Txikito baten balioa
Zorionez edo zoritxarrez Bilbo txikiteroz beterik
dago. Zorionez, alkartasun ta adiskidetasun bat sortzen dauelako txikiteroen
eguneroko ibilaldi ta alkarrizketak. Zoritxarrez, alkoholizatu egiten duelako
gizona ta emakumea eguneroko txurrut etengabeak, eta poltsikoetako dirua urtu.
Zer dinostazu? Egia ez da izango?
Bai, gizona!
Oraindino karuago?
Bai.
Handiagorik...!
Datorren domekatik hasita, hamabost pezeta txikito bakoitza.
Lehen merke egon balitz ere...
Gauzak ondo begiratu ezkero, merke da halan eta guztiz ere.
Merke ?
Oso merke.
Zagoz isilik!
Isilik zergaitik? Egia da. Kontuak ondo atera ezkero, merke ere merke da txikito bakoitza hamabost pezetan.
Hona hemen gaineko laukoak! Baso ipurdi bat ardao hamabost pezeta, merke? Zoratu egin jatzu ala?
Baina baso ipurdi bat ardao bakarrik ez deutsue emoten tabernetan hamabost pezetagaitik. Beste gauza asko ere emoten deutsuez gainera.
Beste gauza asko? Zer?
Begira: Lehenengo ta behin, aterpe ezkutu bat emoten deutsue. Argia ere bai, gaueko orduetan. Kalefazinoa neguan, bentiladora udan. Salda gozoa batzutan, haginetarako zotzak, eskuak, ezpanak edo betaurrekoak garbitzeko paperezko serbilletak. Metxeruarentzako gasolina apur bat. Alkandora edo frakak edo trajea edo nikia loitu badozuz ardo tantaz, mantxa hori behingo baten kentzeko ardao zuri pizka bat edo limoi zati bat edo ogi mamin zati batzuk emoten deutsuez. Txokorra lotzeko papera, biztuteko sua. Baso bete ur aspirina edo bikarbonatorekin. Ardaoa garrazturik edo zaborraz beterik badago edo euliren bat jausi bada basora, beste txikito bat ateratzen deutsue atoan...
Kontxo! Egia da.
Baina mahai-bat, jarlekua, telebista, irratia, egunkariak, kartak, dominoa, partxisa, ajedreza, hautsontziak, paper garbi bat zerbait idazteko, boligrafoa, komuna, ipurdia garbitzeko papera, eskuak eta aurpegia garbitzeko lababoa ur bero, hotz eta jaboiarekin, uleak orraztuteko ispilua... Eta gainera adiskide asko, neskatila politak, enkarguak itxi edo hartzeko era, telefonoz berba egiteko erreztasuna, munduko barririk gehienak jakiteko era, ipuin txiste, jazoera ta kontu barregarriak entzuteko era, alkarrizketa onuragarria egiteko era... Zer gehiago nahi dozu, ba, hamabost pezetagaitik?
Benetan! Baina... taberneruren bat zara zu ala?
© Mikel Zarate