Akesolo Lino

 

        Diman jaioa (1911). Karmeldarra.

        Bai euskeraz eta bai erderaz, ainbat idatzi dau euskal-gauzai buruz. Euskera zaarra ta erri-izkera ondo ezagutzen dauz eta bizkaierazko idazlerik jatorrenetarikoa dogu berau.

        Erabilli izan ditun izen-orde batzuk «Axmutil», «Nonzebarri», «Basabil», «Amuxalde» «Andoni Zubero» izan dira.

        Ara bere idazlan batzuk:

        «Agure kezkatia». Cervantes-en «El celoso extremeño». Argitaratu barik dago.

        «Ipiña ta ipiñatarren barri». Zeanuriko euskeraz, Angoitia Fabianegaz batean.

        «On-bidea». Onaindiagaz batean.

        «Salmoak». Iratzederren lan ederra bizkaieraz. Barriren barri egiñak dirudie. Bizkaiko euskerarik jatorrenean.

        «Euskal-esnale ta euskal-idazle (Yose Paulo Ulibarri, Okendoko semea)».

        «Azkue, euskalzale».

        Eta abar, aldizkarietan sakabanatuta.

        Bere lora eder bi artu daiguzan:

 

 

        Santa Teresa eta otoitza

 

        Ezta edozelangoa Ama Teresak otoizlariari eragin gura deutson goruzkoa. Lenengotarik asita, gorengo gaillurrak erakusten deutsoz; bideko nekeari jaramonik egin barik, gogo beroz ta adoretsu aurrera egiteko poza sartu nai leuzkio, goiko iturri bizian edateko egarri gorria sortu.

        Egia esan, bide au ezta neke bakoa, batez be asikeran; baiña Jauna bera dogu bidelagun. Lan egin eta izerdia bota bearko da; baiña, ara an, azkenean, iturri bizia, zeruko ur asegarriz gaiñezka. Ur orrek egarri guztiak kendu ta asetzen ditu; munduko su guztiak amatau ta arimearen loi ta uger guztiak garbitzen ditu. Bera da naikoa bideko nekerik gogorrenak ordaindurik izteko. A zori ona ta atsegiña, ur jainkozko ori aoa betean edatera eldu diranena!

        Uraren irudi au txitean pitean dator liburu onen erdi ingurutik aurrera; oso atsegingarri izan jakon bere bizi guztian Ama Teresari. Txikitarik asita, ondo gogoan sarturik eukan arako Samariako andrearen iduria, Kristori ur-eske: «Emoidazu ur orretatik edaten». Zer adierazo nai deusku liburu onetan ur orregaz? Geien baten, otoitzik bikaiñena, Jainkoaren adiskiderik miñenen otoitza, guk geure alegiñez lortu ezin geinkeana, Jainkoak berak bere kutunei emon oi deutsena, atsegin eta ondasunik andienak beragaz lagun dakazela. Orduan, ur bizia da, iturritik bertatik arakoa. Beste batzuetan ezta orren goitik datorrena, ez ain garbi; ur egona, iturri-bazterretako zulotxoetan batua ta olakoa. Orduan beeragoko mailletako otoitzari dagokio, beronek ekarten deuskuzan zelanbaiteko atsegin eta ondasunakaz [1].

 

 

        Basajaunek

 

        Iñoz entzun ixengo zenduen basajaunen ixen au. Basajaunek zertzuk zirean jakiteko, ixen onek zer esan gure dauen gomutera ekartea baiño eztaukazue. Jaunek nagusie, uzaba edo agintarie esan gure dau, ta Basajaunek basoan jaune dana edo aginpidea daukena.

        Lenagoko zarrak esaten eudienez, ikeragarrizko gorputze ei eukien, jantzi urdiñek erabilten ei eudiezan, eta euren artean ba ei zirean banaken batzuk bekokien erdien begi bakarra eukienak be. Euren jauntasune, eguzkie sartute urrengo egune zabaldu artekoa ixeten ei eudien. Bitarte orretan basoan aurkituten eudienaren errukie! Baso-lanetan ebizenak ardurez da bildurrez ibili bear eurekaz. Euren jauntasun-orduetan aurkituten eudenari «gaur gabean geugaz ixen beozu», esaten ei eutsien, eta geio gixon orren barririk ez ei zen jakiten.

        Legoaldin asita Otzandagortararte guztien ei aukien euren aginpidea; ta basorik illunenetati ibilten ei zirean geien baten.

        Gixon-okelea janda bixi ete zirean esaten eudien lenagokoak; ba, armol-bitarteak guztiek gixa-azurrez beterik agertuten ei zirean. Augaiti, laneari basora joaten zireanak, eguzkie atzerantza itzultzen zaneko, azkorea ta sakue bizkarrean artute, egun argiz artzen ei eudien atzera bidea.

        Orraitio, gaubetan euren beartxoak eiten ba eiekien, goldaketan ei zirean mutilek. Mendi-ganetati bera datozen erreka-arroak euren gauetako goldaketa-aldietan eineko golda-zuloak ei dire. Atx-kastilloko arri nausien azpien eukiten ei eudiezan euren batzarrak, eta batu be ainbat eiten ei zirean bakotxean. Ubideko artzain batek goiz baten Muzurutzgo atx-ganeti begitute, amabireiño ikusi ei zituen Atx-kastilloko arripeti urten, Arraiñetako zubie igaro ta Uguspe-larrati Otzandagortarantza erreskadan joiazala.

        Ipiñeburuko Artea-etzeko gixona eguneko lana amaitutearren, illuntze baten berandurarte gelditu ei zen basoan. Basajaun bi ba jatorkoz, «Gaur gaube geugaz egin bear dozu», dirautsiela. Ipiñeburutarrak: «Bai —erantzun eutsien— baie lelengo iruron artean auxe pago au erdibitu daigun». Ziegaz arrakal andie einde ei euken pago ori, ta batak aide bateti eta besteak besteti arrakalean eskuek sartuten inder eiteko esan ei eutsien. Asi dire, ba, basajaunek olantxe inderka; gure gixonak, barriz, kendu deutso zie pagoari, ta arrakal ori berez estuturik basajaunok eskuek arrakalean katigitute eudiezala gelditu zirean. Gixonak orduen, basajaunok an itxite, erbiek baiño arinego, sekuleko aiñinketadea ein ei bere etxeko atea oan goatu arte.

        Basajaunok zelan ondatu zireaneko barririk zarrak ezteuskue emon; baie eritxi baten, baso illunek garbituteak basajaunek azkena ekarri oala esan geinke [2].

 

        [1] «On-bidea», itzaurrean.

        [2] «Ipiña ta ipiñatarren barri». Zeanuriko euskeraz eginda dago.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia