«Aurrea hartuko dizute
Jainkoaren Erreinuan»

 

Hamburgoko Hotel Palace argitsuaren

gibel alde ilunean

ikusi nuen,

udako iluntze batean;

jantziño gorriska bat zuen

soin guriaren gainean;

eta ile horiz

ta begi beltzez,

bular irtenez

ta istar lodiz,

zerbait esan zidan,

bigun,

alemanez;

keinu egin zidan,

lizun,

«universalez».

 

Udako mandeuli

mutiri

bezala,

hiru hitz zatar

belarrian burrunbari

berehala:

Ematxar.

emasaldu,

emagaldu.

 

Ematxar...?

Gizatxarren

baten

sukar.

Emasaldu... ?

Txuloren

baten

jopu.

Emagaldu...?

Nork ote zuen,

pentsatu nuen,

erru.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia