Azkue Resurreccion Maria

1864-1951

 

        Nor zan

                «Nor nor dan, Mariñasi,

                ezautuko dona:

                emonetatik zugatza,

                egiñetatik gizona» [1].

        Nork batu, aztertu ta labur-labur azaldu gure Azkue andiak egindako lan guztiak? Liburu baten bere...!

        Azkuek egin eban lan mordoa urretik ikusi ta aztertu ezkero, arrituta gelditzen da bat. Eta itaun au jatorko berealaxe bere ezpanetara: Gizon batek egin ete ditu onek lan guztiok?

        Izan bere, beste iñork egin ete dau ainbeste lan Euskalerriaren alde, izkuntza ta jakintza aldetik?

        Lekeition jaio zan. Eusebio erri-olerkariaren bigarren ezkontzako semea izan genduan.

        Bigarren karlistada gerratean, Bilbora alde egin bear izan eban. Eta Bilbon bertan egin eban batxillerra.

        Gero, abade izateko gogoa etorri jakon eta Bitoriako Abade-Ikastetxera joan zan. Antxe egon zan teolojiararte.

        Ordurako euskaltzaletuta egoan. «Gaztetxo nintzan (ogei urte or-or bai-nituen) Seminarioko ikastarondoko opor-egunetan, astiune batzuetan beintzat, erriaren agotik ipuin ta irakurgai bat edo beste ikasten ari nintzanean... » [2].

        Bitoriatik Salamankara joan zan eta Teolojiako maisu (Doktor) egin zan 1888-garren urtean. Eta, andik lasterrera, Bizkaiko Diputaziñoak sortu eban euskal-katedrarako maisu izentau eben. «Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Institutoan euskerazko irakaskuntza sortu nairik, batzaldi bat iragarri zuen, irakasle izan nai zutenak berak egindako zerbait erakutsi zezatela eskatuz» [3]. Azkue, Arana-Goiri, Unamuno, Iza, Madina ta Alberdi izan ziran nor-geiagoka egin ebenak. Azkenean, Azkueri emon eutsen katedrea [4].

        Urte orretan emon eban Meza barria bere Azkuek. Baiña etzan egundo iñongo parrokitan egon. Euskalerri osoa izan zan aren parrokia. Eta Euskalerri osotik zear ibilli zan, Euskalerria, euskaldunak eta euskera ondo ezagutzeko, Euskalerriaren jakintza batzeko ta banatzeko, Euskalerria gora jasoteko.

        Euskalki guztiak ezeze, beste izkuntza batzuk bere ikasi ebazan.

        Musika-ikasketak bere egin ebazan. Leenengoak, Bilbon egin zituan; gero, Bruselasen (Beljikan), eta, azkenez, Kolonian (Alemanian). 1909-garren urtean amaitu ebazan.

        Euskaltzaindia sortu zanean, euskaltzain-buru egin eben, eta, arrezkero, bere bizitza guztian izan zan Euskaltzaindiaren Buru.

        Españako Erdal-Akademiako batzarkide bere izan zan, 1927-garren urtean asita [5].

        Bilbon il zan [6].

        Ikasi, irakatsi, batu, idatzi, argitaratu..., orixe izan zan gure Azkue andiaren bizitza; lanari ekin eta ekin: «EKIN ETA JARRAI». Eta, jakiña, lan asko egin bear derrior: Izkuntzalari lanak, musikalari lanak, erri-jakintza lari lanak, irakasle lanak, idazle lanak, argitaratze lanak... Zenbat eta zelakoak! Kementsua izan zan, benetan!

        «Odol-gorri izateak ba ditu odol-zurbillak eztaukan alde bat edo bestetxo, alderantziak geiago. Odol-gorri geranok, lanean asteko, zaiñetan darabilgu baikortasuna; odol-zurbillak geienak izan oi dira ezkor. Odol gorri geranok iraunkorrago izan oi gera geron asmoetan, lanean sendoago... [7].

        «Ezagutzen nabenak baikortzat (optimistatzat) nauke. Lanean etentzaka diarduenak baikor ezpadira, nor besterik izan daiteke? Nagiak, alperrak, baikor izateko eskubiderik eztauke. Ezkor izatea dagokio "eguna beio, gaua betor" bizi danari. Bai, baikortzat nauke» [8].

        Odol-gorri baikorra izan genduan Azkue. Eta orregaitik edo, iraunkorra izan zan bere asmoetan (berekorra eta asarrekorra bere bai), eta sendoa bere lanetan.

        Odol-gorri baikorra izan genduan. «Gure Erri maite au, ez-urteko sagarraren antzera, arrak jota dago», diño. Baiña ez da negarrez eta aieneka asten, asko ta asko legez. Arrak kendu ta sagarraren aziak ereiten diardu, sagar-landara barri indartsu ta emonkorrak erne daitezan. Jarraibide ederra euskaldun negartiontzat!

        Odol-gorri baikorra izan genduan, erraldoi odolgorri baikorra, Euskalerriaren alde bere bizia emon eban erraldoi ezilkorra.

        «Gizon andiak, euren buruentzat ilda askozaz geroago bere, iñorentzat zelanbait bizi izaten dira. Augaitik edozein Iztegitan berbatxu bat dauke eurentzat egiña: Ezilkorrak» [9].

 

        Idazlanak

        Asieran esan dogunez, gauza zailla be zailla dogu gure Azkue andiaren lan guztiak batu, aztertu ta labur-labur azaltzea. Baiña, dana dala, aitatu daiguzan, beintzat, bere lanik onenak eta zerbait esan bere egin daigun eurai buruz.

        Leenengo ta bein, ona emen bere bost lan nagusiak:

        «Euskal Izkindea. Gramática eúskara» Bilbao (1891). Euskeraz eta erderaz egiña. Antxiñako euskera zaarra dala uste dauan euskera barri bat darabil emen Azkuek, laboratorioko euskera bat. Berak bere Iztegi ederraren itzaurrean diñonez, «gaztetako pekatua» da liburu au. Dana dala, euskera ikasteko edo irakasteko gramatikea euskeraz egitea, jokabide txalogarria da. Gaiñera, ba ditu gauza ikasgarriak bere.

        «Diccionario Vasco-Español-Francés». Tours (Francia (1905-1906). Azkueren lanik ederrenetarikoa, ederrena ez bada. Idazle zaarren eta erriaren iturrira jo, ta amabost urtean alean ibilli ondoren egindako Iztegi jatorra. Bear-bearrezko liburua gaur bere euskal-idazleentzat. «Euskera onaren iturri» [10]. «Ongi egin dan lanak askotarako balio du, egilleak uste duen baiño geiagotarako. Orrexegaitik edozein kastatako jendeak Azkuegana jo beár du egungo egunean ere, bere egarria berdintzeko. Orrera doaz euskal-idazleak itzez ornitzera, orrera izkuntzalariak euskal-itzen jatorria eta historia aztertzera. Or jakin dugu anitzek antziñako aberastasun gutxietsien berri, or ditugu guztiok gure izkuntzaren batasunerako oiñarriak... » [11].

        «Morfología vasca». Bilbao, 1923. Liburutzar ikaragaria da. Konsulta-liburu ederra eskoladunentzat. Amaika gauza jakingarri aurkituko ditue bertan euskal-idazleak.

        «Euskalerriaren jakintza. Literatura popular del país vasco». Madrid, 1935, 1942, 1943, 1947. Euskeraz eta erderaz egiña. Lau liburu anditan argitaratu zan. Euskalerri osoan batutako ipuin, oítura, siñiskeri, atsotitz, esakera ta abar itxi deuskuz Azkuek liburu oneitan. Ondasuntegi bat dira etnolojia aldetik.

        «Cancionero popular vasco». Barcelona, 1922. Euskal-kanta zaar mordoa. Lan arrigarria auxe bere. Berau bakarrik egin baleu bere oso txalogarria izango zan Azkue.

        Orreixek dira Azkueren lanik ederrenak. Naiko ta lar gizon bat ospetsu egiteko. Baiña aitatu daiguzan ak egindako beste lan batzuk bere. Ara:

        «Bein da betiko». Bilbao, 1893. Irakurgaiak.

        «Vizcaitik Bizkaira». Bilbao, 1895. «Eguzkia nora». Zarzuelak.

        «Método práctico para aprender el euskera vizcaíno y guipuzcoano». Bilbao, 1896.

        «Proyecto de ortografía». Bilbao, 1896.

        «El eúskara o vascuence en 120 lecciones». Bilbao, 1897.

        «Txirristadak». Bilbao, 1898. «Euskalzale» aldizkarian agertutako lan batzuk batuta egiña.

        «Jesusen Biotzaren illa». Bilbao, 1901.

        «Ortzuri» eta «Urlo», 1910 eta 1912. Operak.

        «Prontuario de la lengua vasca». Bilbao, 1918.

        «Diccionario de bolsillo vasco-español y español-vasco». 1918.

        «Argi galdua», 1919. «Gipuzkoera osotuan» egindako nobela bat.

        «Ipuiñak». Bilbao, 1969. «Euskalzale» aldizkarian argitaratutako ipuin mordoa.

        «Latsibi». Oraindiño argitaratu barik dagoan nobela bat. Ez dago txarto eginda; baiña astun samarra da.

        Berak zuzendu ta argitaratzen eban «Euskalzale» aldizkarian bere amaika artikulu idatzi zituan. Baita «Ibaizabal» aldizkarian bere. Eta Euskaltzaindiaren «Euskera» aldizkarian zenbat? Liburu lodi ta sakon bi egiteko lain.

        Bere azkenengo idazlana auxe izan zan: «El vascuence y varias lenguas cultas. Estudio comparativo». Bilboko «Publicaciones de la Junta de Cultura de Vizcaya»-k argitaratu eban, 1949-garren urtean.

        Lan guzti orreik eta geiago egin ebazan gure erraldoi odolgorriak. Baiña gatozan gure lan oneri dagokion arira. Euskal-idazle legez, zelangoa genduan Azkue? Ona, gazte eldua izan zan urteetan, bizkaieraz idatzi eba zan idazlanetan. Leenengotan eta gazte eldua izan ondoren, gitxiegi edo geiegi ekialako, etzan punterengo idazlea izan.

        Bizkaierazko bere idazlanik jatorrenak «Bein da betiko», «Jesusen biotzaren illa», «Txirristadak», «Vizcaitik Bizkaira», «Latsibi» eta «Ipuiñak» dira. Orreitan itxi euskuzan Azkuek gure bizkaierazko literatura pitxirik ederrenetarikoak; orreitan darabillen euskerea erreza, ugaria, bizia, errikoia da; berba baten, jatorra. Izan bear, erriaren eta idazle zaarren iturritik ura edan ezkero!

        Alan eta guzti bere, ba ditu «berekeri» batzuk gure Azkue andiak. Pitxizalegia bere bada eta «batzuetan, ekian guztia erakutsi bearraren erakutsi bearrez, bere lanak naturaltasun apur bat galdu egiten dabe...» [12].

 

 

Lora eder batzuk

 

        Errefranak

 

        «Munduan nai dabenak luzaroan bizi, olloakaz, oera, txoriakaz jagi».

        «Ezkondu arte larri, ezkonduta gero barregarri».

        «Anega erdiko zorroak anegarik ezin artu».

        «Arran min bakoa ugerrak jan» edo «arran min bakoa sasian usteldu».

        «Gitxiegia ta larregia, beti kaltegarria».

        «Nagiaren urak tenple bi. Batean otzegi, bestean beroegi».

        «Olgeteak benetea ekarten dau».

        «Urruneko intxaurrak amalau, bertara joan ezkero lau».

        «Zeurea egin artean mantso ta mantso; zeurea egin ezkero, zantzo ta zantzo».

        «Zorri il biztua baiño pizti txarragorik eztago».

        «Arre, danak egin eztaiskuen barre».

        «San Antonio, San Antonio, txarria gaixo danean; eztau iñok esaten odolostea jaten danean».

        «Zoroak egin, eroak egin, egiña egin».

        «Zorra, lorra».

        «Zaldizkorik ez ta oiñezkorik nai ez».

        «Orratzak baiño ariak luzeago izan bear dau».

        «Oker batek gauza oker asko».

        «Ezer ez ta zarata, iñor ez ta geriza».

        «Daukanak, dauko; eztaukanak, baleuko».

        «Igez igezkoa ta aurten aurtengoa, nekez ezkonduko da ganorabakoa».

 

 

        Izen ona

 

        Bein, Sua ta Ura ta Izen ona alkarregaz joiazan. Banatu ta galduteko bildur zirean, ta otu jaken galdu ezkero zelan alkar aurkituko ete eben jakitea. Suak esan eban:

        —Zuek aurkituko nozue kea darien toki guztietan.

        Urak esan eban:

        —Ni, toki zingiratsuetan aurkituko nozue.

        Eta biak batera Izen onari itandu eutsen:

        —I, adiskidea, nun aurkitu al izango augu?

        —Ni —erantzun eutsen Izen onak—, bein galdu ezkero, galduta nago betiko, enau iñok aurkitu al izaten [13].

 

 

        Gogorakizun bat:

 

        Gaiztagiñen bat katigutegian nai urkamendian ildakoan, seme-alabarik itxi badau, onei alegin guztiaz estalduten jake aren bizikerea. Euskalerriaren bizikerea gure begietatik ain arduraz gordeten dauskuenean, bati otu leio urkamendian ildako gaizkiñen bat izan ete dan. Eztabe esaten beronen legeak eredugarriak direala? Zergaitik, bada, gure lege-gizonai etxakez erakusten, erbesteko legekuntzak irakasten jakezan ezkero? Eztabe esaten euskaldunen ekandu zaarrak erri baten sendo ta zindotasuna azalduten dabela? Zergaitik, bada, antxiñako erriak zelan bizi zirean irakasten dan orduan, gure leenagoko ekanduai liburu zaarren autsetan ito eragiten jake? Unibersidaeetan erromar, greziar, indiar, arabiarren berbetak, zelan edo alan, adierazoten dira. Eta euskera ez al da izkera orrek baizen zaarra, mamintsua, ugaria, sakona, apaiña ta ikasgarria? [14].

 

 

        Esakerak:

 

        «Bideak betean etozan gizon eta emakume aldra andiak».

        «Sermolariari ez eutsan Peruk ain ain ain zera eritxi».

        «Neuk orreri eskua emon? Baita zera be!».

        «Erregetxurik txuenak buru jaso leike Diruaren aurrean».

        «Egundo olakorik! Nun batu dozak ardi orrek?».

        «Gau aren luzea!».

        «Nire begiak eztautso gatxik egin».

        «Nik emon? Ezta...».

        «Joan eta joan eta joan, aurrera beti».

        «Amesetan izan ezik barrerik egiten ez ekiana».

        «Iketan baiño lauago berba egingo eutsan».

 

        [1] «Ipuiñak», 150-garren orrialdean.

        [2] «Euskalerriaren jakintza», leenengo tomoaren itzaurrean.

        [3] Idem.

        [4] Ori zala-ta, sortu ziran eztabaida ta asarreak ikusteko, irakurri: «Historia de la literatura vasca», Villasante, 285 eta 342-garren orrialdeetan.

        [5] «Además de a la Real Academia Española, perteneció a la Sociedad lingüística de París y a la Academia de Ciencias de San Petersburgo» («Azkue lexicógrafo, foklorista y gramático», Bilbao, 1966, pág. 11).

        [6] Bilboko Nerbion ibaira jausi zan, eta andik lasterrera il zan. Nik ez nekian, orduan, Azkue nor zan; baiña antxe egon nintzan, Teatro Arriaga ondoan erdi-itota atara ebenean.

        [7] «Itzaldiak», 1923, 71-garren orrialdean.

        [8] «Lenengo Euskal-egunetako itzaldiak», 130-garren orrialdean.

        [9] «Ipuiñak», 208-garren orrialdean.

        [10] Orixe, «Euskal literaturaren atze edo edesti laburra».

        [11] Mitxelena Luis, «Zeruko Argia», 1964. Mitxelenaren eskuetan itxi dau, orain, Euskaltzaindiak, Iztegi andi ori aztertu, osotu ta barriro argitaratzeko prest ipintea.

        [12] Etxeragusia Karmelo, «Euskal Idazleen Lorategia», 194-garren orrialdean.

        [13] «Ipuiñak», 53-garren orrialdean.

        [14] «Ipuiñak», 210-garren orrialdean

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia