Emakumeen udaldiko ardurak
Bilbotarrek, modu pizka bat izan daben bilbotarrek,
aspaldidanik izan dabe udaldietan Bakiora, Lekeitiora, Kastrora, Errioxako herriren
batera edo beste nonbaitera, Bilbotik kanpora udako oporretan joateko ohitura.
Behin maiatza igaro ezkero, emaztea eta umeak hartu ta hor doaz, udatiar bihurturik, itsas bazterreko hondartzaren batera heuren gorputz margulak eguzki berotan baltzitu ta sendotzen edo kiskaltzen. Hor doaz Errioxa aldeko haize osasungarriaz heuren birika kedarratuak garbitzera, heuren bularrak nasaitzera.
Gizonak, jakina, Bilbora etortzen dira astegunetan, ta Bilbon gelditzen dira lanean kale arteko galdatan, barriz ere jai egun bezperetan heuren emazte ta seme-alabengana joan arte.
Udako astegun buruzuri luzeetan, ba, senarrak hurian egoten dira eta bakarrik, edozein Rodríguez edo Urliabeitia bihurturik. Baina pozik egoten ei dira, emazteek dinoenetik behinik behin, solteruak legez solte ibiltzen direlako denporaldi horretan.
Arteagatarrak Labastidan egoten dira udaldia pasatzen. Eta Arteaga jaunaren emaztea udatiar barri baten lagun egin da aurten, Nekane deritxon berrogei urte inguruko andre baten lagun. Bilbotarra da hau ere.
Arduraz dabil Nekane, bere gizonak ez deutsela sekula telefonotik deitzen ez kartarik idazten eta.
Ba dakizu. Bilbok fama txarra dauka horretan. Formala da izan nire gizona baina... Bera formala izan arren, lagunak sarritan...
Bai. Horretan zuhur ibili behar dogu, Nekane. Lehengoan irakurri nuen Nonzebarri aldizkarian estadistika bat eta harriturik gelditu nintzen. Ba dakizu ehunetik zenbat gizon dabiltzan Bilbon, gizon ezkonduak esan gura dot, beste emakume batzukaz? Zenbat uste dozu?
Ez dakit, ba. Asko?
Ehunetik berrogeitamar.
E? Egia ez da izango!
Bai. Ehunetik berrogeitamar. Ba dakizu zer den hori?
Ez nuen uste izango Bilbon horrelakorik gertatuko zenik.
Bai, Nekane. Lehendik ere sarritan entzunda neukan hori. Baina lehengoan aldizkarian irakurtzerakoan...
Oraintxe bai jarri nozula arduretan eta urduri, eta ez dakit zer egin. Pozik egoten dela uste dot nire gizona Bilbon ni barik. Pozegi...
Neu ere, hona Labastidara etortzen hasi ginenean, holantxe egoten nintzen. Arduraz eta bildurretan beti. Baina laster konpondu nuen.
Bai? Zelan?
Errez-errez. Egun baten, hona etorri zenean, hauxe esan neutsan: «Kartarik idazten ez badeustazu, ta egunero idatzi ere, maletak egin, umeak hartu, ta lehenengo autobusean Bilbora noa barriro, etxera, zeugaz egotera. Entzun dozu?».
Ta?
Ba egunero bialtzen deustaz orain karta bi edo hiru.
© Mikel Zarate