Etxenagusia Karmelo

 

        Igorretan (Durangon) jaio zan Etxenagusia (1932). Abadea da.

        «Euskaldunok, azalez beintzat, otzak eta biotz gogorrak edo agertzen ei gara sarri askotan; baiña azal orren azpian ez ete daroagu, gero, biotz bigun samur bat eta ez ete gara erromantiku negarti batzuk? Euskera dala-ta, beiñipen, zenbat bertso eder, zenbat aiene, negar garratz ta itxaropen gozo gure liburuetan!» [1].

        Biotz bigun samur bat dau Etxenagusiak bere. Baiña ez da erromantiku negartia, egite-zale irribarretsua baiño.

        Idazlan txalogarriak eta onuragarriak egin ditu gure idazle zeatz eta langille onek. Begira:

        «Bizkaierazko elerti (literaturaren) atze edo edesti laburra» (Eskola-barrurako bakarrik). Derioko Seminarioan emoten dituan euskerazko klaseatarako egiña. Argitaratu barik.

        «Bizkaiko euskal-idazleen Lorategia». Bilbao, 1957. Multikopiaz egiña.

        «Gipuzkoako euskal-idazleen Lorategia». Bilbao, 1967. Multikopiaz egiña au bere.

        «Euskal-idazleen Lorategia». Donostia, 1967. Aurreko Lorategi bien laburpen bat. «Bilduma bat dozu liburu au: batetik, neure lantxu bi batu ditudalako emen (urteokaz neure ikasleentzat polikopiaz egindako Antolojia bi, "Euskal-idazleen Lorategia" izenarekin: bata, bizkaierazko prosistena; bestea, gipuzkerazkoena); bestetik, gure prosistarik onenen zatiekin osotutakoa dalako. Danetarikoak dozuz idazleok: zaarrak eta oraintsuagokoak, jokera batekoak eta bestekoak, edo ta bien bitartekoak... Egia esan, ba dago, bai, nun aukeratu! Ta or gabiz, gero, gu zer ori zabaltzen: euskeraz ez dala ezer idatzi! Bear bada, ezin geintekez asko arrotu inguruko errien aurrean; baiña egundo iñungo eskoletan irakatsi ez deuskuen izkuntza zaar onek orrenbeste idazle sortzea, ez ete da arrigarria? Ni neu baiezkoan nago...

        »...gure gazteak, burua landu nai badabe, erbesteetako literatura ez eze, geure-geurea dogun euskerazkoa be sakon ezagutu bear leukee; ta ezagutu bere, ez gero edozelan, ur-urretik baiño: au da, idazlerik onenen lanak irakurri ta aztertuaz... » [2].

        Beste lan eder bat darabil esku artean, azkenengo urteotan: Liturjiako texto ta umetxoentzako dotriña barriak euskeratzea.

        Ona emen, adibidez, bere lora eder bat:

 

 

        Euskerearen antxiñatasuna ta senideak

 

        Noztikoa ete dogu gure izkuntza?— Zaarra be zaarra danik ez dau gaur iñork ukatzen: «...lengua, que podemos considerar, sin ninguna exageración, como el resto único de un continente lingüistico de extensión desconocida, que fue sumergido por las olas de los invasores de lengua indo-europea, hace ya más de tres mil años... Monumento único para la historia de nuestra Peninsula, y aun de todo el occidente de Europa» (A. Tovar). Auxe da, ba, gaur garbi esan geinkeana: izkuntza indo-europeotarrak baiño leenagokoa dogula, gitxienez be, gure Euskera zaar au; ortik aurreragokorik, ezin jakin gauza garbirik... (Paradisuan Jangoikoak Adani erakutsitako izkuntza dala; edo Babelgo naaste aretatik datorrena, Tubalek ekarritakoa, ta olako zerak... zera baiño ez dira: ipuin utsak, edo buru bero baten ameseta gozo ustelak; jakintza zeatz otzaren aurrean, mututu egin bear olako ao beroak...).

        Euskerearen senideak.— Munduan, jakiña, izkuntza asko ta asko erabilli izan dira, ta gaur egunean be erabilten dira. Itxura baten ain desbardiñak izan arren, jakintsuek, gauzak aztertu ta aztertu, izkuntzarik geienen artean alako senitasun batzuk (andiagoak edo txikiagoak, estuagoak edo nasaiagoak) aurkitu dabez... Euskereari, ostera, ezin deutsoe senide ezagunik aurkitu: or dago berau, beti bakarti, beiñolako Melkisedek aren antzeko edo... Au dala-ta, gaur askok «IZKUNTZA BAKARTIA» («lengua isla») deitzen deutsoe» [3].

 

        [1] «Bizkaierazko elerti (literaturaren) atze edo edesti laburra», 7-garren orrialdean.

        [2] «Euskal-idazleen Lorategia», itzaurrean.

        [3] «Bizkaierazko elerti (literatuaren) atze edo edesti laburra», 2-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia