Enbeita Kepa

1878-1942

 

        Nor zan

                «Ikasi daigun erdera, prantzez,

                naiz ingelesan elia;

                ikaste ori ontzat daukagu,

                baiña lenengo geuria.

                Izkuntza danak gurgarri dira,

                autortu nai dot egia;

                geuretzat, baiña, gurgarriena

                euskera maitagarria» [1].

        Esan ta egin, ondo ikasi eban euskera Enbeita Kepak. Eta Euskalerri guztitik ibilli zan, euskera ederrez jantziriko bertsoakaz, euskaldunen gogo-biotzak bizkortzen eta adoretzen.

        Izan bere, Bizkaian izan doguzan bertsolarietarik onena izan genduan. Etxaun, Zuberoan; Alkain, Lapurdin; Xenpelar, Gipuzkoan; eta Enbeita, Bizkaian.

        Bertsolari ona be ona izan zan gure «Urretxindorra». Baiña bertsolaria bakarrik ez; idazlea bere izan zan, eta orrexegaitik jarri dogu euskal-idazleen artean.

        Muxikan jaio zan, Usparitxa baserrian. Eta antxe igaro eban bere bizitza guztia baserri lanetan eta otzaragiñan (otzaragillea izan zan-eta).

        Ogetalau urteko zala ezkondu zan eta zazpi seme alaba izan ebazan.

        «Biotz andi baten jabe genduan, eta bizitzako une oroz biotz orreri astiñaldi ederrak emonik, txinpart urtika bizi izan zan: suterrautsa, biztu ezkero, millaka txiñarretan lertzen. Orrelaxe aren biotza be. Eta txinar orreik olerkiak doguz, bertsoak doguz. Eta, oraindik be, aren biotzak bizi-bizi dardar dagi itxi euskuzan olerki orrein bitartez; bere garaian, millaka ta millaka biotz, zauskada sakonez ta esan nai eztiz, arroturik itxi ebazan lez, gaurkoonak be, eurok irakurri ta auznartuz, adierazpen kementsuz ta gozotasun jarioz samur atsegintzen dauskuz...» [2].

 

        Idazlanak

        Irureun ta berrogeitamar bertso-lan inguru itxi dauskuz Enbeitak. Batzuk aldizkarietan argitaratu ziran.

        Beste batzuk liburu baten:

        «Enbeita oleskaria». Zarautz, 1965. Aita Onaindiak batutako bertso-txorta.

        Bertsolari legez punterengoa izan zan. Baiña bertsolaritzan eldu zan maillaraiño etzan eldu olerkaritzan. Ezta urrik emon bere!

        «Izan bere, bertsolariak ba du alako zer bat, eskolatuen artean izaten ez danik. Ez ezin izan leitekealako, izan oi ez dalako baizik. Eta bildur izatekoa da, bertsolari jatorrak eskolatzen astean, olako zer ori galtzea. Arriskua dago.

        »Zer da, ordea, zer ori? Bertsolarien zer berezi ori? Ez da errez esaten. Gatza? Bizitasuna? Azkartasuna? Zorroztasuna? Nik al dakit? Jatortasuna, bertsolaritasuna. Dana dala, letradun poetak, gutxitan, oso gutxitan izan oi duten zerbait. Eta bertsolari bati ori kendu ezkero, poeta bat geiago izan dezakegu, baiñan baita bertsolari bat gutxiago ere» [3]. Bertsolarien zer berezi ori ba eban Enbeitak, baiña olerkarien beste zer berezia ez. Alan eta guzti bere, ba ditu, noizpeinka, alako olerki eder batzuk.

        Euskera aldetik, erri-erriko euskera erreza ta jatorra darabil, bere aldiko garbikeri batzukaz «apainduta». Aldian aldiko.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Garaille

 

        Ipar-aizeak ego-alderantz

        baztertu ditu odei lodiak;

        mendi ertzetik urrezko brintzak

        agertzen deuskuz euzki-argiak;

        zoragarriro, apain jantzirik,

        ibar-zelaiak, baso-mendiak;

        Izadiaren edertasunaz

        geldurik dodaz biotz-begiak.

 

        Basetxetxuak edur irudiz,

        teillatuetan uso zuriak;

        ardi ta bildots eta abar larran...

        abiagiñen bizkor txoriak;

        goi-beietako eresi gozoz,

        alaiki zar ta gazte guriak;

        bakotxa beren lanetan, zintzo,

        zorun-itxaroz, dabiltz guztiak.

 

        Itxaso zabal, zelai oztiñan

        itxas-txoriak dabiltz igesi;

        ara-onaka, noizpeinka egaz;

        lan eta jolas... pozaz dirudi;

        eurak dakie, ondo jakin be,

        nundik nora ta zelan ibilli;

        onein zorunak bekaitz zitala

        sortuten dautse... itxas uiñari.

 

        Iñoren onik ikus-eziñak

        senetik urten eragin dautse;

        zelaiak montor biurtzeraiño

        danak baturik naste-borraste;

        aurrean artzen daben guztia

        jo ta lertuko dabela uste...

        arropuzturik ibilli arren,

        nok lortu, baiña, uste daben beste?

 

        Esker-eskuma, txori zintzoen

        ganera dator gorroto bitsa,

        txoriak, baiña, egoak dabez,

        uiñai uts emon, egaz gorantza;

        uiñak amorru-abiadeaz

        jo dabenean aurreko aitza

        lertu dira-ta... txoriak, barriz,

        garaille dabiltz igeri, dantza [4].

 

 

        Esakerak

 

        «Aurten bauku gariten!».

        «Olerkitxu bat egin nai dautsot egi-egia dalako».

        «Ganera, barriz, zetan esan bez,

                maite bakotxak bereak».

        «Ene seme gaiztotxuak,

                aita jagok ona,

                zein bear egin dozuen

                jakin daunik ona!

                Baztarren lotsagarriok,

                or basorik-baso,

                sasi-eskola eginda

                ibilli zare atzo».

        «Orain gaiagozak onak,

                ene anai Pakun!

                A zelako txibit-otsa

                atarako dauskun!»

 

        [1] «Enbeita oleskaria», 90-garren orrialdean.

        [2] «Enbeita oleskaria», itzaurrean.

        [3] Lekuona Manuel, «Basarriren bertso sorta» liburuaren itzaurrean.

        [4] «Enbeita oleskaria», 139-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia