Hala ere...

 

Baserri kulturaren

hasperen itun,

betiko leloaren

agonia iraunkorraren

oihartzun:

«Nahiz eta ahalegindu

gizaldien

gizaldietan

gure mendien

barrenetan...,

gureak egin du...

...egin du.

Zereko

(badakizu nongo)

zeraren

(badakizunaren)

zera

(bera)

hil dute,

pertsonak hiltea

baino hobea

ez dena:

sena

hil dute

berrogei urtetan

negute

luzearen

nahi ta nahi ezko

pakezko

larriaren

beldurretan

eta

nahiz eta

ahalegindu...,

gureak egin du...

...egin du...»,

eta bat, bi, hiru eta lau,

betiko leloaren

zurrunbiloaren

zurrupak irentsi nau.

 

Zurrunba,

burrunba,

erremola,

zirimola...,

dardar

negar

esaten

ta idazten:

«Hasieraren hasiera?

Hasieraren azkena?

Azkenaren hasiera?

Azkenaren azkena...,

azkenaren azkena...?».

Eta higidura berdezko

ahalegin

begi-bihotzen zetabean,

etsipenezko

sorgin

ene barnean

altzairu ta porlanezko

etxeorratzen

itzalean.

 

        Hala ere..., hiriko kutsadura iguingarriaren pozoinez hiltzear dagoen nire etorri erdimintsuaren azken arnasaz, kale arteko baserri kulturaren errai etsipenduetan..., hala ere, loreño bat ninikatu zait euskarazko fenix zaharraren hautsetan, egundaino argirik eta pozik ikusi ta dastatu ez duen loreño berri margul bat, bakuntzaz klitxeturiko loreño sendo bat..., eta usai, kolore, edertasun ta humorearen hirritsez dudan loreño horren itxaropenezko geroaz maitezoraturik, kantuka hasi naiz inprenta bateko amets ikuspegian, baserri-doinu zahar baten haizetan.

 

«Lore, loreño, lore

lerden eta alai,

moldearen kolore,

forma ta usai.»

 

Ene hiriko kultura

erditze minetan,

moldearen mindura

pozezko loretan.

 

«Lore, loreño, lore

lerden eta alai,

moldearen kolore,

forma eta usai.»

 

Paperezko orrietan

hiri-lore anitz,

kale eta auletan

hiri-lorezko hitz.

 

«Lore, loreño, lore

lerden eta alai,

moldearen kolore,

forma eta usai.»

 

Hiri-lorezko hitzez

hiriko hizkuntza,

eragindura berdez

loreen bakuntza.

 

«Lore, loreño, lore

lerden eta alai,

moldearen kolore,

forma eta usai.»

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia