11
Hanka jokoari daragoio telebisioak. Inoizkorik ondoen omen dago Espainako ekipoa. Laister ikusiko dugu.
Buruzehur elkarteak bostetan egiten izan du (aspaldiko urteotan bai behinik behin) urteroko bilera nagusia. Baina aurten aurreratu egin du, gero fulboleko partidua lasai ikusteko.
Kanposantu ondoko bidegurutze batean bildu dira elkartekideak. Batzar gutxi egiten dituzte Buruhezur elkartekoek. Honetan molde zaharrekoak dira. Izan ere, molde berrikoak balira, batzar asko egingo lituzkete.
Gerrikagoitia Serafin.
Bai!
Manterola Enrike.
Aurrera!
Lopetegi Felisa.
Hemen nago.
Egiluz Ziriako.
Eup.
Agirrebengoa Maria Elena.
Bai...
Ekidazuko jakintsu taldea ere batzarrean dago. Atzo ere batzarrean egon zan; bihar ere batzarrean egongo da. Molde berriko elkarte denez gero, batzar asko egiten dituzte jakintsuok. Katalin kafetxeko gela batean dagoz orain. Zigarro kondoz beterik dituzte hautsontziak. Kopak, ordea, hutsik.
Aurrerapide haundiak egin ditugu aspaldion egin.
Baina, hala ere, planifikazio on baten premian gagoz.
Bai, egia da.
Irakurri ahal duzue Cunningham-en liburua: Western Civilization in its Economic Aspects? Oso interesgarria da. Erreza, gainera, irakurtzeko.
Ni Récréations et passétemps irakurtzen ari naiz.
Norena da hori?
Zerana: d'Allemagne-rena.
Nik Feldhaus-ena erosi nuen lehengo batean Munich-en.
Zein?
Lexicon der Erfindungen und Entdeckungen auf den Gebieten der naturwissenschaften und Technik. Konsulta liburu ona, benetan.
Bai, ezagutzen dut. Liburu ederra. Orain dela hamar urte erosi nuen nik hori New York-ko liburutegi zahar batean.
Ongi ahal dakizu zuk alemanez hitz egiten?
Ongi hitz egitea ez da erreza. Baina irakurri ta idatzi itxura batean egiten ditut.
Ikasteko errezena inglesa da.
Gaur ikusiko ditugu inglesok partiduan.
Pitxik jokatzen ahal dau?
Ez dut uste.
Baietz esan du, ba, telebisioak!
Esango zuen baina...
Esan gauza asko esaten dira ta...
Batzarrean dago, bai, Ekidazuko intelektual taldea, batzarrean mundu konpontzen.
«Gure herriko jakintsua,
intelektuala,
hitz politen jaun ta jabea,
beti goitik behera
begira zaudena,
baina behin ere lurra
ikuitzen ez duzuna,
gauza onak eta txarrak
ezagutzen dituzuna,
herri maitale paregabea,
tertulia bakoitzean
mundu bat konpontzen duzuna:
zure bultzaren zai dagoen herria
ez ote da aspertuko
zuri begira?»
Gezalako haundikiak ere batzarrean egongo dira. (Txikikiak ez dute izaten, sarri askotan, batzarretarako astirik). Botxoako haundikiak ere bai. Ekidazuko hitz sinonimuen sariketara etorri diren hizkuntzalari batzuk ere bai, Botxoako barren batean. Baita hitz sariketaren antolatzaileak ere Tabernaberriko jantokian.
Molde zaharrekoak dira baina, txakurrak ere batzarrean dagoz Don Julian medikuaren etxe inguruan, txakur eme bat du harek eta.
Urteberri eguna izan arren, beste asko ere, beste toki askotan, batzarretan egongo dira, dudarik gabe, zertarako edo hartarako, batzarrak egitea premiazkoa, derrigorrezkoa, nahi ta nahi ezkoa baita gaur. Batzar bat ez egiteko ere batzarra egin behar; batzar bati boikota egiteko ere batzarra egin behar.
«Atzo batzarra,
gaur beste bat;
bihar batzarra
berriz daukat.
Batzarra hemen,
batzarra han:
beti nago ni
batzarrean».
Batzar gizaldia dugu, izan ere, oraingoa. Batzarra hemen, batzarra hor, batzarra han. Batzarra egin genduen, batzarra egiten gagoz, batzarra egingo dugu. Gaurko batzarra atontzeko bildu ginen atzo. Biharkoa atontzeko bildu gara gaur.
Batzarra batzarraren gainean! Eta, jakina, ez du inork ezertarako astirik, batzarrak berak egiteko ere ez. Bai ba! Hainbeste batzarrekin, ezin danetan egon. Gainera, batzar bat nola egiten den ere ez da jakiten azkenean, ahaztu egiten da.
Batzar asko egin dira ta egingo dira Urteberri egun honetan. Baina gaurko batzarrik inportanteenak telebisioaren aitzinean egingo dira, eta telebisioa bera izango dute batzar buru. Zenbat miloiren batzar buru? Batek ba daki!
Juan, Andoni, Koldo, Don Trifon, Jopu ta gainerakoak bertan behera utziko dituzte ekidazuarrek ordu pare batean.
Ia bostak dira, eta biztuta dagoz telebisinoak etxe guztietan. Ez, etxe guztietan ez. Oxinan eta Zabalan ez dituzte biztu, ez bait dute oraindino telebisiorik (haundia da!). Olazaharkoek ba dute izan, baina itzalita dute, eta biztu ere ez dute egingo denboraldi batean beren aita izan zenagaitik.
Hasi diran batzarrak.
Señoras, señores, ¡muy buenas tardes! dio telebisioak.
¡Buenas tardes! erantzuten dio Don Julian medikuaren emazteak.
Lehenengo gola Espainak sartuko balu...! dio bere baitan Enekoneko Paulinek.
«Montecristo» bat ekarzu eskatzen dio Santi indianoak bere emazte gazteari.
«Montezier» bat ekarzu eskatzen dio Martzel Izkok bere emazte zaharrari.
Tráeme un «voltigeur» Don Julian medikuak emazteari.
Zagozte isilik, ba! Ezer entzuten ere ez duzue uzten zuok! Egon isilik edo joan kanpora! Ez duzue entzun ala? deiadarrez Pinuetako Faustinok bere seme-alabei.
Ilunegi dago hori. Argitu ezazu pizka bat. Ez, ez, hainbeste ez..., hortxe! Hori da ta! Oraintxe bai ikusten da ondo Ibargureneko Serafinek, butaka zabal ta apatz batean erdi etzanda dagoelarik.
Hasi ahal da? Simonek Demetriari gelditokiko telefonotik.
Ez, oraindino ez, baina laister hasiko da Demetriak.
Ene! Pitxik ere jokatzen dau askok.
¿Qué nos hará hoy España? galdetzen dio Don Julian medikuari bere alaba gazteenak.
Ganar erantzuten dio Don Julianek.
Zer egingo egingo du gaur Espainak, aita galdetzen dio Belarrinagako Kandidori bere seme gazteenak.
Galdu erantzuten dio Kandidok.
Felix Astok ez dio ezer. Mututu egin da, ta urduri, ezinegonez, dago. Txokor bat eta lau zigarro erre ditu segituan. Obeki esanda, erre ez, jan baizik.
Hamaika ta hamaika, jokalariak aurrez aur dagoz, prest jokatzen hasteko. Haien inguruan dagozanak (ehun mila aldera) txaloka, txistuka, orroaka, irrintzika ari dira.
Hasi da partidua. Ikusleak isildu egin dira bere-halaxe. Ederki jokatzen du Espainak. Bai, hasiera ona eman die espainatarrek. Erdiko aurrelariak du baloia orain. Ingles ile luze bat doakio arineketan. Baina espainatarrak ezkerretarantz jaurtikitzen du indartsu baloia, inglesa hurbildu baino lehen. Han dago ezkerreko aurrelaria zain, ta ederki hartzen du baloia bere paparrean; ta, berealaxe, baloia hanka tartean eta inglesen atzelari bat alboan daramatzilarik, arineketan hasten da. Tximista bezala doa aurrerantz, fulboleko kanparen ertz ertzetik. Korner ondora ailegatu, ta gelditu egin da bat batean. Hiru lau keinu ikusgarri egiten dizkio atzelariari, ta driblatu egiten du azkenean, eta erdirantz, inglesen porteriaren aurreko alderantz, jaurtiki baloia bere hanka, ezkerraz. Bost espainatar eta zortzi ingles dagoz han, porteriaren aurrean. Eta, baloia hartzean, bultzakada bat eman eta lurrera botatzen du ingles batek espainatar bat.
Jendea txistuka hasi da. Baina arbitroak ez omen du ezer ikusi, edo ez ikusi egin du.
Azkenez, baloia kanpora joan da.
Penalti izan duk hori! batek.
Bai, bai, penalti izan da! besteek.
Ez dago deretxorik horretarako gehienak.
Penalti! Penalti! Penalti! guztiek.
Nor da penalti? Josepak.
Me parece que a este «arbitrucho» lo han comprado los ingleses. Lo demás no me explico cómo ha podido hacer la vista gorda. No hay derecho a eso Don Julianek.
Hasiera ona eman dio, bai, Espainak. Gero izango dira kontuak.
Neskamea datorkio Don Juliani errekaduren hatekin.
Señor, le llaman por teléfono.
¿A mi?
Sí, señor.
¿Has preguntado quién es?
Sí, señor. Es Nicasio el de Bolu.
¿Qué quiere Nicasio?
Dice que su padre se ha puesto malo.
¡Vaya, hombre! A algunos se les ocurre ponerse enfermos precisamente a la hora del partido...
Gustora ez baina, telefonora doa Don Julian. Iturriberriko Tomasen behi bat ere oraintxe dago txala egiten. Eta, jakina, haserre da Tomas.
Sartu ahal du golik Espainak? galdetzen dio emazteari.
Ez, oraindino ez.
Eguzkiari, ordea, bost ardura dio fulbolak. Agurka ibili da oraintxe puntuan laino montor beltz baten ostetik, bere izpi epelekin izadia samurkiro laztanduz.
«Eguzkia joan da
bere amagana;
bihar etorriko da
denbora ona bada».
Argi indarra ere joan egin da. Eta ehun mila hegiren aurrean (ehun mila esakera bat da) itzali egiten dira telebisioak. Besterik ez da falta izan...!
Hau ere ba da! Aste osoan lanean pozik ibili gero lasai partidu bat ikusteko..., ta kaka, horixe, kaka! Berdin beti. Goizaldeko hiruretan, behar ez denean, ez da joango argirik..., ez, orduan ez, egon seguru. Lotsa galdukook halakook! Esan dut nik, partidua hasi aurretik, bai: Partidua osorik ezetz ikusi? Eta esan ta egin. Beti pasatzen da zer edo zer holako orduan... Argia, berriz, etorri egingo ote da gero? Ezetz egingo nuke postura dio haserrez Felix Astok.
Itxadon pizka batean, laister etorriko baita berriro argia dio Pantxikek.
Hau da itzela! Martzel Izkok.
Trumoiagaitik edo kenduko zuten argia Santi indianoak.
Besterik ezean, transistorak biztuten dituzte etxerik gehienetan. Ikusi ezin bada partidua, entzun gutxienez.
«... saca de puerta Atzapar. Lanza el balón muy lejos. Lo recoge Tini, que se lo pasa rápidamente a Pitxi, que avanza, dribla a un contrario... Sigue avanzando Pitxi, y sigue driblando contrarios. Se interna en el área de los ingleses. ¡Atención! Peligro para los ingleses. Pitxi sortea a un contrario más, y chuta fuerte... ¡Ay! ¡Fuera! Ha salido fuera el balón rozando el larguero cuando ya en los graderíos se cantaba el gol; es que, ciertamente, el balón llevaba marchamo de gol. ¡Qué gran jugada personal de Pitxi, señores radioyentes! ¡Formidable! ¡Increible! El jugador número doce aplaude a rabiar. Y Txipi..., perdón, queremos decir Pitxi, levanta su mano derecha en señal de agradecimiento.
Saca de puerta el cancerbero ingles...».
Lehen begiak euki dituzte telebisioan ekidazuarrek. Orain, belarriak transistoretan. Eta gogo-bihotzak partiduan. Bien bitartean, erre ta erre, hautsontziak bete ta hustu egiten dira; edan ta edan, kopak bete ta hustu.
Egia haundia gure olerkariak diona!
«Hustu gaituzte
tiroz ta fletxaz,
likorez,
putaz,
fulbolez,
zezenez,
boseoz,
Urtainez,
likorez,
putaz.
Hustu gaituzte.
Hustu,
usteldu...
Bizioetan.
Prostituzio berria,
kapitalismo berria,
estranjerutik ekarria.
Hustu gaituzte,
hustu,
usteldu.
Poetak,
iturriak
isildu ziren.
Hil zaigu dana.
Eta poetak
uste
du
ezerk ez duela ezer balio.
Hustu gaituzte».
Egia haundia da hori; baina ez egia osoa. Hustu gaituxte, baina poeta guztiak ez dituzte hustu. Ez horixe! Ba dagoz, ba dagoz, zorionez, oraindino, poeta jator eta bete batzuk, herriaren amets, bizi nahi, bihotz ikara, ta asmoak, zirt edo zart, lau haizetara iragartzeko; herriaren barne lokartua esnatu ta indartzeko. Ba dagoz, bai, han hor hemen, olerkariak, eta etorri haundikoak gainera.
«Olerkari txit bizkor,
gau hodeitsu ilunean
oinestarri diztikor.
Herriak lo ameskor,
olerkari kantari
goizeko urretxindor.
Gogo motel garaian
olerkiaren gatzak
min herri bihotzean.
Oi, olerkari sutsu!
zure urre gogoan
maitasunak loratsu».
«Urteberri, itsuak ere igerri», eguna luzatu egin da. Baina, hala ere, laister gautuko du.
Mendia behera dator iluna, Ekidazu bere egapean ezkutatzeko.
«Oi, zein dan ituna
behera behar hau!
Nik ez nahi eguna
bihurtzerik gau».
© Mikel Zarate