Larrakoetxea Alejandro «Legoaldi»

 

        Zeanurin jaio (1892). Karmeldarra. Aita Hipolito.

        Ipuin-liburu eder bat argitaratu eban Bilbon, gerra-aurretxoan: «Grimm anaien ipuiñak». Itzulpena da, baiña euskeratzen eta euskaldunduten ondo daki Legoaldik. Ederto be ederto darabil Bizkaiko euskerea, bere Arratiako usain gozo ta guzti.

        Ba ditu izan arako garbikeri batzuk, baiña, alan eta guzti bere, euskera ederra da Legoaldiren euskerea.

        «Karmendo Argia» aldizkarian bere, aldi baten, ainbat artikulu idatzi zituan.

        Donostian argitaratu zan, 1927-garren urtean, Andra Mari jaietan Zeanurin egin eban itzaldi bat, Zeanuriko euskeraz.

        Ona emen Grimm anaien ipuin bat:

 

 

Zein nagiago

 

        Nagusi batek iru seme eukazan. Irurak bardin maite ebazan, eta ezekian nor izentau bere eriotza osterako Nagusitzarako.

        Ilteko garaia eldu jakonean, deitu ebazan oe-aurrera ta dirautse: «Seme maiteok, adierazo nai dautsuedan zer bat jaukat barruan oldoztuta: zuon artean nagiena, axe izango dok nire ostean Nagusi».

        Ta erantzun eutsan zarrenak: «Olan Nagusitzea neurea da, ni ba, nagiagoa naz nagiagoa! Oian lo natzanean, begietara tantakaden bat jausi badakit, eztot kenduten lotan jarraitutearren».

        Erantzun eutsan bigarrenak: «Aita, Nagusitzea neurea da, nagiagoa naz ni nagiagoa! Sutondoan berotuten nagoanean, lenago izten dodaz beatzak erretan, bernak atzeratu baiño».

        Esan eutsan irugarrenak: «Aita, Nagusitzea neurea da, ni bai ba naz nagia. Urkatu bear banindue eta sokea saman baneunka ta norbaitek sokea ebagiteko aiztoa eskura emongo baleust be, lenago itxiko neunke neure burua urkatuten, eskua sokaraiño jaso baiño».

        Aitak, au entzun ebanean, esan eutsan: «Kontxo! I langorik etxagok, mutil; eu izango az Nagusi» [1].

 

        [1] «Grimm anaien ipuiñak», 320-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia