—1—

 

Gaueko hamabiak dira telebisioko erlojuan.

        Gabonzahar eguna da ta, bestetan ez lako erlojua ikusten da: Madrilgo Eguzkiaren Ateko erlojua.

        —«...y suenan ya, señoras y señores, las doce campanadas del reloj de la Puerta del Sol de Madrid...».

        Eguzkiaren Ate aurrean, mila eguzkitxoren argitan, gizatalde ikaragarria ageri da. Goraka, txaloka, dantzan, kantuka..., jolasean ari dira.

        Nire herrian ere, Ekidazun, aupadaka, dantzan eta kantuka ari dira, jaioparri dagoen urteari agurka.

        Kantuka dabiltza ekidazuarrak, eta oraingo haurtxoen abesti berriak kantatzen dituzte, telebisioan ikasitako abesti berriak.

 

                «Juventud, alegría,

                con el champán Hordía».

                «Ropas interiores Gerripe,

                en Confecciones Felipe».

                «Mantas Logura:

                iQue hermosura!».

                «Flan Goso:

                iDelicioso!».

 

        Bost minutu daramatzite horretan. Izan ere, bost minutu lehenago jaiotzen da urte berria Ekidazun. Lanera, trenera, elizara, jolasera..., edonora garaiz heltzeko, bost minutu aurreago ibiltzen dira hemengo erlojurik gehienak. Nirea ez, ez bai dut erlojurik. Erlojua? Zertarako? Ekidazuko argiaren argitan eta ilunaren ilunetan bizi naiz ni, izadiaren erloju uts-ezinaren argitan era ilunetan.

        Ekidazu irakiten dago gaur. Janariaren eta edariaren eta adiskidetasunaren eta poztasunaren suak piztu egin ditu ekidazuarren bihotzak.

        Ekidazu irakiten dago gaur, pozaren pozez. Baina kezkak, tristurak, elkar ikusi-ezinak, gorrotoak eta era askotariko erdiminak ere hantxe dagoz, pozaren borbor biziaren muinean, bigundu barik, egosi barik oraindino.

        Olazaharko Koldoren oinetan dagoen katarrak, ostera, ez du erdiminik, ez gorrotorik, ez...; katuen zeruan dago, erdi lotan, adimen gabeko askatasunezko zeruan.

        Erdi lotan dago Olazaharko familia ere, sukaldean, telebisioa ikusten. Ez du jolaserako gogorik, antza.

        —iViva 1968! —irakurtzen du Klaudiok telebisioan, ezpain erorian zintzilik duen txokor mutxikinari dantzan eraginez.

        Ekidazuko familiarik zaharrenetakoa da Olazaharkoa. Eta olazahartar asko dago oraindino Ekidazun baina, Olabarrira ezkondu diralako batzuk, Gaztelara joan diralako beste batzuk, eta hil egin diralako beste asko, olazahartarren familia eskastu, murriztu, egin da aspaldiko urteotan. Olazaharko baserrian ere ogeiren bat lagun bizi izaten ziren lehenago; baina orain zortzi bakarrik bizi dira: sei neba-arreba ta hauen aita ta amona: Klaudio, Kelemente, Kosme, Kaxinto, Koldo, Amaia, Juan eta Eskolastika: bost mutilzahar, neskazahar bat, gizon zahar bat, eta andre zahar-zahar bat.

        Aita ta amona kantatzen hasi dira.

 

                «Urte berri,

                txerri belarri

                daukanak eztaukanari;

                nik eztaukat eta niri...».

 

        Auto baten bozina hotsa da kanpoan. Koldoren lagunak dira. Botxoako jolastoki batera doaz.

        Koldo gazteena da Olazaharko familian, etxeko seina, kutuna. Hogei ta hamar urte ditu, baina eman berrogei ematen ditu. Ezkaratzeko horma batean dagoen egutegiko Jesukristoren antza du Koldok, bere ile ta bizar luzearekin. Odolgorria dugu, azkarra lanerako; baina etxean dago espaldikn lanik gabe.

        Abrigu urdin eder bat jantzi, karatula bat besapean hartu, ta alde egiten du Olazaharko mutil mardo beltzeranak.

        —Haundia da, gero, gaurko gazteen kontua! Hau da egonezina...! Gure denboran a... —dio amona zaharrak, Eskolastikak, bere iloba gazteena alde egiten ikustean— Gu, Gabonzahar arratsaldeetan, herriko plazan biltzen ginen, neska ta mutil, eta aurresku ta dantzak egiten genituen... Bai, haiek ziren Gabonzaharrak haiek! Urteberriz, agilandoa ematen ziguten gizonek; Erregenez, berriz, geuk ematen genien. Ez ahal duzue entzun inoiz orduan kantatzen genduen kantua? Ez? Hara:

 

                «Agilando de montaña,

                hiru intxaur ta lau gaztaiña;

                haren gainean lau sagar,

                nik bai altzoa zabal-zabal».

 

        Bere bizkar okertuaren gainean larogei ta hamabost urte dituelarik, bazter batean dago amona, ximel-ximel eginda, ezur ta azal, ilotz bizi. Bazter batean dago amona, baztertuta, sorgin irudi, lehenaren kronista. Eta errekatxo bateko ura bezala, etengabeko jardunean, murmurrean, ari da, bakar bakarrik.

        «Baga, higa, higa, laga, boga, sega, zahi, zohi, bele, arma, xixpa, tiro, punp...!».

        —Egon isilik apur batean, amona, telebisioa entzuteko. Bestelan... —esaten dio Kaxintok.

        Baina isilik egon Eskolastika? Bai zera! Bakarrik dagoenean ere ez, agin barik egon arren eta eztarria guztiz motelduta euki aurren.

        —«Bat, Patxi Parrat; bi, Patxi ipurdi; hiru, Patxik ba du diru; lau, atsoak agurea nahi du; bost, klosk eta klosk; sei etxe bete behi; zazpi, etxea bete zapi; zortzi, etxea bete zorri; bederatzi, etxea bete baratxuri; hamar, txakurrak marmar; hamaika, txakur zaharrak lukainka; hamabi, bota itzak platerera begi bi».

        —Isilik egoteko, ba! —Klaudiok.

        —Ba zara, gero, zu ere...! —Kelementek—.

        —Isilik egongo ez dena jakinik, zertan ekin, ba? —Amaiak.

        —Hori, ba —Juanek.

        —«Bat eta biga, ihauterietan gira; hiru eta laur, ni alegere gaur; laur eta bortz, ni zutaz agradoz; sei eta zazpi, zu ere bai naski; zortzi ta bederatzi, etzaitzula gaizki; hamar hameka, ohera laisterka; hamabi hamairu, haurño bat baginu; hamalau hamabortz, adios aurtengotz; hamasei hamazazpi, atsoa dugu eri gaizki; hemezortzi hemeretzi, eta hil behar naski; hogoi hogoi ta... bat..., atsoa... ton... ba... lat...»

        Magnetofonoa isildu da. Loak hartu du, eta momia bihurtu da.

        —Dena doa gorantz, baina andren lotsa beherantz —dio bere artean Juanek, telebisioan agertu den emakume bat ikusirik.

        «Herioren dantza» egiten ari da Artza ta Gurbitxaren Baleta. Dantza zoragarria eta negargarria, benetan!

 

 

Olazaharkoak ezeze, Enekonekoak eta Agarrekoak ere, telebisioaren aurrean dagoz orain. Baita Goikoetxekoak, Ibarrakoak, Bolukoak, Dendarinekoak, Markonekoak eta Errotabarrikoak ere. Nortzuk ez? Kaletarrak eta baserritarrak, zaharrak eta gazteak, haundiak eta txikiak..., telebisioa ikusten dagoz orain gehienak. Ni ez.

        Nik ez dut nahi holako telebisiorik, holako denbora eramangarririk. Ez dut nahi holako droga berririk, holako alienaziorik, herria jendetu, masatu egiten duen tramankulu ganorabakorik.

        Ni idazten ari naiz, idazten jo ta ke. (Funtsgabeko nobela bat? Ipui parregarri bat? Olerki ta kantu txorta bat? Herri baten gorabeherak? Neure gorabeherak? Benetakoak? Asmatutakoak...? Laister ikusiko duzu).

        Apostu bat egin dut eta nobela bat idatzi nahi nuke, zorro bat bete. Hain zuzen ere, zorro bat da nobela, edozer gauza edozein eratara hartzen duen zorroa.

        Nor naizen? Ekidazuko iratxo bat. Bai, Ekidazuko iratxo bat naiz; Ekidazun jaio nintzen orain dela... ez dakit zenbat urte; Ekidazun hazi ta hezi ninduten; eta Ekidazun hazi ta hezi nintzen. Ekidazukoa eta ekidazuarra naiz. Ezagutuko nauzu..., baina goazen harira.

 

 

Hamabiak eta ogei dira Olazaharko ezkaratzeko erlojuan. Urteberria negarrez dago.

        Lo kuluxka bat egin ondoren, ohera doa Eskolastika. Juan ez da konturatu bere ama oherantz joan denik, lo bai dago. Igerri gabe, telebisioko kantu ta dantzen kulunkaz loak hartu du.

 

                «O zein haizen eder loa:

                heriotzaren anaitzakoa,

                bizitzazko urloa...!».

 

        Txapela okertu egin zaio Juani, eta honen buru zabaleko ile batzuek ezkutatu egiten diote ximurrez josita duen kopeta. Juanen begi txiki ta bizkor ta urdinek ez dute orain deus ere ikusten. Sudurra ta okotza, luzengak biak, elkarri mun eman nahirik ditu. Gaurko periodikua du bere esku troskoetan. Lo zurrunga batzuk egiten ditu noizpeinka.

        Zahar egin da Juan ere; gaixorik dabil, gainera, aspaldion. Lehenago izan balitz..., lo Juan Gabonzaharrez? Ez horixe. Izan ere, erne, bizkor egotekoa dugu Juan. Lehenago izan balitz..., dantzan, bertsotan, kartatan, kantatzen edo ipui kontatzen ibiliko zen. Bai horixe.

        Lehenagoko gizon ospetsua da Juan; aipagarria, famatua. Nork ez du ezagutzen Ekidazun Juan errementaria? Gizon xelebreagorik...! Bere ateraldi zorrotz ta parregarriak ipui bihurtu dira.

        Kasildak, bere emazte izan zenak, beregandu nahi izan zuen senarra, «onbideratu»; baina alperrik (alperrik da Juan makilatua, berez ez bada bedeinkatua). Ekinaren ekinaz, horraitio (ekina okerra da ta, andrazkoena batez ere), beregandu zuen apur bat (zelakoa Mari, halakoa Peru), eta hitzak neurtu ta landu egiten zituen Juanek Kasildaren aurrean, ta ateraldi gordinak ta usai txarrekoak egokitu. Baina, hala ere (ekina okerra da baina, ezina okerrago), hain etorri haundia zuenez, batzutan, konturatuta edo konturatu barik, naiz ta Kasilda haserretu, oso-osorik botatzen zituen.

        —Ipurdian eta mihinean duzue indarra zuok androk, eta ipurdikoa galtzen duzuenean, beldurgarria izaten da zuen mihina.

        —Jesus, Maria ta Jose! Juan, Juan...! —esaten zion Kasildak— Ba zara, gero! Gordinkeriaren bat esan gabe ezin egon.

        Juanen ateraldi zorrotz ta parregarriak ipui bihurtu dira Ekidazun, bai.

        Behin batean, asto gainean zihoan Juan. Belar pizka bat ekartzera zihoan. Halako batean, adar-jotzaile bat topatu zuen Olazahar barreneko bidegurutzean.

        —Egunon, Juan! Nora zoazte biok?

        —Hirurontzat belarretan.

        Beste behin...

        Itzartu egin da Juan. Bere praka barrenetan buztana garbitu duen katuak iratzarri du.

        Klaudio, Kelemente, Kosme ta Kaxinto telebisiora begira dagoz. Hau dute emaztegai berri.

        Kantatzen ari den emakume gazte ta ederra irentsi egin du Kaxintok begiz. Lehenago, aberastu aurretik, jantzi zahar nabarmenez jantzita, protesta-kantuak kantatzen zituen mundu guztian entzute haundia duen abeslari horrek; orain ez du holakorik kantatzen.

        Paiaso batzuk ikusi nahi lituzke Kosmek. Kelementek malabaristak. Klaudiok ohea, ia lo dago ta.

        Hamabi t'erdiak jo dute egongelako erloju zaharrean. Bost minutu aurrerago dabil, jakina.

 

                «Siempre a su disposición:

                Camisería Egunon».

                «Gurdi, Gurdi, Gurdi:

                Este es su coche.

                Gurdi, Gurdi, Gurdi:

                El coche que le hará feliz.

                Gurdi, Gurdi, Gurdi, Gurdi, Gurdi...».

 

        Mutilzahar taldeak zigarroak biztu ditu. Amaiari ere eskeini dio Kaxintok.

        —Ba dakizu ez dudana erretzen.

        —Erre bat gaur. Bategaitik...

        —Ez, hola nagoelarik bat ere ez.

        Izan ere, haurdun dago Amaia. Ezkondu gabe egon arren, haurdun dago. Eta inork ere ez omen daki laister jaiotzeko duen haur horren aita edo sortzailea nor den. Jakina, Amaiak berak ba daki, baina ez du nahi agertzerik.

        Joanak joan ta gero gerokoak, lasai dago orain Amaia, erdi lotan. Baina estu ta larri ibili zen orain lau ilebete, ta estu ta larri ibili ziren etxeko guztiak ere, goiak jo ta beheak jo, haserrez.

        —Holako lotsagarririk...!

        —Gazte bat izan balitz ere...!

        —Baina...

        Etxetik kanpora bota nahi zuten mutilzaharrok. Azkenean aitak baretu zituen.

        Olazaharkoak estu ta larri ibili ziren Amaiarena jakin zenean. Ekidazuarrak, ordea, txutxumutxuka, eztabaidaka; pozik batzuk, poztasun maltzurrez; tristeturik beste batzuk, tristetasun saminez. Lehendarrak eta oraindarrak, eskuitarrak eta ezkertarrak, atzelariak eta aurrelariak, zuriak eta gorriak, aberatsak eta pobreak, zaharrak eta gazteak, haundiak eta txikiak, txutxumutxuka eta eztabaidaka ibili ziren ekidazuarrak Amaia izorra zegoela entzun zutenean; baina gutxi joan ziren Olazarrera honi laguntzera; jakina: inoren ardura pago adarrean.

        «Giputxa» esaten diote Amaiari ekidazuarrek, han, Gipuzkoan, jaio zelako gerrate denboretan; han, bere osaba baten etxean bizi izan zelako urte askotan, eta emeki-emeki hitz egiten duelako.

        Ezkontzeko era asko izan ditu Amaiak baina, gurasoekaitik edo beragaitik, honegaitik edo horregaitik, dena dela, ezkondu gabe geratu zen, ta honezkero... Izan ere, hogei ta emeretzi urte ditu.

        Odol-zurbila da. Bihotz oneko neska, baina otza eta isila; zentzunduna, gibel eta arte haundikoa, baina xoxonga samarra. Amatara eman duela esaten zuten ekidazuarrek lehen; orain, seindun gelditu ondoren, aitatara ere eman duela esaten dute. Lehenagoko gorputz bihurkorra, aukerako gorputz lerdena, neurrigabetu egin zaio, eta edertasun berri bat hartu du: ama izateko dagoenaren edertasun ederra. Ile gorri ugaria txori urdin batekin lotu du. Ixur banaka batzuk agertu dira bere bekoki zabal leunean. Begi ilun ederrak itsu ta estalita ditu orain. Bere aitaren antzera, sudur luzenga du. Oreinez bete zaizkio masaila kolorgak. Kukuka eta dizdizka ari da urrezko agin bat ezpain eder arrakalduen bitartetik.

        Sabelean saltoka dabilkion haurrak eraginik, dardarakada batzuk egiten ditu, noizean behin, lo dagoen bitartean. Ametsetan ari da.

        «Batzar batean dago, Aitzarteko fraileen komentuko egongela haundi batean. Zahar ta gazte, gizonezko eta andrazko, ekidazuar mordoa bildu da bere ondoan.

        Elkar-izketan ari dira ekidazuarrok, elkar-izketan garraxika, deiadarka, oihuka, orroaka, irrintzika, arrantzaka...

        Halako batean, burrukan hasten dira, ukabilka. Eta belarriondokoa doa, belarriondokoa dator; iraina doa, iraina dator.

        —Gora!

        —Behera!

        —Harantza zu!

        —Honantza ni!

        —Ni, zu, gu...!

        —Gu, zu, ni...!

        —Barrura!

        —Kanpora!

        —Hatxe!

        —Atxe!

        —Bai!

        —Ez!

        —Atzera!

        —Aurrera!

        —Ez!

        —Bai!

        Danen erdian battu, ta estutu egiten dute Amaia. Izerdi patsetan dago, sasi artean, biloizik, eztulka, usinga, arnasoska... Haur jaioparri bat du bere besartean. Zazpiki bat dirudi. Odoletan dago, ta odolez zikintzen ditu inguru guztikoak. Hil nahi dute, antza, batzuek.

        —Kanpora bota! Hil sasiko hori!

        Karlistada gerrateko burrukaldi bihurtu da batzarra, biltzarra, bilgunea, bilkorra, bilkuntza, bilera, batzakuntza..., ba... bil... ba... ba... bil... ba... Trapu zahar bat bezala darabilkite umea. Ene! Zazpi anka ditu...!

        Gizon bizartsu koxkor batek hartzen du bete besartean, ta apa goxo bat ematen dio. Haurra bizirik dago, negarrez bai dago...».

        —Zertan zagozte hor lo? Zoazte ohera! —esaten die Klaudiok Juani ta Amaiari.

        Auto baten hotsa da.

        Bizkor, Olazaharko txakurra, zaunka hasi da, etxe aurreko bere txabolatxoan.

        Otz dago ta oso ilun kanpoan. Euria da, zarra-zarra. Ordu bata izan arren, argi asko dagoz biztuta oraindino Ekidazun. Gaur ez dira logura ekidazuarrak. Umore txarrik ere ez dute. Noizik behin, pilak gastatuta dituzten transistoren antzera, kanta-hots indarga batzuk heltzen dira Olazaharrera.

 

                «Ez, ez dut nahi

                horrelako zibilizaziorik...».

                «Agur, agur, agur,

                ilargira noa».

 

        Bizkor zaunka ari da, etengabe, katea apurtu aginean. Katuren bat edo arratoiren bat edo ikusiko du, nonbait eta... Ez; pausu hotsa da. Norbait dator. Itzarrik eta erne dagoz orain Olazaharkoak.

        —Nor ote da? —galdetzen du Amaiak.

        —Gazte talderen bat? —Juanek.

        —Zoaz, Kosme, nor den ikustera —Klaudiok. Etxe aurreko argia biztu, ta atea zabaltzera doa Kosme.

        Sei gizon datoz Olazaharrera. Ekidazuko txakur granjako Don Trifonen serbitzariak dira. Bizkorrek ez ditu adiskide, antza.

        Kosme harrituta gelditzen da haiek ikustern.

        —Su tu le depupa Coldo pedeladi de le di de le loa poletu? —galdetzen dio batek.

        —O lo de bodo Coldo, Coldo sopomo to lo no? —galdetzen dio beste batek.

        Kosmek ez die ezer ulertzen. Ez erantzuten. Estatua bizi mutu bat da.

        Orduan, baimenik eskatu gabe, barrura sartzen dira gizonok, arrapaladan. Etxea arakatzen asten dira hiru. Beste hirurek galdera asko egiten diete Olazaharkoei.

        —Lupulu le de ti tu ke do?

        —Esacademosu solodemion?

        —Seesquesavadetrosvono?

        —Notuquiesaladonesavacademusolodemion?

        Ez dakite zer erantzun Olazaharkoek. Zurbilduta dagoz danak, geldi-geldi.

        Itauzura, ostera, txalaparta jotzen ari da; trumoia eta aizea eresi bat kantatzen; eta tximistak, han, hor eta hemen, «Argazkarien-dantza» egiten.

        Dirudienez, norbaiten edo zerbaiten bila dabiltza Don Trifonen serbitzariok gora ta behera, batera eta bestera, behaztopaka, eztabaidaka, biraoka...

        —Zer? Nor da? Nor dabil hor? Amaia! Amaia...! —dio Eskolastikak ohetik, abots gozakaitzez, gizon ezezagun bi bere gelara sartzen ikustean.

        —Tran la tros de trava mecauen si es de prin la golue.

        —Tella caja vie!

        —Zer gertatu da? Nortzuk dira gizonok, Amaia? Zer nahi dute?

        —Ezer ere ez, amona. Egin lo lasai...

        —Baina...

        —Ixxxxi!

        —E...! Nortzuk zarete zuok, bada? Noren bila edo zeren bila zabiltzate, bada...?

        —Raqueque taes!

        —Se no.

        —Amona! Ixxxxxxx...i!

        —Baina...

        Etxe guztia errekistatu ta gero, alarauka asten dira Don Trifonen serbitzariok. Ez omen dute aurkitu nahi izan dutenik. Beste etxeren batean egongo da, beharbada. Berehalaxe ateratzen dira, arineketan; Olazahar ta olazaharkoak dardaraz gelditzen dira.

        —Zer gertatu ote da? —dio Juanek, hortzak, bihotza ta belaunak dardarakadaka dituelarik.

        —Nork jakin? Ez bai diegu ezer konprenitu —egiten du bere baitan Kelementek.

        —Koldo aipatu du batek —dio Amaiak.

        —Bai —Klaudiok.

        —Bai —Kaxintok.

        —Koldoren bila etorri ote dira, bada? —galdetzen du Kosmek.

        —Ba liteke —Amaiak.

        —Zer dala ta orain? —Klaudiok.

        —Ba dakizu: Don Trifonek... —Amaiak.

        —Don Trifonek zer? —Kelementek.

        —Zer egin dio hari Koldok, ba? —Kaxintok.

        —Zertarako etorri dira, orduan, gizonok...? —Kosmek.

        Galderen erantzuna mututasunean ito da.

        Haize gorri zakar bihurria marrumaka dabil orain Olazaharko lehio ta ateetako irrikituetan, barrura sartu nahirik; eta euria zurrunbiloka haren kolkoan. Trumoia ere orroaka dabil orain, zauritutako basurdearen antzera. Tximistek ez dute bukatu araindino «Argazkarien-dantza», eta, txitean-pitean, gaua egun bihurtzen dute.

        Halako batean, ustegabeko hodei-garraska durundiotsu bat entzuten da, eta Olazahar ilun-ilunetan gelditzen da bat-batean; ilun-ilunetan kanpotik eta barrutik, argia joan egin da ta.

        Otoitz bat murduskatzen du Amaiak.

 

                «Santa Barbara, santa Kruz!

                Jauna, balia zakiguz.

                Inozenteen ogia:

                Jauna, miserikordia».

 

        —Itzali telebisioa, Kaxinto, ta ekarri, Klaudio, pozpoloak, kandela bedeinkatu bat ekarri ta irazegi dezadan.

        Hauzoko Tomasek ez du holakorik egingo. Ostosketan ari denean, kartak aidean bota behar direla esaten du, ostotsak infernukoaren astruziak diralako.

        Don Julian medikuak, ordea, ez du izaten infernukoaren astruzien beldurrik, tximistorratza duelako bere etxeko teilatuan.

        Bizkorrek ba du beldurra. Isilik eta dardarakadaka egon da apur batean bere txabolatxoan sakon sartuta. Baina zaunka asi da berriz ere. Txau! eta txau!, iguina ematen dit. Haren ondoan ari naiz idazten eta, ausika diarduen bitartean, ezin dut ezer ganoraz idatzi. Euriak eta haizeak ez naute nekarazten. Izan ere, eskuetan ditudan orriak ahate lumazkoak dira ta ez ditu bustitzen euriak, ezta haizeak eraman ere arbel orrieten josi ditudalako. Ezten bat da nire luma, ta ez dut tintarik erabiltzen.

        Isilik egoteko esaten diot Bizkorri. Baina alperrik. Lehen baino gogotsuago ari da orain zaunka.

        Enekoneko Pedro dator Olazaharrera. Zertan ote dator ordu honetan? Urduri ta arnasoska dator. Afrontuagaitik, guardasolari esku biekin obeki eusteko, ahoan dakar esku-argia. Atzerantz datorren ipurtagi bat dirudi. Bizkor zoratu egin da.

        Guardasola hertsi, ate ondoan utzi, ta ate-joka hasten da Pedro. Berehalaxe irekitzen du atea Kosmek.

        —Gabon, Kosme!

        —Gabon, Pedro!

        —Ohean egongo zinetela uste izan dut baina...

        —Oraintxe egon gara joatekotan. Zer? Bakez zatoz?

        —Bakez edo...

        —Sar zaite barrura. Argia joan zaigu ta erdi ilunetan gagoz.

        Pafaka ari da Pedro. Arnasa bete ezinik dago, ta izerditan. Toteldu egin da gainera.

        —Gabon guztioi! Ba..., zera..., ni ohean egon naiz, eta... Gure Paulin... Ikusi ditut Don Trifonen serbitzariak. Ba..., zera... Koldo zuena ta... berarekin egon diren lagunak atxilotu egin dituzte...

        —Atxilotu?

        —Bai. Don Trifonen serbitzariak...

        —Baina atxilotu zer dala ta egin dituzte, bada?

        —Ez dakit. Gure Paulin etorri zaigu oraintxe bertan, ta hark esan digu. Bera ere estu ta larri ibili omen da.

        Mintzo ezina du Pedrok, baina egin egiten du hitz. Olazaharkoen mihinak, ostera, lotu egin dira.

        Amaiak negarrari ematen dio, eta sabelean daraman umeak salto batzuk egiten ditu. Bat-batean, Juanen bihotza karraskadaka hasten da, makina zahar baten antzera. Ibili ba dabil baina... Gelditu egin da apur batean...

        Aratinik jausten da Juan eta Kaxintok eta Kosmek hartzen dute besartean. Eta ohera daramate berehalaxe.

        Konorterik gabe dago Olazaharko etxaguna, eta alboko horma baino zuriago du arpegia. Oztaz-oztaz hartzen du arnasa ere. Bere bihotzaren taupadak oso motelak dira.

        —Aita! Aita! Aita! —deika dabilkio Amaia. Aitak ez dio ezer erantzuten.

        —Zoaz, Pedro, mesedez, medikuarengana —eskatzen dio Klaudiok.

        —Apaizari ere, badaezpada, abisatu beharko zaio —dio Amaiak.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia