—3—

 

Basabilbeitiko etxejaunak Luis du izena; baina Begioker esaten diote ekidazuarrek (eta haserrez jartzen da Luis horregaitik). Goikoetxeko etxekoandreak Baldomera du izena; baina Txepetxa esaten diote (eta ez da haserretzen). Agarreko Agustini Santuerdi esaten diote (bere emazteak ere bai); Hormetxeko Mariari Maripurtzil (ongi ezarritako ezizena, benetan); Dendaberriko Juani Lukurreru; Don Julian medikuari Matasanos; Don Jose zaharrari, apaizari, Finisita; Don German alkateari Sasiendore...

        Izenak ezeze, abizenak ere aldatu egiten dituzte ekidazuarrek. Felix Larrauriri Felix Asto esaten diote (astakirten galanta da izan ere ta); Santi Meaberi Santi Indianoa (Ameriketan urte asko egin zituelako); Martzelino Gabilondori Martzel Izko (izko motelagoak egongo dira, batean bestean, bat baino gehiago); Alejandro Manterolari Alejandro Zatorra; Enrike Duori Enrike Piper; Pedro Zabalondori Pedro Talo...

        Areago: etxeen izenak ere aldatu egiten dituzte ekidazuarrek. Usategiri Lejarrene esaten diote (Lejarra Errementaria bizi izan zelako han lehenago); «Gure kabi», herriko taberna zaharrari, Batzoki (bizkaitarren batzartokia izan zelako lehenago); «Peluqueria Chomin»-i Zorriztone (jabearen ezizena Zorrizto delako). Eta abar eta abar.

        Haatik, Botxoako «Alaska Club» zoragarriari ere Zirritoki esaten diote ekidazuarrek.

        Botxoaren bihotzean dago Zirritoki jolastokia, kalerik zabalenaren eta ederrenaren erdian. Argi eta poster nabarmenez beterik izaten ditu kanpoko aldeko paretak, eta argi gorri, zuri ta berdez idatzi dute jolastokiaren izena: Alaska Club. Eta igande ta jaiegunetan, oraingo dantza bat egiten ibiltzen da izen hori, musikarik gabe.

        Gazte asko joaten da Ekidazutik ere Botxoako jolastoki horretara. Izan ere, ordu laurenean egiten da autoz, Ekidazutik Botxoara hamar kilometro bai dagoz, gutxi gora-behera.

        Ekidazuarra da, gainera, Zirritokiren ugazaba: Don Gregorio.

        Hamazortzi urte zituelarik, bere aitaren adiskide baten jolastira joan zen Don Gregorio kamareru (Gregorio zen aldi hartan). Hantxe ibili zen hamar urte inguruan (Gregorio zen orduan). Gero, bere aitaren pinudiak egindako diruaz ta berak aurreratu zuenaz, Zirritoki erosi zuen, ta aberastu egin zen (harrezkero Don Gregorio da).

        Zorri hil biztua da Don Gregorio (lehen bezela, Harro esaten diote orain ere ekidazuarrek). Eta zorri hil biztua baino pistia txarragorik ez dago, nire adiskide batek esaten duenez. Aberats berria, herri-filosofo zakarra ta harroa, sasi-jakituna dugu, eta mundu haundiko gizona dela esaten du berak, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik eta Alaskatik ere ibilia delako (eskoletan egoten dira batzutan mandoeuliak ere, baina ez dute ezer ikasten). Politikaz liberala dela esaten du, baina bere antzeko beste askoren antzera, gerritik behera bakarrik da liberala; haren politika: eguzkia nora, zapiak hara. Erlijioz, jakina, katolikua da izenez (Ekidazuko Don Jose zaharrak bateatu zuen eta); baina izanez katilukoa. Haren ustez, mundu hau tripak eta tripapekoak darabilte.

        Ezkontzeko era asko izan ditu baina, ez du nahi ezkontzarik. Mutilzahartzen hasita zegoela ta, ea zergaitik ez zen ezkontzen galdetu zion lehengo batean bere adiskide batek.

        —Ezkondu? Taxiak dagozen artean, zertarako autoa erosi?

        —Bai baina...

        —«Bai baina», zer? Aspertu, gogaitu egiten da bat egun guzti-guztietan jateko berdina jaten. Angulak eta kabiarrak eta txanpanak ere iguina ematen dute egun oro janez gero...

        —Baina beti ez zara gazte egongo. Zahar egin zaitezenean..., orduan zer?

        —Dirua euki ezkero, dirubako zahar ezkonduak baino obeto orduan ere. Eta zahar egin artean edo ahal dudan artean: ondo jan ta ondo ibili, «lo bailau, bailau», gero gerokoak.

        Eguberrietan, Gabonzahar egunez (gauez) batez ere, jendez gainezka egoten da Zirritoki. Ete hango, soinu, kantu, dantza, edari, parre-algara, esku-zarta, eupada, zirri ta mila kolorezko argi, jantzi ta suge-paperak ez dute azkenik izaten. Hantxe egoten da gure gaurko gazteria ere, gazteria berrizalea.

 

                «Herri ta herrixka, baserri, kale,

                aldatuz doaz urterik urte;

                baina gaztedi berrizalea

                zabarra denik inork ez uste...».

 

        Olazaharko Koldo ta beronen lagunak ere Zirritokira joan dira lehen.

        Larrabeheko Pedro Mariren auto berrian joan dira. Eta hara heldutean, jolastoki inguruko kaleak autoz beterik egon dira. Eta handik ehun metrora dagoen kale estu batean aurkitu dute aparkatzeko lekua.

        Aparkatzean, aurreko autoa jo du Pedro Marik, eta haren barruan bat eginda zegoen bikotea banatu egin da. Koldo ta ez dira konturatu baina, Paulin Enekonekoa izan da mutila; neska..., batek ba daki!

        Koldo ta autotik jatsi direneko, nola ta nondik ez dakitela, hamarren bat gizon agertu zaizkie; Don Trifonen serbitzariak izan dira haiek ere.

        —Tar ma la de, cal al de la sa go?

        —Dapon Jopu res, caba lalo quin con?

        —Dosi musa troso con de la que con?

        Ez diete ezer ihardetsi Koldok eta.

        Inauteriak ez direla te, arpegietako karatulak kentzeko agindu die mutiloi, orduan, haietako batek. Baina Koldok, Pedro Marik, Patxik eta Santik ez dute mogimenturik egin; geldi ta mutu egon dira mozorrak kendu gabe.

        Mozorroak nahi ta nahi ez kendu gura izan dizkiete, gero, haiek. Baina bati ere ezin kendu izan diote. Berak nahi izan ezik ez da erreza, izan ere, bati mozorroa kentzea.

        Orduan, berehala, esposatu egin dituzte mutilok (emakumerik gabe, jakina), eta auto beltz itsusi batera sartu, ta nonbaitera eraman dituzte, arineketan.

        Don Trifonen serbitzarien autoak alde egin duenean, iges egin du Enekoneko Paulinek ere, neska bertanbera utzita.

        Holako edo halako mozorroz jantzirik ibiltzen gara gehienok baina, inori parre egitea errezena da ta, Koldori ta beronen lagunei parre egiten diete mozorroekin ibiltzen direlako; gaizki esan ere bai batzuek. Baina, hala ere, esamesei jaramonik egin gabe, Koldo ta mozorroz jantzita ateratzen dira nonbaitera doazenean.

        —Moda kontuak! —esaten dute batzuek.

        —Moda kontuak? Ibili beharra —erantzuten du Koldok.

        Zirritokikoek ez dakite zer gertatu zaien Ekidazuko mutiloi. Ez dira konturatu, eta gaztetasunak, musikak eta edariak eraginik, dantzan ari dira, naiz ta goizaldeko hirurak izan; eta ahal balute, luzatu egingo lukete gaua. Don Gregorio bera ere dantzan dabil hiru-lau neska gangarren erdian.

        Koldo, Pedro Mari, Patxi ta Santi ere, honezkero, dantzan ibiliko dira ilunaren eta beldurraren jolastokiren batean.

 

                «Itziarren semea:

                hori duk mutila...».

 

        Herio ere dantzan ari da Olazaharko etxe aurrean. Errege-koroi bat du buruan, liburu bat eskuan, eta «Ukabilkarien dantza» egiten ari da, burrukarako prestamenak egiten.

 

                «Eriotza, bizitzaren

                maisu jakintsua,

                munduko nagusi zaharra,

                errege ahaltsua».

 

        Herio pozik dago Olazaharko Juan hil aginean dagoelako. Izan ere, ez du luzarorako bizirik Olazaharko etxejaunak. Koldok behintzat ez du bizirik ikusiko bere aita; hilda ere ez, agian.

        Gauean Zirritokira zihoala esan zionean Koldok Juani, atzo arratsaldean, bekokia astun ipini zion honek hari.

        —Holako egun batean ez da inork ere etxetik kanpora joaten; ordu horretan gainera.

        —Gabon egunez ez da inor ere joaten, aita, baina Gabonzahar egunez beterik egoten da Zirritoki.

        —Berdin da. Ganorabakokeriak baino besterik ez da ikasten holako toki ganorabakoetan.

        —Zuk zer dakizu, ba, aita?

        —Jakin? Jakinda dago hori. Joan behar haundiren bat izan ezik, ez dakit nik zertarako...

        —Larrabeheko Pedro Mari, Alekerriko Patxi ta Basabilbasoko Santi, laurok goaz.

        —Bai, joan, ibili, ikusi, ekin...

        —Hori, ba! Gaurko gazteok o..., eskola haundia, dirua parra-parra, lujua, banketa banketaren gainean eta ez dakit nik zer; baina... —esan zuen albotik Eskolastikak isilik egon ezinda.

        —Zu, ama, zagoz isilik, mesedez! —esan zion Juanek.

        —Gauak begiak beltz, egunak argi. Gaueko lana, egunez ageri. Gaua lo egiteko da; bestela: ibiltari gauean, logura goizean —berriz Eskolastikak.

        —Zuen gazte denborarik hona euri asko egin du, aita.

        —Euria ta elurra ere bai baina, gizona beti gizon. Begira, Koldo: Jainkoak egin balitu herramienta hoiek etxean uzteko bai, orduan bai; baina aldean eraman behar dira, ta...

 

 

Benetan ibili arren ere, parregarrikeriaren bat esan gabe ezin egon Juan. Baina orain ez du gizajoak zelebrekeriarik esateko edo egiteko gogorik.

        —Anitz zelebrekeria esan ta egin du beronen bizitzan baina... —dio bere artean Don Jose zaharrak, erdi zabalik euki duen sotana tximurtsua ta ugertsua estutuz.

        Juanen ohe adarrean eserita dago Don Jose, eta haren zelebrekeria bat datorkio gogora:

        «Ekidazuko eliza barriztatu zenean izan zen. Pulpitua alperreko traste zahar bat zela ta, kendu egin behar zela ta, eztabaidaka ibili ondoren, botatzea erabaki zen.

        —Bota baino lehen, Juan Errementariak egin dezala azkenengo sermoia pulpitutik —esan zuen, halako batean han zegoen batek.

        —Bai, bai! Hori, hori! —erantzun zioten pozik besteek, Juanek parregarrikeriaren bat egingo zuela jakinik.

        — Berorrek utziko balit, egin ere igual nik —esan zion, orduan, Juanek Don Jose zaharreri, Finisitari.

        Berehala eman zion baimena Finisitak. Nola ez, bada! Eta pulpitura igo ta predikatzen hasi zen Ekidazuko sermolari berria.

        —Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Nire entzule bihotz-bihotzekook: Sikubita, finisita..., finisita. Nolako bizitza, halako eriotza. Pekatari haundi batzuk zarete zuok, eta damurik ez ba duzue, inpernura joango zarete zuok. Ai, zuok pekatariok, pekatari errukarriok! Galduak zarete zuok. Zuok pekatariok, zuok, zuok...».

        Herio sartu da Juanen gelara. Aitzinez aitzin du, orain, Juanek hura, eta ezagutu ere laister ezagutu du, eta inoiz ez lako ikara haundi bat sartu zaio noiz geldituko duen bihotzera. Baina derrigorrak eraginda, gela hertsi txiki batean erasoka darabilten kantu batek bezala, hortzak eta ukabilak estuturik, arpegi eman ta gogor egiten dio Heriori.

        Lehenbizi, ohetik jaiki egiten da, eta Heriorengana doa zuzen; eta Jesus ta amen esan orduko kentzen dizkio soingainekoak hari; errege-koroia ta liburua ere bai. Gero, agudo, dozena erdi ukabilkada ematen dizkio sahietz hezurretan, ta behera botatzen du.

        Hezur-hots izugarria entzuten da.

        Orduan, buztana atzeko hanka bien erdian sarturik igesari ematen dion txakurra bezala, ohepera sartzen da Herio maltzurra. Juan ere bai.

        Ohepean ari dira, burrukan orain, eta altxatu egiten dute ohea, ta dantzan hasten da hau: «Txalupa-dantza» egiten.

        Azpiratu du ia Herio Juanek. Baina honek sudur zuloetan sartzen dizkio hari esku ezkerreko behatzak, eta ahoan eskuiko ukabila. Ezin du arnasarik hartu Juanek, ta estu ta larri dago, ito aginean; indarka batean ari da baina, galdu ditu indarrak; nekatuta dago eta dardarazko keinuak egiten ditu; arpegia gorritu ta hazi egin zaio, begiak irten nahirik ditu, sudur zuloetatik odola dariola dago.

        Juan azpiratu du, orain, Heriok, eta haren sudur zuloetatik eta ahotik eskuak kendu, ta muturreko haundi bat ematen dio hari.

        Eskuak eta hankak izoztu egin zaizkio Juani. Arnasarik gabe dago, hilotz. Hil da Juan Errementaria: Balbeak jo du.

        Narraz ateratzen du Heriok Juanen gorpua ohepetik, eta ohe gainera jaurtikitzen du. Eta kar kar kar eta kir kir kir, dantzan hasten da. Baina berehalaxe uxatzen du Don Josek.

        «Ustelkar hau, gordin ta hilkor hau, bizkor bihurtutakoan, berriz, orduan beteko da idatzitako hau: "Eriotza garaipenak irentsu du. Non duk, Herio, hire garaipena? Non, Herio, hire eztena?"».

        —Guztiok ditugu geure zertxoak baina, gizon ona izan da Juan benetan. Jainkoak zeruetan euki dezala! —dio bere baitan Enekoneko Pedrok.

        —Aita! Aita! —esaten dio deiadarka Amaiak bere aitaren gorpuari, begi eder biak bi iturri dituelarik.

        —Gizajoa! —dio Klaudiok.

        —Hiltzea nahi ta nahiezkoa dugu ta... —dio hauzoko Mariak.

        —Ekidazuko gizon zelebre ta on bat hil zaigu. Agur, Juan, Juan parregarri. Otoitz bat eta gero arte —egiten du Don Jose apaizak.

        —Si hubiese tenido más cultura, Juan habría sido un gran hombre. Es una pena —dio Don Julian medikuak.

        —Gure aita zeruetan zarana... —erresatzen du Eskolastikak.

        Juanek berak zer ote dio? Aingeruekin dantzan ibiliko da seguru asko.

        Dantzan ibiliko dira Zirritokin ere oraindino, dudarik gabe. Dantzan sorginak ere Iguriako errotan.

 

                «Iguriako errotan,

                ehundaka sorgin gauean;

                Iguriako errotan,

                dantza-dantzari kantetan».

 

        Dantzan ibiliko dira nonbaiten Koldo, Pedro Mari, Patxi ta Santi. Dantzan dabil Amaiaren sabeleko umea ere.

        Dantzan ari da haizea kanpoan, eta lehioetako kristalak ere dantzan jartzen ditu noizean behin.

        Zenbat dantza ezberdin!

        Nik ez dut dantzarako gogorik. Izan ere, mutilzahartu ezkero, parkatu, iratxozahartu ezkero, hebaindu egiten da dantzarako zaletasuna, grina, eta trebetasuna ere bai. Eta ni iratxozahartuta nago aspaldidanik.

        Ezkondu nahi izan nuen baina, ez zidaten utzi nire anaiek.

        Iratxozahar izateak ba ditu bere alde onak ere izan, esate baterako: askatasuna. Baina emazte baten adiskidetasuna eta seme-alaben adiskidetasuna ere gauza ederra izango dela uste dut gure maitasun egarria pizka bat asetzeko. Bai? Dena dela, nolako edo halako adiskidetasuna preminazkoa dugu eta bizi-poz haundi bat ematen digu baina, gure izatearen eta nortasunaren muinera jo ezkero, bakarrik bizi gara adiskideen artean.

        Nik ez dut, ba, dantzarako gogorik. Ni idatzen ari naiz, idazten eta kantatzen gau ilunaren isiltasunean eta bakardadean.

 

                «Ai, gaua, zer duzu,

                zer duzu isiltasunean?

 

                Triste jartzen duzu bihotza,

                iluntzen dizkiguzu begiak bakardadean.

                Haizeak negar egiten du,

                itsasoa mutu gelditzen da zu etortzean...

 

                Ai, gaua, zer duzu,

                zer duzu isiltasunean?

 

                Zuk oroiarazten duzu

                gu bizi garan mundu hau ere iluna dela.

                Beldur, gorroto, gaiztakeria,

                ta injustizia triste asko, bai, ba direla...

 

                Ai, gaua...».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia