Onaindia Santi

 

        Amoroton jaioa (1909). Karmeldarra.

        Idazle ugaria; eragille ta argitaratzaille aspertu-eziña. Nok esan zenbat lan egin dauan euskeraren alde, batez bere gerra osteko urte luze illunetan?

        Bizkaieraz eta gipuzkoeraz, itz-lauz eta neurtitzez, goi maillako euskera landu, garbi ta aberats bat lortu gurean diardu. Izen-orde oneik erabilten ditu: «Igotz», «Otarri» eta «O.».

        Bere idazlanik onenak oneixek dira:

        «Milla euskal-olerki eder». Euskal-poesiaren antolojiarik andiena.

        «Iru poema». Tagoreren iru poema euskeratuta. Bizkaieraz.

        «Eguneroko Mezea». Bizkaieraz.

        «On-bidea». Santa Teresaren «Camino de perfección» euskeraz, aita Linorekin batean. Bizkaieraz.

        «Gure bertsolariak». Gure bertsolari ta bertsolaritasuna ezagutzeko liburu ederra. Bizkaieraz.

        «Jolasketa». Eskola-umeentzako kanta, jolas eta ipuin lorategia. Bizkaieraz eta gipuzkoeraz.

        «Bergiliren idazlanak osorik». Ibiñagabeitia ta bien artean itzulita. Gipuzkoeraz.

        «Danteren Jainko-antzerkia». Danteren «La divina comedia». Gipuzkoeraz.

        «Odak». Horaciorenak. Gipuzkoeraz.

        «Esoporen ipuiñak». Bizkaieraz.

        «Larrea eta karmeldarrak». Bizkaieraz.

        «Giza-bizia». Gipuzkoeraz.

        Eta abar eta abar.

        Ona emen lora eder bi:

 

 

        Olerkaria

 

        Olerkaria —goi-argiz biztu-indarturiko gizaki berezia— beti agertu izan da errien aurrean noizean beingo, bakan arrigarri legez. Baiña eta bizi erritik kanpo, gogoz beintzat, erriari ondo korapillotua baiño. Sorterrikoen arnas bizi sakona lez da, arein ames, bizi-nai, biotz-ikara ta asmoak zirt edo zart, oso ausarditsu, lau aizetara iragarriaz.

        Asmamenez, goi-argiz ta maitasunez jantzia da; baiña bere olerki-lana ezta iru gai orrein jokoa bakarrik; izan daiteke, ta izan bear dau, bere erriaren barru lokartua esnatu ta indartzeko mezu bat, mandatu bat, erreparri bat daroana be.

        Olerkaria beti jaku eder. Bere barru-kemena damosku, bere zentzun ezkutua, izamenaren barru ixilletik jagitako adierazpen gaiñez-gaiñetikoa, metafisikoa. Bere barne-lan biziakaz, munduaren eta bizitzaren gaiñezko egazkadaz, munduan eta bertoko gauzetan beeregi sarturik dabiltzan gizasemeai aparteko mandatua dakartse [1].

 

        Olerkia

 

        Amets bat legez da olerkia. Itz-joku lilluragarria. Egiazko mundua antz-aldatu ta irudizko bat sortu ta eratu oi da. Poesia baten, bada, irudiaren indarrak eroan oi gaitu, gauzak inportantzi ta gora geiagoz jantzi ta eder-baliotsuagoa egiñik.

        Ortaz mintzatzen jaku Ortega y Gasset: «Olerkia —diño— itz-joku zoragarri da; gure gogoak, gauza baten, erabilliaren erabilliaz erdi galduta eukon alderdiaz topoz egin ez dagigun, ustekabeko itzulinguru egiñik, betiko gauza orrek dauan iñoiz ikusi bako bizkar aldea begien aurrean ipinten dausku. Gauza txautu ta lizundu ori, izentatze barriak, sorginkiro, bir-sortu ta lengoratu oi da».

        Olerkiak, izan be, bere irudikizunez gauzeari izen barria ipiñi ez-ezik, gauza orren guna, mamiña, izana bera be azaldu egin daroa. Ta olerki-mundu orrek, ainbat gauza, guk sarri ikusi ta ikutzen genduzanak, barriro sortuta, jantzi zoragarriz dizditsu, lillurapenik tinkoenean jarten dauskuz. Gauzen mundu barri bat, guk ez genkiana, bizi, indartsu, dardaraz daukagu aurrean; ots, mundu au ta bertoko gauzak, irudimenezko mundu egiñik daukaguz [2].

 

        [1] «Olerkaria ta olerkia»; «Olerti», 1969 (I-II).

        [2] Ibidem.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia