Agirre Txomin

1864-1920

 

        Nor zan

        Mogelen zimenduan, Añibarro ta gaiñeraico idazleen materialakaz egindako bizkaierazko euskal-literatutearen etxea Agirre Txomin da. Etxe eder galanta, benetan! Beste leku askotako batzuen parean kaskarra izan arren, mundu guztiari erakusteko modukoa.

        «Errekarte ta mendi egal zoko batean dindilizka dagoan» Ondarroan jaio zan Agirre Txomin. Eta antxe bizi izan zan mutil koskondua egin arte. Antxe ikusi ta ikasi zituzan gero bere idazlan ugari, apain ta bizietan itxi euskuzan itxastarren gorabera arrigarriak.

 

                «Zeinbat bidar zure ondoan

                umetxu nintzanean,

                zeinbat bidar, itxasoa,

                egin ete dot ames!

                Zeinbat bidar ibilli naz

                ondartzeta bigunean

                egin narik etxetxuak

                desegiteko berez!

                Zeinbat bidar goietatik

                txori-aldrak ikustean

                egaka aruntz ta onuntz,

                eta neuk egotik ez,

                pentsau dot Jaunak zergaitik,

                gizona egin zanean,

                emon ez eutsan egorik,

                izan ezkero ain errez!

                Zeinbat bidar, neu bakarrik

                jarririk aitzen gaiñean,

                ikusi dot aitza bera

                dana zuritzen bitsez,

                ta olatuaren indarrak

                berunzkoan, aitz tartean,

                daroazala arriak

                biraka nai ta nai ez,

                geratzen zirala batzuk

                arri andien azpian,

                beraren laguntasuna

                eskatzen balebe lez!

                Zeinbat bidar, zeinbat bidar

                aitzetan ta ondarrean,

                joan jataz ordu onak

                laguntxuakin barrez!» [1].

 

        Amazazpi-amazortzi urtegaz, bere aitari arotz-bearretan laguntzen asita egoala, Bilbora joan zan; joan zan edo, obeto esanda, eroan eben. Txomiñen mendu ona ta buru argia ikusirik, Bllboko arzipreste zan Ibarguengoitia Mariano jaunak eroan eban bere etxera, bere laguntzaille izan eitean. Eta abade jainkozale aren ondoan, abade izateko gogoa erne zan Txomiñen biotzean.

        Ibarguengoitiagaz beragaz egin ebazan latin-ikasketak. Eta ogei urteko zala, 1884-garren urtean, Bitoriako Abade-ikastetxe barrira joan zan.

        Iru urte egin ebazan Bitorian. Antxe ezagutu eban Azkue. Arrezkero iagun andiak izan ziran beti.

        Abadegeitzako azkenengo urtea kanpoan egin eban, gaixokia zalako edo, bearbada.

        Ogetalau urte egin barri ebazala mezakotu zan, 1888-ko Maiatzaren 26-an, eta Urkiolan emon eban bere Meza barria.

        «Jaungoikoak jarri zuan Bizkaian Urkiolako mendia, Arabaren ondoan, Gipuzkoatik urre samar, ta mendi orren gaiñean ipiñi zuten euskaldun siñistetsuak Antonio Donearen elizetxea, zorion guztien itxaropenerako» [2].

        Meza barria emon eta, berealaxe, Karrantza aldera bialtzen dabe abade barria. Baiña ille batzuk bakarrik egin ebazan Karrantza aldean, bada karmeldar mojak Zumaian dauken ikastetxera bialdu eben, ango kapillautza egiteko. Eta antxe bizi izan zan, arrezkero, il arte.

        Agirreren bizitza oso baketsua, gorabera ta jazoera latzik bakoa izan zan. Izan bere, urterik geienak mojatxoen komentuan sartuta, bakartadean eta ixiltasunean, emon ebazan, fraile baten antzera. Egon erriagaz bere sarritan egoten zan, jakiña; baiña ordurik geienak ikasten ta idatzen emoten ebazan.

        Eleizgizon zintzo ta euskaldun jatorra izan genduan, euskaldun fededuna, abade euskalduna. «Euskalduna nazan aldetik euskaldundu; kristiñaua nazan aldetik kristiñautu». Auxe izan zan bere jokabidea.

        Maite-maite ebazan Euskalerria ta euskaldunak. Ta orrexegaitik diño: «Egin, gizon zintzo ta errimeak, egin ondo, al dozuen giñoan zuen Sorterriari; ipiñi bere alde zuen biotza, zuen adimena ta besoa; igaro zuen bizitza guztia ainbeste maite dozuen Lurra ostendu ta gorde naian; estanda egin eta urkatu, bere izena izenik maitegarriena legez begiratua izan dedin erbestekoen artean; baiña ez erritarren aldetik sari on bat itxaron...» [3].

        Esker onari edo txarrari begiratu barik, ama on batek bere umeak maite dituan legez maite ebazan Euskalerria ta euskaldunak. Eta fin, maitasunez eta arduraz jokatu eban beti.

        Eusko Ikaskuntzak (Sociedad de Estudios Vascos) bere leenengo batzarra egiten dau Oñatin, 1918-garren urtean, eta batzar orretan artzen da Euskaltzaindia, Euskal-Akademia, sortzeko erabagia. Emen izan genduan Agirre bere, batzarkide legez; bera izan zan, gaiñera, euskera sailleko taldearen zuzendari, buru ta lokarri. Eta Euskaltzaindiaren asiera-asieratik, euskaltzain izateko aukeratu eben.

        Andik lasterrera il zan, eta aren azkenengo berbea «Ama» izan ei zan. Ama, orixe izan genduan gure Agirre Txomin, ama on ta arduratsu bat euskaldunontzako.

        Gitxi be gitxi izan dira Agirre lakoak: Euskaldun ona, kristiñau benetakoa, abade zintzoa, idazle jakituna, jatorra ta bikaiña, langille fiña, gizon argia, zorrotza, umoretsua... Zer geiago? Ez dakit; baiña iñor bada goragarria euskal-idazleen artean, Agirre da bat, duda barik.

        Asieran esan dogunez, berau dogu bizkaierazko euskal-literaturearen etxe eder galanta. Eta, orrexegaitik, beiñola berak penaz beterik esana ezin esan guk: «Euskerea, aberatsa dan legez da ederra ta egokia, ta obetoago edo txartotxoago, guztiz antxiñetatik dabil gizonen aoan; baiña liburuen orrietan oraindaño atzo goizekoa da ta izkiratzalleen lumeak ikutu, palagu, txera ta leunketa gitxi egin deutsa gaur artean» [4].

        «Gaur artean...». Arrezkero ez. Izan bere, Agirreren lumeak ikutu, palagu, txera ta leunketa asko egin deutsa euskerari. Eta zenbat eta zenbat lan eder egin ebazan!

        Geugandu ta geuretu daigun, bada, gure Txomin argi eta onaren jokabidea ta esan daigun beragaz batera: «Eztot nik Euskalerria alde batera itxiko egundaiño. Naroian tokira naroiala patuak edo Jaungoikoak, euskalduna eroango nau, euskaldun biziko naz toki guztietan. Neugaz joango dira erririk-erri Euskalerria, bere izkerea ta bere ekanduak; euskera erakutsiko dot nonnai, neure erritarren lege zaarra adierazoko dot, al dotan giñoan. Nire gomutea, nire adimena, nie biotza, nire izakerea, euskaldunarenak izango dira beti; ta edozein lekutik, nire begiradarik gozoena neure mendientzat izango da, ta nire arrenik bero, sutsu ta onena euskaldunentzat eta euskeraz egiña. Euskaldun izakerearen zabaltzaille izan gura neuke nabillen tokian nabillela» [5].

 

        Idazlanak

        Zorionez, Agirreren idazlanik geienak dagoz argitaratuta (eta bein baiño sarriagotan gaiñera), bai aldizkarietan, bai liburuetan. Berak egindako sermoe mordo bat dago oraindiño argitaratzeko.

        Ikusi daiguzan, bada, banan-banan bere idazlanak.

        «Auñemendiko Lorea». Auxe da Agirreren leenengo idazlan luze ta ederra. Nobela bat da, kondairazko nobela bat. Frantzia aldeko Euskalerrian zazpigarren gizaldirantza bizi izan zan Riktrudis santearen bizitza artu dau oiñarritzat, eta aldi aretako Euskalerria ta euskaldunak erakutsi gura deuskuz Txomiñek, erri-jakintza ta irudimena lagun artuta.

        «Auñemendiko Lorea»-ren gaia auxe da: Amando Gotzain santuak, euskaldunak kristiñautzen diardu. Riktrudis da bere ikasleetariko bat. Osinbeltzko Portun fedebakoak ezkondu gura dau neska orregaz. Baiña Riktrudis erbestetar bategaz ezkonduten da, Adabaldo frantzesagaz. Eta Portun asarre bizian jarten da, ta Euskalerriaren ondatzalle batzuk dirala diño, euskaldun kristiñau guztiak. Burruka ikaragarria sortzen da euskaldunen eta frantzesen artean. Portunek Adabaldo il egiten dau. Baiña, alan eta guzti bere, Riktrudisek parkatu egiten deutso, eta kristiñau izateko bidean jarten dau Portun gaiztoa.

        Bai gai aldetik, bai euskera aldetik, ondo josita dago. Aranakeririk ez darabil, baiña larramendikeri batzuk bai, ostera.

        «Kresala». «Bizkaiko euskeran eta itxasaldeko ekandu edo oiturak gogoan ditudala, ipuintxu bat esaten edo lan urri ezkeltxu bat egiten asten naz, irakurlea...

        »Ara emen nire KRESALA. Ikusi egizue gura dozuenok. Bertan agertuko diran gizon eta emakumeak eztira neure irudimenak asmau dituanak; oso itsua ezpanago ta amesetan ezpanabil, bizi-biziak dira, Arranondoko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondon eta edonok edozein itxaserritan ikusi daikez. Euren alkarren arteko jarduna be guztiz da egiazkoa, gatz garau andiak kenduko deutsedaz baiña» [6].

        «Lan urri ezkeltxu bat... », diño Agirrek. Baiña olako lan ezkeitxu asko bagenduz gure bizkaierazko literaturan! Izan bere, Kresala dogu bizkaitarron euskal-libururik onenetako bat, onena ez bada.

        Agirre bera jaio ta bizi izan zan itxas-egaleko kresal sundaz asetuta dago nobela eder au. Eta bizi-bizi agertzen dira berton, «Arranondoko sardiñak legez», itxas-erriak, itxas-erritarrak, arrantzaleen bizimodu gogorra.

        Anjel ta Mañasiren ezkongai-aldiko artu-emonak ta goraberak dira nobela onen gaia. Mañasi Anjelegaz maiteminduta dago. Baiña Antonigaz ezkontzera doala entzuten dau, ta oso biotz-minduta dabil. Anjelek, ostera, naiz ta bere gurasoak Antonigaz ezkontzeko bideak atonduten ibilli, bein-bein ez dauka ezkontzeko asmorik. Bienbitartean, Mañasik alde egiten dau Bilbora, bere naibageak apur bat arinduteko. Orduan, Jose Antonio indianoak ezkondu gura dau Mañasigaz... Azkenean, gorabera andiak izan ondoren, Mañasi Anjelegaz ezkontzen da.

        Gai ori Arranondoko (Ondarroako) bizimoduari josita dago. Eta egoki josita egon bere.

        Indarra, bizitasuna, gatza, jatortasuna dario Kresalari. Eta ez deutsa bere denporako erderazko nobelari bere zorrik. Bai nobela legez, bai izkuntzaren aldetik, gorengo maillako idazlana dogu; bana-banakoa, apartekoa.

        «Garoa». «Garoa naiz, Kresalaren anai gaztea; baño menditarra, Gipuzkoako izkeraz jantzia...» [7]. Kresalan itxastarren bizikera kontau deusku Agirrek; Garoan, menditarrena ta baserritarrena kontatzen deusku. Nobela oso ederra au bere, gorengo maillakoa gipuzkoerazko euskal-literaturan.

        «Ni ta ni». Auxe da Agirrek azken orduan esku artean erabillen gipuzkoerazko nobelea, Erdi-Aroko oiñaztarren eta ganboatarren eztabaidak eta burrukak oiñarritzat arturik. Baiña amaitu barik itxi euskun [8].

        Beste idazlan laburrago batzuk bere idatzi zituan:

        «Aita Larramendiren bizitzaren berri labur bat».

        «Joan-etorri bat Errornara».

        «Iziarko Amaren kondaira laburtxoa».

        «Anton Betosko».

        Olerkiak eta ipuiñak bere, mordoa idatzi ebazan, bai bizkaieraz, bai gipuzkoeraz [9].

        Erderaz bere argitaratu zituan lan txiki batzuk, bere-bereak eta itzulpenak.

        Agirreren iru idazlan nagusiak (Auñemendiko Lorea, Kresala ta Garoak) erderazko iru liburu dakarskuez gogora: Navarro Villosladaren «Amaya o los vascos en el siglo VIII», eta Peredaren «Sotileza» ta «Peñas arriba». Baliteke erderazko liburu oneik, bereak asmatzeko bidea emotea Agirreri. Baiña, dana dala, orrek ez dau ezer esan nai gure Agirreren nobela orrein jatortasunaren kontra.

        Mogelek amazortzigarren gizaldiko Euskalerria ta euskaldunak erakutsi euskuzan. Agirrek emeretzigarren gizaldikoak erakusten deuskuz. Eta azalez eta mamiñez, gai aldetik eta euskera aldetik, maisuen Maisua dogu Agirre. Iturri ederra etnolojia ta folklore aldetik, amaibako ondasuntegi bat gure euskera ta gure erria ezagutzeko, gure erriaren lengo gizaldiko oitura ta bizimoduaren barri jakiteko.

        Gaiñera, irakatsi eder ta sakonak emoten deuskuz, noizpeinka. Ona emen bat:

        «Bakotxak bere erriari izan bear deutsan maitetasuna era bitakoa dala deitxot nik. Norbere buruarentzat daukagun maitetasun itsu, arro ta okerretik dator bata: Gure biotzean berez, txiki-txikitatik, zelan eztakigula sortu oi da; asten da geugaz batera, guztiz neurri barik, eta eztau gure biotzetan beste maitetasunentzat tokirik izten; dana bear dau beretzat, bereari bakarrik deitzo andia, ona, zindoa, zuzena, ederra, egiazkoa; besteen gauza guztiak, erkin, makal, zirtzil, motel, txiro, doillor ta guzurrezkoak; norberarena izan ezik, etxekoen gauzea izango da zelanbaitekoa, edo norbere erritarrena geienez; baiña erritik kanpora, urruingarria eztan gauzarik eztago; ta ortik etorri oi dira ikusi-eziñak, gorrotoak, itsumenak, Jaunaren legea austeak, lagun urkoen kalteak eta arima askoren ondamendiak.

        »Bigarren erako erri-maitetasuna ezta olangoa, zerren daukan Jaunaren anaitasunezko lege biguna bere zuzentzaille ta artizartzat. Norbere gauzeari obeto gura izan arren, urrena dalako, obeto ezagututen dogulako, edo biotzak alan aginduten deuskulako, geiegikeriak kenduten deutsaz biotzari, ta adimenari itsutasunak; besteen egokitasuna ta doaiñak ezagutu ta autortzen ditu, eztau iñor urruinduten, eta Jaungoikoaren izenean edozein maitetuten dau.

        »Zuk olan gura deutsazu Euskalerriari: Erri guztien gaiñetik dozu maite, zeurea dalako ta erririk onenentzat daukazulako. Maite eikezu aurrerantzean bere, maitegarria da-ta; baiña emoiozu edonun bakotxaki berea...» [10].

        Jakituriz beteriko gogorakizun laburrak bere sarri ta egokiro sartzen ditu bere idazlanetan. Ara batzuk, adibidez:

        «Gizon bakotxak bere arrotasuna dau, etxadi ta erri bakotxak berea. Ni esaten da al dan guztian; ni ezin danean geu, Arranondo ezin danean Bizkaia».

        «Atsekabearen lagunik onena errukizko ixiltasuna da».

        «Euskaldunak onean onak, txarrean okerrenak».

        Umore aldetik bere oso jatorra dogu Agirre. Kresala ta Garoa irakurtean, sarri sortzen da gure arpegian irribarre gozo ta atsegingarri bat. Ona emen, adibidez, «Auñemendiko Lorea»-tik artutako umore tanta bi:

 

        —«Zelan dago, Lope, ugazaba?

        —Il da.

        —Il? Ain laster? Zer izan dau, bada?

        —Ptxe... Il bearra. Ego aizeak baiño urte geiago eukan-eta... ».

 

        —«A! Sabelontzi astoa! Gizonak, edanzalea izan arren, ito egin bear al jok ba ardaotan?

        —Esakera bat da ori, Jauna; baiña beste toki baten itotekotan, obea da ardaotan itotea».

 

        Len bere esan dogu baiña, euskera aldetik, oso aberatsa dogu Agirre. Aberatsa iztegian, aditzean, joskeran, deskriziñoetan, alkar-izketetan eta esakeretan.

        Ba ditu, noizik-bein, alako garbikeri ta larramendikeri batzuk, baiña ainbeste aberastasun, edertasun, jatortasun ta zeaztasunaren ondoan uskeritxo batzuk dira.

        Orregaitik, bada, bear-bearrezkoa dogu bere bizitza ta idazlanak aztertu ondoren, lora txorta eder bat ikustea.

        Ikusi ta ikasi.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Ama

 

        Ama! Ze izen bigun, gozo ta samurra dan amaren izena!

        Zein gogoz, zein erraz, zein berez urteten deuskun izen eder onek gure aotik!

        Ama!, deituten dau umetxu bildurtiak bere estualdi guztietan. Ama!, gazteak bere poztasunezko ordu dontsuetan. Ama!, gizonak eta emakumeak, nai legorreko nekean, nai itxasoko baga ta arrisku artean dabiltzala. Ama!, jaiotzatik laster. Ama!, eriotzako ordu larrian, sortu garean adimendun guztiok. Ama!, beti.

        Zergaitik? Zerren gizon danok, iñok erakutsi baga, jatorriz dakigulako ama dala izaterik on, samur ta errukitsuena.

        Amaren biotzean ipiñi dauz Jaungoikoak biguntasunik andienak, gozotasunik eztienak, samurtasunik samurrenak eta amaibageko errukitasunik pozgarrizkoenak.

        Ama guztiak dira, bada, negarrezko ibar onetan larritasunen erdian dabiltzan gizon gizagaixoai errubagako atsegin onak emoteko jaio direan izateak.

        Errukarria amarik eztaukan gizona [11].

 

 

        Ezizenak

 

        Ezizen geiegi ipinten dotala uste badau irakurleak, jakin daiala lenengotik, Arranondon eztagoala ezizenik eztaukan etxadi bat bakarra.

        Andiak eta txikiak, aberatsak eta landerrak, guztiak dauke eurentxua.

        Jatorriz erritarrak diran etxadiak, ezizen ori antxiñetatik daroe, ta etxadiko danak ezizen bategaz ezagutuak izaten dira. Aitari Talotxu esaten badeutsie, semea Talotxuren semea da, andrea Talotxuren andrea, alabea Talotxuren alabea; geiago bearrik eztago. Iñoiz bateo arrian abadeak ipiñiriko izena ondo esaten bajako norbaiti, gurasoen ezizena izango da izengoitia. Talotxuren semeari ezarritako izena Joane bada, Joane Talotxu esango jako.

        Kanpoko errietatik Arranondora datorren etxadiak an dauka bere izengaiztoa ogetalau ordu barru, ta eztau geiago beragandik kenduko. Zeñek ipiñi deutsa? Iñok eztau ori garbiro jakiten. Edo mutiko batek etorribarriaren semeari ikastetxean, edo arrantzale batek senarrari elizpean, edo emakume batek emazteari enparantzan. Zergaitik? Edozer gauzagaitik. Edo lodi eder guria, edo argal mezatarra dalako, apaindua edo prakazarduna, azkarra edo baratxa, argitsua edo argibagea, olango edo alango irabazbidekoa, orko edo ango baserri edo uritik etorritakoa. Mutiltxuari deitu badeutsie lenengo Prakazar, etxadiko buruari Prakazarren aita esango jako; andreari esan badeutsie Moñoker, Moñokerren senarra. Lenengo ezizena ezarri jakonak emoten deutsa gero etxadi guztiari.

        Arranondokoen belarriak ain dagoz onetara egiñak eze, batzuk, euren benetako izena zelan dan be eztakie; norbait ezagutu dot bere aitarena gogoratu eziñik; aitaitarena gitxik jakiten dau.

        Ba dakit albistari-zabaltzallea ibilli dala iñoiz eskutitz bat zeñentzakoa zan ezin argitaraturik. Sr. D. Julian Iragorri eukan estalkian, eta Julian Iragorri zein zan ezekian iñok. Atso-agure guztiai itandu jakuen, eta atso-agureak etzala, esan eben, erritarra izango. Azkenean, apaiz nagusiari eskerrak, agertu zan eskutitzaren jabea. Zein izango ta Saguzarra deituten jakon gizontxu bat zan.

        —«Orixe be bada ipuiña —esan ei eban orduan Artoberok—, Saguzarrari Don Julian asmau ei deutsie» [12].

 

 

        Kitolis

 

        Gabon aurretxoa zan. Ba gagoz, ba gagoz illunabarrean, potin txiki baten lau laguntxu, berdeletan, Orioko aurrean. Bakarrik gelditu giñanean a, berandu be ba zala-ta, otz be ba egoala-ta, arrain pizka bat be ba geu kala-ta... asi giñan etxeruntz. Terraltxoa egoan, legorretik datorren aizea. Jaso genduan triketa, ta ba getozan kezka barik, atzekoak eskuak besapean berotuten zituan bitartean, eskota tosta bati lotuta genkarrela... ta, alako baten, bras, joten gaitu aize bunbada gogor batek, eta, dsaust, danok itxasora, txalopa barruko arrain, otzara, soka ta tresna guztiakaz batera ta nastean. Alan be, urten genduan urazpitik, or batak ta emen besteak, danok otzak ikaraz; inguratu giñan, igarian, popaz gora egoan txalopara, ta itandu geuntsan alkarri: «Gizonak, zer izanda au?». Baiña iñok erantzun bearrik ezegoan, guztiok genkian-eta. Ardurabagekeritxo bat, ustekida geiegia. Zeiñi, baiña, otuko jakon alangorik, itxasoa bare-bare baegoan?...

        Egundo alango negargarririk iñok eztau ikusi. Gure artean etzan iñor, eta antxe egon bearko genduan ur gaiñean, goizerarte. Goizerarte! Ta oraindiño, geienez be, etziran seirak izango!... Otzak eta bildurrak dardaraka geunkazan, ta amabi, amairu edo amalau orduan egon bear alantxe! Ta, gaiñera, goizean iñor etorriko jakun ez jakon!... «Ea, mutillak —esan euskun atzekoak, gu pitin bat azkortuteagaitik—, eskeiñi daiogun Antiguako Amari, danok ortozik eta erramuak lepoan ditugula bere elizatzora joatea, emendik onean urteten badogu, ta asi gaitean orain errosarioa esaten...».

        Ipiñi neban neuk Ikomes (Nikomedes), neure amabi urteko seme ederra, killa gaiñean auzpez, ta asi giñan arrenetan... Jaungoikoak ba daki guk zenbat arren egin genduan. Errosarioaz ostean, zeruko done guztiai Aita gurea ta Agur Maria ta milla biotzeko eskari luze ta labur egin geuntsezan, alde batera ta bestera geure gorputz minberatua biratuteko utsunetxu batzuk artuaz. Onetan gengozala, amarrak aldean, aizeak ekarren indarrean ta txalopearen zabunetan igarri genduan itxasoak irakin bear ebala ta gure urrean ebillela eriotzea. Illun egoan; belarrietara etorkigun aizearen txistuari destañazkoa neritxon; Getariako ta Zumaiako itxas-argiak agiri ziran lurrean, eta niri illen argiak iruditu jatazan. Geu gengozan ilten osasun guztiakaz!...

        «Ze ordu ete da?» —itandu euskun Matxin zarrak, eriotzondoko soñuagaz— «Amarretatik amaiketara» —esan geuntsan. Eta berak, oraindiño belarrietan daukatan esateko erarik illunenagaz: «Zein luzea dan gaba! —jarraitu eban— zein luzea! Nik ezin neike iraun, laster amaitu bear dot, eta zuek ikusten badozue gurekorik...». Ez eban geiago esateko astirik izan, bada olatuaren bultzada batek kendu euskun albotik. Orratiño, ekarri genduan atzera ta esondu geuntsan oratu eiola gogor karelari; baiña ezertarako ez eukan adorerik, eta aotik bitsa eriola, «damu dot, Jauna, damu dot, Jauna», esanaz, an joan zan ondora...

        Itxasoa geroago ta andiagoa etorren, olatuak geroago ta indartsuagoak, geroago ta mekotuagoak gengozan gu. Neke gitxiagoko egoera bat billatu naian, ain laster ipinten genduan gorputzaren astuntasuna esku baten gaiñean, ain laster bestearenean, orain igoten genduan killa gaiñera, orain karelera jatsi, gaiñean ezin egonda... Gau luzea zala esan eban Matxinek. Bai, ondo luzea! Ta zer ete da betikotasuna, samiñetan egon ezkero?...

        Neure semetxua, neure Ikomestxu, otzikara andiak artu eban, eta negar muxinga, inkesaka ta zotiñez, «aita», bai, «aita» asi jatan deiezka ta deiezka. Axe errukigarritasuna! Aitak ezin ezer egin bere seme kutunaren alde, biotzeko negar goria baiño besterik; aitak ezin goiza ta laguntasuna erakarri, bere bizitzea emonda be...

        Etsi genduan; ez giñan luzarorako. Jo genduzan beste baga batek burutik bera, kendu euskun txalopea esku artetik, eta aldebanatu giñan irurok barriro. Urpetik azalera urten nebanean, asi nintzan igarian semearen billa. Ez neunkan neuk orduantxe indar askorik eta arrokeri andirik bez! Idoro neban semea, ta txaloparaño eroan be bai, ta esan neutsan txalopeari gogotik eutsi eiola; baiña alperrik. «Ezin, aita —ziñoan— ezin!». Artu neban, orduan, neure bularraren ondora, potiñaren eta neure gorputzaren bitartean ipiñi neban, eta bere soiñari ta potiñari alegiñakaz elduten gelditu nintzan... Ixilik gengozan danok, bildurgarrizko ixiltasunean. «Ikomestxu —deitu neutsan andik apur batera— Ikomestxu, ondo zagoz? ...Ez eustan ezer erantzun. Zelan, ba, ilda eroan-eta!».

        Negar malko lodia erion Kitolisi, bere arrigarrizko jazoerea mailla onetaraño eldu jakonean, eta entzuten egozanak be ez eben urriñean negarra.

        «Nik eztakit ze ordu inguru izango zan —jarraitu eban— beste olatu batek txalopea ta semea besartetik kendu eustazanean, eztakit zelan oratu neuntsan, ostera be, txalopeari, eztakit zelan egon nintzan goizeko zazpi ta erdietan Getariko potin batek artu genduzan arteraiño. Azkenerako, sena ta konorta galdu jakuzan, taket batzuk giñan atzekoa ta ni, zoraturik gengozan, zer egiten genduan ez genkiala eutsiten geuntsan txalopeari, lapeak atxari baiño gogorrago, atzamarretatik odola eriogula...

        Gaixorik egon nintzan gero ia illebetean, eta sendatu nintzanerako... itxasora barriro [13].

 

 

        Esakerak:

 

        «Txalopea gelditu zan zuzendari baga ta et, et, et... Aitearen egin orduko, azpikoaz gora egoan, ta gu, azaldu giñeanok, igarian zer edo zeri eldu nairik».

        «Eta zer eutsan, gero, berari Anjelegaitik? Ezer bere ez; baiña... orixe dago ba».

        «Eztozu txarra galdu. Gaur kantau dan lango Magnificatik...! Gure Gaiarrek egin ditu garrasiak!».

        «Etxebizitzea be eztaukie makala orreik. Egingo neuke erri guztian beste lauk obea euki ezetz».

        «Ara, Jauna, nik berorri bai, bai, pozik atan be; baiña orixe dago ba, lagunakaz be ondo euki bear da-ta, orixe dago ba!».

        «A ze jatorrizko zalduna bera! A ze jakintsual».

        «Eta deadar, garrasi ta txillioak egiten, orretantxe ziran, ba, eurak mutillak... edo emakumeak!».

        «Izurdeak azpitik gora ta kaiuak goitik bera, dsist eta dsaust, sartuten dira arrain pilloaren erdian, janalak jaten eta iruntsialak iruntsiten».

        «—Nik esan neutsun dana bart, eta gaiñera nire ori ezta neure barruko zer bat baiño besterik.

        —Eta zeure barruko zerori zegaitik agertu ez atzo artean. Eta atzo, estu-estu izan ezpaziña, etzenduan zuk txit bat egingo».

 

        [1] «Ondarrak», 146-garren orrialdean.

        [2] «Garoa», 155-garren orrialdean.

        [3] «Auñemendiko Lorea», leenengo tomoa, 164-garren orrialdean.

        [4] «Kresala», itzaurrean.

        [5] «Auñemendiko Lorea», II-garren tomoa, 66-garren orrialdean.

        [6] Kresalaren itzaurrean.

        [7] Garoaren itzaurrean.

        [8] «Euskal-Esnalea» aldizkarian argitaratu ziran ataltxo bi.

        [9] Ikusi: «Ondarrak», Aita Onaindiak Agirreren idazlanakaz egindako lorategi ederra.

        [10] «Auñemendiko Lorea», bigarren tomoa, 70-garren orrialdean.

        [11] «Euskalzale», 1899, 98-garren orrialdean.

        [12] «Kresala», 31-garren orrialdean.

        [13] «Kresala», 95-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia