Betiko leloaren nazkaz

 

Ardoaren zorabio eroan

ito dugula diote

haragiaren grina sutsua.

Ardoaren zorabio eroan

Jansenioren beldurrez

ito dugula diote

sexuaren bultzada.

Magnetofoi berritsuaren

lelo gogaikarriz diote

egia gezurtatuaren irri

ta arbuio maltzurrez.

Tximino ta loroen odolez

elikaturiko masialarien

jakineztasunez diote

nire amorru garretan

txinparten distiraz

mila nazka sortaraziz.

Erdaraz diote...,

nire aitonaren hamasei seme-alabak

agurtu ez dituztenek,

gure aita-amak

gaueko ordu sagaratuetan

ikusi ez dituztenek,

gure sasiarte ta ohetako

maiteminduen arnasots grinatsua

entzun ez dutenek,

ezagutzen ez gaituzten

erdaldunek diote.

Ardoaren zorabio eroan

ito dugula diote

haragiaren grina sutsua.

Ardoaren zorabio eroan

Jansenioren beldurrez

ito dugula diote

sexuaren bultzada.

Ito dugula diote

gure iraunkortasunaren

harriduraz.

Ito dugula diote...

Esan dezatela!

Baina lehen, orain eta gero

gu hemen, gurean,

ezkonberrien ametsez.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Etorriaren zorabioz" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia