Manterola Gabriel

 

        Zeanurin jaioa (1890). Abadea.

        Gazterik asi zan abade au euskera landuten, eta onetan diardu gaur bere. Orrexegaitik daki euskera ain ondo.

        Euskal-idazle ona da Manterola. Baiña, garbikeri giroan bizi izan da-ta, ba ditu garbikeri batzuk bere idazlanetan, gaztetan egindakoetan, batez bere.

        Beste euskal-idazle askoren antzera, izen-orde zalea izan dogu au bere: «Gama», «Mitarga», «Urigoiti» eta abar.

        Bai itz-lauz, bai itz-neurtuz, idazle ugaria dogu. Ara bere idazlan batzuk:

        «Santuen bizitza laburrak» (1925).

        «Ipuintxoak» (1929). Schmidenak euskeratuta.

        «Goi-Izpiak» (1921). Olerki txorta.

        «Jesukristoren Nekaldia». Itzulpena.

        «Gabonetako antzerki jaunkoia». Itzulpena.

        Eta abar eta abar, aldizkarietarako artikuluak, batez bere. «Ekin»-en, esatebaterako, lau urte t'erdian, iru-lau artikulu idatzi ebazan numeru bakotxean.

        Argitaratu barik bere, ainbat idazlan ditu.

        Ona emen, «Redención» aldizkarian agertutako artikulu bat:

 

       

        Artegatasuna

 

        Gaurko munduari azalez begiratuta, gauza bat argi agertzen da: Gizonen artegatasuna. Alde ta gizarteko mailla guztietan urduri, arteak artu eziñik dakusguz. Munduaren bide kurutze baten bizi gareala esan geinke. Gizonaren asmakizunak egunetik-egunera andi ta arrigarriagoak dira. Baita gizonaren bearrizanak be. Asmakizunen ondorena, ondasunak ugaritzea, eta, jakiña, ortik bakoitzak albait aundiena eskuratzeko gurari ta alegiña.

        Ondo dagoanak, obeto nai; naiko dabenak, geiago; txarto dagoana, onaren billa; ugari daukanak, ase eziña: guztiak artega, guztiak mitxeletaren antzera, esku artetik iges egiten dautsen zorionaren billa, eta zorionik ez. Batzuk, bear dabenik ez; beste batzuk, daukenagaz zer egin ez dakiela. Batzuk, urritasunez zoritxarreko; beste batzuk, andi-naiez; eta ok-eginda dagozanak, larregikeriz... Au da gaurko zoritxarra. Guztiak zorionaren billa, eta zorionik ez. Guztiak urduri, artega, noraezean, itsumustuan, bizitza bidean aurrera...

        Azaleko artegatasun onek sustrai sakonak ditu gizonaren buru ta biotzean. Lenengo tokia dagokiona —au da, arimako osasuna—, azkenengoan ipinten bada, goikoz-bera ibilliko da, eta ori ez da bide zuzena, beraz, ez zorioneko bidea be. Gogoko ez jakon egia aintzat artu ez, eta ondo datorkion guzurra aintzat artzen dabenak, gizon lez ez dau jakotzen, eta kristiñau lez gitxiago. Gogor egiten jakon eginbearrari baiño, errez errez egiten jakon atsegiñari jarraitzen dautsonak bidetik urten daben trenaren antzera, burua apurtzeko arriskuan dabil. Jaungoikoa ta Bere legea aintzat artzen ez dabenak, edo azalez bakarrik, bere burua egiten dau jaungoiko, ta bere inguruan dagozanak burua makurtzea nai dau, eta lurreko ondasun eta atsegin guztiak beretzat nai ditu... Gizonaren burua, egiak bakarrik asetu daike; gizonaren biotza, ontasunak bakarrik, eta egitik iges egiten daben neurriz, burua lauso izango dau, eta ontasunetik aldentzen dan neurriz, biotza zoritxarreko.

        Norberagandik iges egitea ez da gauza erreza. Alan da be, gaur egunean artegatasuna urrindu nai daben askok bide ori artzen dabe. Ainbeste joan etorri, ainbeste jolas, ainbeste jan-edan eta atsegin billa ibiltea, nor beragandik iges egiteko ez ete dira? Baiña barruko, kontzientziako arra, orregaz ez da ateraten, sakonago sartu baiño. Ori dala-ta, beti geiago naia ta asetu eziña. Zarata, iskanbilla, jolas eta atsegin artean be, barruko deiak aurrera jarraitzen dau.

        Itz baten, gizonaren buruak egi barik ez dau bakerik, eta ez da griñak ezi barik gizonaren biotzak. Jaungoikoagandik aldenduta iñok eta iñoz be ez dau zorionik aurkitu, eta gure biotza, Austin deunak diñoan lez, «Jaungoikoak egiña da-ta, ez dau bakerik Beragan atsedendu arte.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia