—6—

 

Erdi ilunetan dago Ekidazuko eliza, eta jende gutxi meza entzuten.

        Don Jose zaharra sermoaginan ari da. Urteberriz sermoi luzea egiten du.

        —...behin baino sarriagotan esan dizuet, anaiarreba maiteok, lau muturreko haundi hartzen ditugula gure bizitzan. Lehenengo muturrekoa haurtzaroan hartzen dugu, Erregenez, guri erregaluak ekarri dizkiguten erregeak nortzuk diren jakitean, gure amets gozo ta pozgarriak egaz egiten dutenean. Bigarren muturrekoa ere (batzuek lehenago, beste batzuek geroago) haurtzaroan hartzen dugu: Haurrak nondik eta nola datozen jakitean, begiak zabaltzen hasten garenean. Hirugarrena gaztetan edo sasoikoak garela hartzen dugu, gure bizitzaren sentiduaren kontzientzia izaten dugunean: zertarako nago ni hemen mundu honetan? Nora noa? Eta, azkenik, laugarren muturrekoa eriotza da. Hartu du Olazaharko Juanek laugarren muturreko hau. Baino horregaitik Ekidazun ez da inor bular-joka hasiko. Lehenago izan balitz bai. Lehenago euskaldunak eta fededunak izan ziren ekidazuarrak. Lehenago ekidazuar guztiak joaten ziren mezatara, mutilzahar banaka batzuk edo izan ezik. Lehen, gaurko gazteek esaten dutenez, gogorkeria asko egongo ziren, siniskeria asko, santukeria asko, faltsokeria asko... Eta orain zer? Orain askekeria asko, maitekeria asko, alperreria asko, gizonkeria asko... Seigarren mandamentua izan zela lehen erlijioa? Eta orain zer? Ba ahal dago seigarren mandamenturik? Non dira zentzuna ta neurria? Non, neure entzule bihotz-bihotzekook? Horrela ez dago zereginik, horrela galduak gara. Jaungoikoa bat, eta bera nahikoa. Jaungoikoa ez da aldatu. Eta sinestu edo ez sinestu, berak epaituko gaitu azken egunean. Airaren / eta Semearen / eta Espiritu Santuaren / izenean / amen.

        Trenaren txistu hotsa entzun da Don Jose zaharrak, sermoia bukatzean, Aitaren egin ta esan duenean. Eta Errotaurreko Josepak ere Aitaren egin du, baina Aitaren berri bat esan du.

        —Ene! / Gaur trena / berandu samar / doa / ba!

        Joan ere berandu samar doa gaur zazpi t'erdieteko trena, zortzirak jo bai ditu oraintxe puntuan elizako erlojuak.

        Estaziora noa, Simonengana, haren berriketak entzutera. Gaur berri edo berrikeria asko izango ditu.

 

 

Eguzkia indarga ta nagi egoten da neguan, eta lo dago oraindino. Ekidazuko oilarrak dei ta dei dabilzkio, eta laister esnatuko da, laino mantak alde batera bota ondoren.

        Ekidazu ilunaren ezerezean egon da orain arte; baina astiro astiro, egunsentiaren argitasun motelez, hasi da agertzen.

        Gezalatik Botxoara doan trena pasatzen da Ekidazutik. Gelditokia herri-herrian dago, ta oso polita da; txalet bat dirudi.

        Lehenago (Don Jose zaharraren antzera hitz egiten hasi ote naiz, bada? ), Botxoan lan egiten zutenak, esne ta ortuariekin joaten zirenak, honetan edo horretan Botxoara joaten zirenak, trenez joaten ziren. Baina orain, kamioiak eta kotxeak ugaritu ditenez gero, jende gutxi joaten da trenez. Dena dela, ba dabil oraindino trena.

        Simon du izena Ekidazuko estazioko jefeak. Simon Barandiko da izan, baina deitura berri bi ezarri dizkio herriak: Simon Berritsu ta Simon Gezur. Ederki ezarrita benetan.

        Izatez kanpotarra da (ez naiz gogoratzen orain nongoa den); baina urte asko daramatzi Ekidazun. Berrogei ta bost urte aldera izango ditu berak. Gizon txikia da eta bizkorra, baina txoriburu samarra. Sagu bat lakoxea da bere sudur luzenga ta bibotearekin.

        Ezkondua da Simon. Demetria du izena bere emazteak. Botxoatarra da hau; txikia eta potolatxoa, eta koipetsuegia.

        Gelditokian bertan bizi dira Simon ta Demetria hamabost urte hauetan.

        Familiarik ez dute izan; baina neskato bat dute, irikoa.

        Seme-alabarik ez zutela ta, hainbat urtetan ibili dira bat semetzakotu edo alabatzakotu nahiean. Simonek mutila nahi zuen; Demetriak, ostera, neska bat. Eta hor egon dira urte mordo batean biak bietara beti matrakan. Baina (Mari Migelen etxean no da to, emaztea gizon, oiloa oilar) azkenean andreak irabazi, ta neska bat ekarri zuten Sasikotegitik.

        Alabaren izena zela ta ez zela ere matrakan ibili ziren. Simonek Anastasia zela izen polita esaten zion Demetriari.

        —Anastasia?

        —Edo Atanasia.

        —Isilik zagoz isilik, Simon, zoro hori! Akordatu ere egiten zaizu zuri bakoitzik! Anastasia...? Horixe ez, Jainkoarren!

        —Bat zein beste, izena izen.

        —Bai, zera da...!

        —Zein ipiniko diogu, bada?

        —Josefina.

        —Josefina?

        —Bai, horixe da izenik politena ta.

        —Baina nork agintzen du gure etxean, ba?

        —Zeuk.

        —Nik?

        —Bai, baina honetan ez. Honetan andrazkoak izan dira beti nagusi.

        —Beste gauza askotan ere bai.

        —Tira, tira! Isildu zaite. Josefina ipiniko diogu bai, ta kito.

        Eta jakina, Simonek eta Demetriak Josefina ipini zioten izena beren alaba ordeari. Gaur Fini esaten diote; ekidazuarrek Txankame.

        Ekidazuko berri zabaltzailea da Simon. Berriketa da haren deportea. Eta berriketa asko, egia gutxi. Horrexegaitik esaten diote ekidazuarrek Simon Berritsu edo Simon Gezur. Nik, neure aldetik, beste gaitzizen batzuk ere egoki-egoki ezarriko nizkioke: Hitzontzi, Nonzebarri, Berbalapiko, Kontukatilu, eta abar. Hura da gizonaren berritsua! Andrazkoa izan balitz ere...!

        Ekidazuarrek ongi ezagutzen dute Simon, eta ba dakite Simonen «bai» asko «ez» direna. Ba dakite Simonek hamalau esaten duenean lau direna, beltza esaten duenean beltzerana dena, pulmunia (edo alborengoa) esaten duenean eztul edo doministikunen batzuk baino ez direna. Ekidazuko pelotariak hogei ta bi ta hogei ta bat irabazi omen dutela partidua esaten duenean Simonek, galdu egingo zuten, seguru asko.

        —Para deducir la verdad exacta de lo que dice Simón, hay que extraer la raíz cuadrada y, a veces, la cúbica —esaten omen zuen bere eskola-maisuak.

        —Hau ta hori ta bestea, eta abar, eta abar, eta abar..., sutan erretzeko abarrak dira Simonen abarrik gehienak —esaten zuen Olazaharko Juanek.

        —Hori ere gaixoa duk eta...! Egia esateko eginahalak egin arren, gezurra esan behar nahastean beti —esaten du Felix Astok.

        Gaur, behinik behik, ba darabil berriketa ta gezurra ta abarra Simonek. Ba du, izan ere, Urteberri goiz hontan zeri ekin.

        —Don Trifoni Jopu ohostu diote. Seiretako partean esan du irratiak. Telebisioak ere esan du. Periodikuak ere ekarriko du. Baketan dagoenari baketan utzi, hori ikusten da mundu hontan gutxi. Berriz ere etorriko da gerrateren bat. Bai; eta, beti bezala, errugabeak hilgo dira. Holakorik! Haundia da gero! Ba, Don Trifonen autoan erdi lo zegoela arrapatu dute Jopu; kloroformoa eman ei diote honi ta ukabilkada bi Don Trifoni berari, ta konorterik gabe utzi dute... Andoni ta Koldo izan omen dira lapurrok. Egia ote da? Ba dakizu: esan gauza asko esaten dira ta... Don Trifon ta beronen serbitzariak Andoniren etxera joan direnean, tiroka hartu omen dituzte eta, tiro hotsean ekitaldi gogor bat egin ondoren, Andoniren aita atxilotu egin dute. Andoni bera ez dute atxilotu. Iges egin omen du txifa txakur mozorro bat jantzirik. Andoniren aita erori egin dela ere esan dute, ta min hartu duela. Itsasoz iges egin omen du Andonik, Frantziarantz edo...; baina dirua hartu nahi badu, etorriko da gaur iluntzera orduko. Hogei ta hamar miloi peseta eskatu dizkie Don Trifoni Jopugaitik (neure karteran banitu!). Olazaharko Koldo ere atxilotu egin dute, Zirritokin zirrika zebilelarik. Mozorro ta guzti ere ezagutu egin dute (esan nion nik egun batean irtenegia zela baina...). Bazterrak bete lagun atxilotu omen dituzte; hainbeste ezetz ere entzun dut...; bai, hala esan dio gure Demetriari hauzoko Karmelek. Ez dakit, ba, nik: batzuek gauza bat esaten dute, beste batzuek beste bat... Nori sinistu? Hara: Frantzia aldera joan dela Andoni esan dute batzuek lehen hementxe estazioan; oraintxe puntuan entzun dut, ostera, Don Trifonek diola ez duela Frantziarantz iges egin Andonik, Botxoarantz baizik; Botxoan ezkutatu dela non edo non; berak ikusi duela, eta bere serbitzariok ere bai, Gezalatik alde egiten «R 10» zuri batean; haren atzetik joan direla Botxoaraino, ta, nola ta nondik ez dakitela, hantxe galdu zaiela telebisio-denda batean... Haatik, orain, Don Trifon eta beronen serbitzariak Botxoako etxe guztiak arakatzen ari dira. Hemen berton ere errekistatu dituzte etxe batzuk... Eta ba dakizue zer gertatu den Olazaharren? Hil egin da Juan. Bihotzekoa zuela aitak eta, hari disgusturik ez emateko esan zien Don Julian medikuak haren seme-alabei baina, disgustuz hil dute. Horixe da azkena! Juan gizajoa! Gizon ona, benetan! Amaia ere gaizki omen dago...; seindun dago ta...; ba dakizu ezta? Haurgintza minak izango dira, noski. Tomasek esan dit lehentxoago hau; nola Amaia ere txarto dagoen; Etxezaharreko Lontzok ere hainbat kontu esan dizkit Amaia dela ta. Neskazaharra ta izorra, hori ere ba da lorra. Gure Otalora burusoila ere mendira joan da gaur. Olazaharko Juanena Anton Porruk esan dit lehenengoz, lehenengo trenean joan da Botxoara edo ta; Zeanuritxiko Bizkondeari errenta pagatzera joango zen, seguru asko. Zera ere..., barkatu, zortzi t'erdietako trena bai dator.

        Nahaste borraste, azak eta nahaste; egia ta gezurra nahastean, Simonek hitz egiten duenean. Urteberri egunez ez da periodikurik egoten baina, behar ere ez Ekidazun.

        Larru zaharra noiz jausiko duen suge baten antzera sartu da trena Ekidazuko gelditokian. Eta haren galga indartsuak irrintza kirrinkari bat egin du gelditzean.

        Lagun gutxi dabil gaur trenetan, baina Don Trifonen serbitzari asko, galde honi ta galde hari.

        —Jopu de lan pan tran los quin trenco leis Don Trifon?

        —Car por delis trin detus laspos de mel Andoni?

        Txistu hotsa da.

        Geldiro geldiro, atzera aurreraka, joaten hasi da trena. Joaten joaten, joanez joanez, joanean joanean, ba doa. Ba doa, badoa, badoabadoa, badoabadoabadoa... Joan da.

        Gosaltzera doa Simon. Neu ere bai; idatzi ta idatzi, gosetu ta egarritu egin naiz ta.

        Bart sobra utzi nituen musker biak gozoago egongo dira orain, ta katagorrien esnea ere presko-presko.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia