Bustintza Errosa

1899-1953

 

        Nor zan

        Izkuntza bat biziko bada, andrazkoak bear-bearrezkoak doguz, batez bere amak erakusten deutsolako bere izkuntza bere seme-alabai. Euskera biziko bada bere, emakume euskaldunak bear-bearrezkoak dira. Eta, oraingo egoerea ikusirik, emakume euskaldunak eta euskalzaleak bear doguz.

        Oraiñarte, emakume euskalzale gitxi izan dira; banaka batzuk bakarrik. Bustintza Errosa izan genduan orreitariko bat. Eta euskalzale bakarrik ezeze, euskal-idazle bere izan zan; eta ez edozelangoa, gaiñera.

        Kirikiñoren lobea izan zan. Eta Mañarin jaio ta bizi izan zan. «Mañariko Errose» edo «Mañariko» artu ebazan, orregaitik, bere izen-ordekotzat.

        Zelango osabea, alango lobea, Errosa bere idazle jatorra izan genduan. Eta bere osabearen antzera, ipuin-zalea; erriak ezpan-belarri darabilzan ipuin zaar zalea, batez bere.

 

        Idazlanak

        Ez eban libururik egin Bustintza Errosak. Baiña bere idazlan guztiak batu ezkero, liburu ederra argitaratu leiteke. Ain zuzen bere, amaikatxo lan egin ebazan bere denporako aldizkarietarako. «Jesusen Biotzaren Deia» aldizkarian, batez bere, agertu ziran idazlan mordo bat.

        Olerki eta kantu-letrak bere ainbat egin ebazan.

        Aberatsak dira bere idazlanak etnolojia aldetik.

        Euskera erreza, errikoia darabil; noizik-bein, garbikeritxo batzuk ditu.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Mutilla ta muzkerra

 

        Igande goiz baten, Otxintxuetako mutil gaztea, ez mezarik entzun, ez ur onetsirik artu, kistarraren ezetariko bearkunik betetu barik, patxaraz-patxaraz, basora joan zan.

        Mutilla, joan eta joan, ba joian bidean; eta aurrera ta aurrera egiñaz, mendi gallurrerantza egiten eban beti. Eta bide zati andia olan igarota, sastrakarte batera eldu zanean, pizti narraz batek ezkerreko oiñean, zart, min-bizi mingarria egin eutsola oartu eban. «Ai, ene», andi bat egiñaz, begiratzen dau, ta musker andi batek bere oiñean aoa ezarrita eukola ikusi eban. Estutu zan, larritu zan; eta esku-makilleaz zartada errimeak emoten eutsozan arren, ikararik be ez muskerrak, gogor bertan.

        Ori ikusita, mutilla, ara inguruetara begi luzez begiraturik, laguntza eske deadar baten asi zan. Bere deadar zolietara, bertatik, atsotxu bat agertu zan. Eta, atsotxu zaarra, mutillaren oiñean alako musker andia ikusi ebanean, gelduta geratu zan. Eta zur eta lur eginda, bere esku biak buruan ebazalarik, mutillari erruki andiz esan eutson:

        —A..., mutil; ederra daukok aldean! Gaur igandez mezarik entzun dok?

        —Ez, eztot entzun —erantzun eutson mutillak, negar muzkerioz.

        —Eta ur bebeinkaturik artu?

        —Ezta.

        Kistar-bearkunak ez ebazala betetu ikusi ebanean, atsoak barriro be bere esku biak burura jaso ebazan, eta, olan luzarotxoan egonda gero, tamal-tamalez esan eutson:

        —Ire galdua, mutil, ori olan badok! Orain, pizti orren aoa ire aragitik aldenduteko, iru erritako elizako kanpaiak amar miñutuen barruan ots-egin bearko joek. Bestela... ire zoritxarraren zoritxarra! Muskerra oiñean dokala, or egon bearko dok betiko.

        Itz bildurgarriok entzunikoan, mutillak, garratzago negar egiten eban, amar miñuturen barruan iru erritako kanpaiak jotea gatxa be gatxa izango zala-ta.

        Negar asko-asko eginda gero, bere begiak begirakune illunez zuzenduta, atsoari abots illunez itandu eutson:

        —Eta... amar miñuturen barruan, iru errietako kanpaiak nok joko dauz?

        —Besterik ezean, neuk joko joadaz, mutil —erantzun eutson atsoak errukiz—. Ori egiteko, eure obenakaz damututa agoan ala ez jakin bear, baiña... damu az eztok?

        —Bai, damu naz —erantzun eutson mutillak bular-joka.

        Orduan atsoa, «ondo jagok» esanda, iru erritara joan zan, eta euretariko eleizetako kanpaiak gogo beroz, jo ebazan.

        Lenengo erriko kanpaiak, bere otsagaz batean esan eban:

        «Txalan, txalan; mezarik entzun eztaualako muskerra oiñean».

        Bigarrenekoak, barriz:

        «Txilin, txilin; ur bedeinkaturik artu eztaualako, muskerrak min egin».

        Irugarrenekoak, ortera:

        «Txolon, txolon; txarto egiñaz damutu dalako, ointxe bertan zori on».

        Eta, azkenengo kanpai-otsagaz batean, muskerra mutillaren ondotik arrapaladan aldendu zan eta bide zidorretik arin-ariñka joanda, sasipe baten sartu zan.

        Olan mutilla, muskerraren aotik aske geratu zan, oratuaren ezaugarririk be geratuten etxakolarik [1].

 

 

        Esakerak:

 

        «Noizik-bein izanda be, andren esana egitekoa da. Sorgin eta lamiña kontuetan atsoak dozak nagusi bai...».

        «Tirok, tirok, itxaron egik apurtxo baten».

        «Egingo neuke "bestaldeko mutikoak" dagozala bertan! Onako demoniñorik!».

        «Eta olako itzak esanda gero, alako baten, alderrezkan polito polito imiñita egozala aurkitu ebezan».

        «I az kokoloa! Ori be esan?».

        «Iñon diran zirki-mirkiñak egiñaz».

 

        [1] «Jolasketa», Aita Onaindiak egindako Lorategia, 115-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia