—2—

 

Ordubietarantz doa.

        Enekoneko Pedro ere ba doa, medikuari ta apaizari abisatzera.

        Azkenengo sorgin banakek ere oraintxe doaz akelarrera arineketan, berandu doaz ta.

        Ekidazuko Sorgin-koban elkartu dira gaur sorginak. Baina hemen ez dira elkartzen beti. Zugarramurdiko leizetan, Larrun mendian, Ataungo Mandobitako zubipean, Orozkoko Garaigortako aitzean, Dimako Petralanda zelaian, Aezkoako Petiberren, eta beste toki askotan biltzen dira.

        Ostiraletan biltzen dira, hau omen da akelarreak egiteko egunik egokiena ta, ostiraletik larunbatera bitarteko gaua. «Ilunezkilan atera ta argiezkilan sartu».

        Akelarreetara joan aurretik, gantzu bereziz gantzutzen dira sorginak, sorginkeria hau sorginkiro esanez: «Hodei guztien aspitik, sasi guztien gainetik».

        Sorgin talde haundia bildu da gaui Ekidazuko Sorgin-koban. «Ez garala ta ba garala, mila ta bostehun hemen garala».

        Oraintxe heldu dira kobara azkenengo sorginak.

 

                «Ekidazuko sorgin-koban,

                aker bat dago erdian.

                Atso errenak dabilz

                bere aurrean dantzan.

                Goazen, goazen, goazen

                haiei laguntzen,

                mendi ta arkaitz artean

                ujuju egiten».

 

        Bakarleku batean dago Ekidazuko Sorgin-koba, Olazahartik kilometro batera edo hola, Aitzmendiko artadian. Sarrerako ate hutsa estu samarra du; baina barrura sartutakoan, mila lagun lasai egoteko lekua du. Santuz beterik dagoen eliza bat dirudi barrutik. Izan ere, urak eta kareak eta aizeak landutako sorgin-imajinaz beterik ditu alboetako hormak, eta aitz-negarrak egindako orratzez apainduta goia, sabaia; ur bedeinkatu ontzi itzal baten antzeko aitz mokor bat ageri da bazter batean, eta ur beltz otz zikin geldia lo dago aren altzoan. Toki iluna eta iluna da, benetan, eta larria hemengo pakea.

        Akerbeltz gurtzen ari dira orain sorginak. Eta, banan-banan, bata bestearen ondoren, hari ipurdian mun egitera doaz. Hormetako sorginak ere, Aker beltzarengana joan nahirik edo, atzera-aurreraka dabiltza, kriseiluen argitan.

        Sorginen buru den Akerbeltz, haien erdian dago haundi eta beltz, jainkotxo edo erregetxo bat balitz bezala.

        —Eperrapan zapadapan zaper dupun opor? —galdetzen dio Akerbeltzek sorgin gazte bati auntz-erdaraz.

        —Hapari honpedaperrak zupiri ipopurpedipoa garpubiputzepuko —ihardesten dio apalki sorgin gazteak.

        Aintzina, gazte ginelarik, maiz joaten ginen Urde (Gezalako iratxo lagun bat) eta ni sorginen akelarreak ikustera. Eta, behin batean, (gazte egon ere ta), Akerbeltzi ipurdian mun egitera joan zen Urde ere, zapatarien ezten bat eskuan hartuta. Eta mun egitean, ipurditik sartu zion eztena Akerbeltzi.

        —Sorgin berri honek muturreko bizarrak zorrotzak ditik —esan zuen Akerbeltzek.

        Leher egin genduen parrez Urdek eta nik. Bukatu dute sorginak mun egite hori, eta dantza zoroak egiten hasi dira mozorro nabarmenez jantzita. (Mozorroz ala zomorroz? Ala bietara? Ahaztu egin ote zait idazten ere, ba...?).

        Dantzan eta kantatzen ari dira sorginak.

 

                «Sarian zun zun,

                sarian zun zun,

                sarian zun zun zena;

                laun kirinkun,

                laun kirinkun,

                laun kirinkun lena».

 

        Isildu eta gelditu egin dira. Izan ere, turuta eta txapligu-hotsa da kanpoan; kantu-hotsa ere bai.

 

                «Gazte gera gazte,

                ta ez gaude konforme;

                mundu garbiago bat

                bizi nahi genduke...».

 

        Gazte talde bat dator sorgin-kobarantz, eskuzuzien argitan.

        Akerbeltzek eta sorginak (oso izutiak baitira) igesari ematen die, eta ilunetan galtzen dira.

        Heldu da gazte taldea kobara. Berrogei ta hamarren bat izango dira, neska ta mutil. Kolore bizi ta nabardun arropa zaharrez jantzita dagoz gehienak. Sasoiko batzuk ere ageri dira haien artean.

        Kobara sartu, ta lehenengo ta behin su haundi bat egiten dute; gero, haren inguruan eseri; eta berehalaxe, ukabilak jasorik, herri-eresi zahar berritu bat abesten dute ozenki.

 

                «Jarri dezagun / erdi-minetan / gure mende;

                ikus dezagun / kultura baten / bir-jaiotze.

 

                Urtarrila otza / neguaren bihotza.

                Pobrearen oinean / beti arantza.

                Lehen hala / orain hola / gero ez jakin nola.

                Azerikumea / azeri.

                Erroiaren harrautzak / usakumerik ez.

                Betiko itoginak / harriari zuloa.

 

                Jarri dezagun...

                Usteak / alde erdia ustel.

                Balizko olak / burdinarik ez.

                Onak on direla / obeak obe.

                Etorkizuna / kontakizuna.

 

                Jarri dezagun...».

 

        Berehalaxe, zutitu egiten da gazte bat, hogei ta hiru urte aldera izango dituen mutil bat, buruhaundi txatxar bat, eta hitzaldi bat egiten hasten da.

        —Eguzkiaren jaiotze egun honetan hemen bildu zareten adiskideok: Gora gu ta gutarrak!

        —Gora! —erantzuten die danak.

        —Buruzagiek, haundikiek, jauntxoek, ugazabek, jabeek, nagusiek, aberatsek eta gainerako boteretsu guztiak zorabiatu, azpiratu, zapaldu, alienatu, esplotatu, ezereztu egin gaituzte beren aginpidez, indarrez, diruz, jakituriaz, erlijioz...

        Txaloak. Bitartean, ardo pizka bat edaten du hizlariak zato haundi batetik. Gero, aurrera jarraitzen du hitzaldia egiten.

        —Adiskideok: Marioneta batzuk bezala erabiltzen gaituzte. Ez ahal zarete konturatu? Begira: Obedientzia, apaltasuna, eroapena, otoitza, lana, lana, lana eskatzen edo esijitzen digute eta, horren ordez, geroko bizitza zoriontsua, zerua, zerua, zerua eskaintzen digute. Bai: Jaungoikoa guretzat, jaunbehekoak berentzat. Erlijioa herriaren opioa da, lo-erazle bat. Ez gaitezen, bada, gizajo beldurti kokolo batzuk izan...

        Txalo hots itzala, esku-zarta etengabea. Isiltzeko, mesedez, eskatzen die bizartsu batek. Eta isildu egiten dira. Orduan, zutitu egiten da betaurreko beltzdun bat eta bertso batekin erantzuten dio hizlariari.

 

                «Paradisua mundu honetan

                egiteko ahalegina:

                konsolagarri liteke, hizlari,

                gizasemeak ez bagina.

                Zer da bizitza? Zer da gizona?

                Ez ahal da alperreko grina...?

                Ezti izango dugulakotan

                beti edaten ozpina...

                Nortzuk gara gu? Zertzuk gara gu?

                Ez ahal gara amets ezina?»

 

        Bertsolari eskolatua hauxe! Buruz ikasitako bertsoren bat izango da, Ekidazuko esistentzialistaren batek asmatutakoa edo. Dena dela, eztabaida sortu du. Hizlaria eta bertsolaria ari dira eztabaidaka. Ez, biak bakarrik ez; entzuleek ere parte hartzen dute orain, eta geroago ta biziago, beroago, gogorrago, zaratatsuago egiten da eztabaida.

        —Baina zer dala ta hori...?

        —Ez duzu arrazoirik!

        —Gezurra da hori!

        —Egia da!

        —Zera da!

        —Ba da!

        —Ez da!

        —Zerak dio...

        Halako batean, isiltzeko agintzen die sasoiko morrosko batek. Eta jabeak isiltzeko agindu dion txakur zaunkalaria bezela, isildu egiten dira. Eta hitzaldi bat egiten hasten da morrosko hau ere.

        —Baina zergaitik ari gara eztabaidaka alperrik? Ez ahal dakizue zuok hau: Sena haundi, buruausteak haundi? Edo beste hau: Jakintza asko, atsekabea ere ugari? Eguzkipean egiten den guztia aztertu dut, eta hara: dena huts eta gogoaren dordoa; okerra ezin zuzendu eta hutsa ezin zenbatu. Zer izan zen? Izango dena bera. Zer egin zen? Egingo dena bera. Eguzkipean berririk ezer ere ez da...

        —Zu, ondo dago hori ta egia izango da; baina lehen ere sermoirik asko entzunak gara —ihardesten dio entzule batek eta eten egiten dio hitzaldia.

        —Parkatu. Baina entzun, mesedez. Zapaltzaileen eskuetan dago indarra, ahalmena, eta zapalduak poztu ditzakenik gabe, zer egin eta zertarako urduritu, estutu? Eguzkipean dana egiten da bere aldian. Jaiotzeko eta hiltzeko aldia dagoz. Landatzeko aroa eta landareak biltzeko eguna. Erahiltzeko ordua eta sendatzeko aldia. Iraultzeko garaia eta eraikitzeko aukera. Negar eguna eta parre eguna. Erosta aldia eta dantza aldia. Laztan giroa eta laztanak uztekoa. Bila ibiltzeko mugona eta galtzeko zoritxarra. Zaintzeko denpora eta jaurtikitzeko denpora; urratzeko eta josteko, isilik egoteko eta mintzatzeko, maite izateko eta gorrotatzeko. Gudarako aldia eta pakerako aldia... Eta orain, Urteberri egun honetan, jateko eta edateko aldia dugu, elkar maitatzeko aldia, kantatzeko aldia. Hitz bitan esanda, jolaserako aldia. Jan ta edan dezagun, bada, bihar hilgo gara ta. Gora gu ta gutarrak!

        —Gora!!!

        —Gora gure eskubideak!

        —Gora!!!

 

                «...gizonak daduzkan

                eskubide hoiek

                kunplitu ditezen,

                bihotzez abestu.

                Ez noa inoren kontra,

                egia maite dut.

                egia maite dut».

 

        Bukatu ziren eztabaidak. Motxilak zabaldu, ta janariak eta edariak ateratzen dituzte haietatik: mahats-pasak, intxaurrak, urrak, turroiak, koinaka, «whisky», eta ez dakit nik zer, gauza asko, drogaren batzuk ere bai agian.

        Berehalaxe, mutil ta neska, bikoteka jartzen dira, eta jaten, edaten ta maitekiro ta laztankiro txerak egiten diardue.

        Beharbada ez nuen ongi ulertuko baina (hain zuzen ere, hizkuntza asko ditut buruan baina, bat bihotzean), greziatarren liburu batean irakurri nuen behinola hasieran ez zegoela munduan gizonezkorik ez andrazkorik, bien izatea batean zuten zer batzuk edo nor batzuk baizik. Lur eta Eguzkiren semealabak ziren gizandreok, eta ahal haundikoak omen ziren. Behin batean, (zergaitik ez dut uste zekarrenik liburuak), arpegi eman eta aurka egin zieten Zeus eta beronen menpeko jainkotxoei, gogor egin ere. Baina behingo batean azpiratu zituen Zeusek. Eta, orduan, haserrez eta beldurrez, gizandreok erdibitzeko agindu zien Zeus indartsuak bere serbitzari zintzoei, eta erdibitu ondoren, nahastu ta sakabanatzeko. Eta, esan ta egin, laister bete zuten jainkotxoek nagusiaren esana. Haatik, harrezkero, erdi bakoitza berari dagokion beste erdiaren bila dabil. Ipui polite, benetan.

        Ekidazuko sorgin-koban ere, erdi bakoitza berari dagokion beste erdiaren bila dabil. Batzuek aurkitu dute falta izan zaien erdia. Edaria hartu dute beste batzuek erditzat. Bazter batean kantatzen ari den «Sanyo» ederrak ez du maitasun irritsik, baina maitasun giroa sortzen ari da.

 

                «Gazte geralako

                maitasun batean

                bizi nahi genduke...».

 

        Herio sartu da. Zer nahi ote du hemen? Begira-begira pizka batean egon ondoren, maitekeriaren munduan dagoen gazte talde honi jaramonik egin gabe, ba doa bere bidean, nonbaitera. Ea nora doan...

        Saltoka ta parre algaraka doa, arin joan ere. Olazaharrera ote doa? Bai, haraxe doa, zuzen-zuzen.

        Gauhontza uluka ari da etxe osteko arboladian. Olazaharko katua arpegia garbitzen sukaldean.

        Don Jose apaiza ta Don Julian medikua Olazaharren dagoz. Juan errementaria bizirik dago oraindino, baina oso txarto.

        Sudurrean azkura dute Kelementek eta Kaxintok. Heriok, ostera, ez du azkurarik.

        Hirurak hogei ta bost gutxiago dira Don Julianen eskumuturreko erlojuan. Don Joseren poltsikuko erlojuan hirurak hogei gutxiago dira.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia