Ezorduen erdiminez sortuak

 

Haize sorgintsuaren intzirina

iratxoen gauean

eta eldarnio hozkirriak zirri ohean

idazminaren barnean...,

eta pentsatzen

eta kantatzen:

«Ezaren mindura

gure literatura,

baiaren gurari

niregan ernari,

ene higidura berdez

zuri begira,

ezorduen erdiminez

sortuko dira.

 

Epeltasun leunaren atsegina

gorputzean haserrekor

eta oroitza sukartuaren edari bizkor

irudimenean mozkor...,

eta pentsatzen

eta kantatzen:

«Ezaren mindura

gure literatura,

baiaren gurari

niregan ernari,

laztan gozoen hirritsez

gaueko lira,

hegatsaren maiteminez

letrak orrira.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia