez ei dau ur ona emoten eta irugarren iturri barri bat egiten asten da Arana, bere lojikearen laboratorioan [1]. Eta ekin eta ekin, egin egiten dau euskera barri ta garbiaren iturri ori.

        Arana gazterik ilten da. Baiña, ordurako askok edan dabe ura iturri barritik. Eta ez dabe beste urik nai.

        Ordurarte egin dan guztia txartzat daukee aranatarrak. Eta ortografia, iztegia, aditza, joskerea ta abar, goitik bera barriztatzen dabe euskera. Baiña zertarako? «Zeruetako edo aingeruen euskerea amesetan ibilten ikasi ta lurreko au ezagutu ta ikasteko zaletasunik, ez gogorik ez izatea; iñok (edo gitxik baiño) ulertu eziñezko euskeraz, liburu eta idazlanak egin eta onetara irakurlerik asko uxatu ta zalegetzea... Benetan, euskereak burua jasoteko dituan eragozpenai lagun egiteko ezin zitekean gaur bide oberik artu» [2].

        Uts andi bi egin ebezan Aranak eta, batez bere, aranatarrak: Erriaren eta idazle zaarren iturria bertanbera itxi, eta irugarren iturri edo dana dalako bat egin, ur gogora darion laboratorioko iturri barria, garbikeriz zikinduta dagoan «euskera barriaren» iturria, beste iturri biak baiño iturri obeago bat aurkitu gurarik sorturiko ametsezko iturri kaltegarria. «Euskera garbia edo bapez» zaleak, euskaldunen artean aspaldion sartzen ari diran kezka atzerakari orregaz, euskerearen bizitzeari berari, uste-uste barik, kalterik aundiena ez ete deutse, gero, egiten!...

        Gauza jakiña ta agiria dogu: Idatz-izkereak alegin guztia egin bear dau erri-izkereaz bardinduten, bestela, erri-izkerea aurrera doa bere bidean, ardura barik, bestea atzetik joakon edo ez jaramonik egin barik. Idatz-izkereak, eztau ezetariko indarrik, erri-izkerea bereganatzeko, beronen ondo-ondoan, beronen epeltasunpean burua makurtuta jarri ezik. Erri-izkerearen ta idatz-izkerearen batasuna lortzeko, beronek egin bear dau alegin, erri-izkerea berekoia, aurrelari itsua da-ta» [3].

        Erriaren iturria bear-bearrezkoa dogu. Baita idazle zaarren iturria bere.

        «Lehen egin izan dena egiña dago, naiz gaizki egiña iduritu guri; lehen esana esana dago, oker esana dagoela baderitzagu ere. Ez gaitezen beti, ainbeste aldiz egin dugunez, uts-utsetik abia: lur landuan, naiz eta erdizka eta exkax landuan, aisago ereingo digu erein bear dugun azi berria» [4].

        «Etzaie beti gure idazle zaarroi merezi duten estimua gorde izan. Erdal-joskera edo tajua dutela, erderakada asko sartzen dituztela, eta eztakit nik zeinbat akats egotzi zaizkien. Eztut nik esango akats oetatik anitz egizkoak eztiranik, baiña guztiarekin ere, idazleok ezin esan alako mesede egin diote euskerari, eta ba degu eurengandik zer ikasirik asko. Euskeraren una ta uriña edoski ta beretu nai dunarentzat, ezin utziak dira» [5].

        Arana ta aranatarren utsak eta geiegikeriak, penagarriak izan arren, gogo onez egiñikoak dira. Eta kaltegarri bakarrik ezeze, mesedegarri bere izan dira, euskalzaletasun eta euskerazaletasun barri ta bizi bat sortu eben-eta. «Arana gabe edo Aranaz leku ari izanak eta ari direnak ba dituzu, baino aren aldekoak naiz aitzikoak, naiz bitartekoak, naiz Arana-kukuak, ua dute eragile nola edo ala» [6].

        Utsak uts, bultzakada itzala emon eutson Aranak gure euskal-literatureari, igongura andi bat emon eutson, euskera gorengo maillara jasoteko gogo bizi bat. «De Arana-Goiri más que de nadie procede en último término el mayor empuje y ambición de los escritores posteriores» [7].

        «El ha aportado sobre todo una fuerza. Una fuerza que se siente realmente presente y que ha sacudido hondamente la conciencia del país, impulsando a los vascos al trabajo por el cultivo y vida del viejo idioma. Fuerza que influye aún en los que no comparten las ideas políticas y lingüísticas de Sabino, fuerza que se siente operante aun en los que le combaten» [8].

        Orrexegaitik (aranatarrak izan edo ez izan) euskal-idazle asko sortu ziran aranatarren giroan. Eta lan asko be asko egin zan aldi aretan: Liburu barri ta zaar mordoa argitaratu ziran; eguneroko ta aldizkariak sortu bere bai: «Euzkadi», «R.I.E.V.», «Ibaizabal», «Euskal-Esnalea», «Euskera», «Euskalzale», «Zeruko Argia», «EKIN», «Karmengo Argia», «Jesusen Biotzaren Deia»... ta abar. Orduantxe jaio zan Euskaltzaindia bere.

        Goazan, bada, aranatarren giroko idazleak ezagutzera.

 

        [1] Eta aldi aretako razionalismu giroan.

        [2] Altube Seber, «III Congeso de Estudios Vascos», Guernica, 1922.

        [3] Altube Seber, «Euskera», 1919-1922.

        [4] Mitxelena Luis, Olerkiak, Bernat Dechepare, itzaurrean.

        [5] Villasante Luis, «Eusko-Gogoa», 1956 gako. ILBELTZA-OTSAILLA.

        [6] Orixe, «Euskal-literaturaren edesti edo atze laburra».

        [7] Mitxelena Luis, «Historia de la Literatura vasca». Madrid, 1960.

        [8] Villasante Luis, «Historia de la Literatura vasca», 290-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia