Aurre Apraiz Balendin «Aurraitz»
Axangizko semea dogu gure olerkari au. 1912-garren urtean jaio zan.
Izen-orde asko erabilli izan ditu: «Aurraitz»; «Mendi-Bide»; «Agerreko Balendin» eta «Agerrekoa».
Olerki-liburu bi idatzi ditu: «Gogo-zelaietan» eta «Errimiña». Baiña argitaratu barik dagoz.
Euskal-aldizkaririk geienetan idatzi dau.
Ba ditu alako garbikeritxo batzuk; baiña olerkari gartsu ta etorritsua da, biotz-ondo andikoa.
Ona emen bere olerki eder bat:
Illuntzeko otoitza baserrian
Euzkiak urrea gorde dau arrats-kolkoan;
dana dago bare-bare illuntzeko bakean.
Ixil baten sakonak eres mendi gaiñean;
otsik bako diadarrak samur biotzean.
Iruntzaren laztanean basoak lotara;
izadi-altzoan lokartu ditu eun lora.
Gabari deika lenengo izarren dizdizera;
biotz garbiak amets gozotan ari dira.
Larrin ezean artzain-mutillak samur-samur,
txilibitua joten diardu, zeruak ur.
Ardi otzanak entzuten urrera jakoz zur;
bere eresian galdu da, urdiñak zear, ziur.
Neskatxen maite-kantak noizpeinka guztiz zoli;
maiteminduek ezin entzumenik estali.
Ardi galduak dunboska ibilli ta ibilli,
ezin dira besteekana beingoan itzuli.
Egunaren nekeak suntsitu dira larri;
gau-egun bitartea gogoen laztangarri.
Munduko atsegiñetan gogo-pozak urri;
illuntzeko kadena amets garbien oñarri.
Baseleizako kanpai-otsak garden ei dira,
otoitz eske, arruak zear, biotzetara.
Nekeen azkenean eskaritxu bat onura;
berein gogok batera iru «Agur Miren» gora.
Baso, mendi, solo eta landetatik sutsu,
illuntz-otoitza zeruetara doa ixiltsu.
Biotz onen ordain, bake bat berantz gozatsu,
basoetako illuntzen zeru-zundez kutsu.
Illuntzeko otoitzaren bide ezaunge ta leuna!
Ixillaren barruan dabil eres biguna;
gizaseme onen biotzetan entzumena;
munduko soiñuek ez dabe alako ots ona.
Basotar leunak ez daki Beethovenik zanik,
ez or zear dabiltzan eresien barririk;
baiña Ereslari Gurenak urrun batetik
pozten dautso barrua, itxaropenez beterik [1].
[1] «Milla euskal-olerki eder». 772-garren orrialdean.
© Mikel Zarate