Dei irrintzinaren bozkarioz
Lehenengo euskal liburua
(Linguae vasconum primitiae, 1545)
idatzi zuen Etxepareren ohorez.
Aintzinako mende hilen ezina
ezerezaren huts hotzean ilun,
odolgorri baten iraupen grina
Eiheralarreko herrian itun.
Iraupen grinaren ahalegina
etorriaren bultz berrian haurdun,
lehen emaitzaren dei irrintzina
egunsentiko poz argitan txukun.
Dei irrintzinaren muin ozendura
eztizko ziztadaz zazpi haizetan,
sormenaren barne eragindura
erdiminez hegats urdurietan,
eta munduz mundu dantzan plazetan
gure Euskal Herriko literatura. |
© Mikel Zarate