Hitzaurrea ala hitzatzea?

 

Neuk baneki...!

        Izan hitzaurrea da, baina hitzatzearen ordeazko hitzaurrea.

        Nobela hau irakurri ta gero ala aurretik irakurtzekoa...?

        Dena dela, hitz egin beharra dut. Bai. Irabazi egin dut postura (gero jakingo duzu zein den), eta ehun mahats aihen eta hogei ta bost musker kolkoratu, ta hamar botila ardo indartsu sabeleratu ditudanez gero, hitz egin beharra dut, aurretik edo atzetik. Kantatu beharra ere bai.

 

                «Pipa hartu ta txoratzen naiz,

                ardo edan ta mozkortzen naiz,

                mozkortu eta erortzen naiz...

                Nola demontre biziko naiz?

                Tra le ra le ra...».

 

        Oraintxe lehentxoago, postura irabazi ondoren, Urde ta Urruxa ta beste iratxo lagun batzuek, Erdikaleko hostatuan egon gara, nire poztasuna ospatzen. Janari ta edari mahaian ugari, ta gero jakina, danak kantari, danak dantzari. Eta nik:

 

                «Hamar botila txankraturik,

                azken basua klikaturik,

                azken txirrista irentsirik,

                boltsa deraukat turrindurik.

                Tra le ra le ra...».

 

        Halako batean, eta bat batean, jo egin naute nonbaitetik agertu diren bik, edo hiruk. Nire iratxo lagunak, ikaraturik, alde egin dute berehalaxe. Eta bakar bakarrik utzi naute. Hostalariak urreratu zaizkit orduan.

 

                «Urrundu zaizkit aixdideak,

                eta urbildu hostalerak...».

 

        Egia esan, ez didate min haundirik egin ni jotzera etorri direnak, erdi mozkorturik edo erdi zoraturik egon direlako, nire antzera.

        Baina zer dela ta etorri ote dira nire aurka txakur amorratuak bezala? Era askotariko mozkorrak dagoz baina...

        Kanpora atera naizenean, hostatu aurrean aurkitu ditut, berriz ere, mozkortiok. Eta izugarrizko burrukaldi bat egin dugu mozkorti guztiok. Eta negar ta parre, adisdide ta haserre, errebesatzen, gonbitetzen, goitika, goraka, okeka, hondatu hondatu egin dugu elkar.

        Azkenean, zorionez, burrukaldia besarkaldi bihurtu da. Eta, kanta kantari, etxerantz jo dugu. Zein etxetarantz? Ez dakit.

 

                «Bazter guztiak inguruka,

                bideak ere inarroska.

                Munduak zer du? Hau da hinka?

                Goazen etxerantz andarkoka...».

 

        Mutiko gazte bat ikusi dugu bidean (bat ala bi izan dira?), eta ez du parrerik egin gu ikusi gaituenean. Harriturik gelditu da. Hauxe abestu diot nik, orduan, hari:

 

                «Mutiko gazte ta leiala:

                konseju onak ar zaitzula;

                otoi, bizian ez zaitela

                sekulan mozkor ni bezala».

 

Ekidazuko iratxoak

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia