Denbora hegalarian

 

Gelditu egin zait

nire eskumuturreko erloju zaharra.

Goizaldeko hiruretan gelditu zait.

Baina segundoak, minutuak, orduak

ez dira gelditu.

Aurrera egin dute

etengabeko ekin neurtuan,

geroaren hirritsezko

orain iheskariaren leheneratzean.

Aurrera doaz

mundua bezala,

udaberria bezala,

egunsentia bezala,

nire etxe aurreko soro barrenetik

doan errekako ura bezala,

nire bihotzaren taupada urduriak bezala.

Lehen, orain, gero,

atzo, gaur, bihar,

segundoak, minutuak, orduak

aurrera doaz beti

egunak, asteak, hilak, urteak, mendeak

oraintxeka borobilduz.

Ba datoz, ba doaz,

joan doaz nirekin

nire barnean

denbora hegalariaren

misterio xarmangarrian,

nire niaren hedakuntza

urraduraz txipristinduz.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Etorriaren zorabioz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia