Derioko kanposantuan
Hilerri hontako pake larrian
nire bihotza urduri,
ez dut nahi
hilotzen pake hilik.
Hemen ez dago
zapaltzaile ta zapaltzailerik,
berdinen ezberdintasunik,
ezertariko arriskurik.
Hemen ez diete zuriek
gorriak ikusiarazten
beltzei
edo gorriei.
Kale kutsatuen arteko
giza-artaldeen garraisirik
ez da entzuten;
burruka gorriaren
haserre saminik,
inbidi begiluze horiaren
erreminik,
maiteminduen sukarrik,
tradizioaren kontradiziorik,
euskara batuaren arazorik...,
ez dago hemen.
Pobrea ta aberatsa,
handia ta txikia,
zuria ta beltza,
ona ta gaiztoa...,
denak berdin.
Hemen ez du
ezer balio diruak,
jakituriak,
aginpideak...
Baina ez dut nahi
honelako pakerik,
pake hil larririk.
Pake bizia nahi dut. |
© Mikel Zarate