«Gaur egun ona, e?»

 
Zintzoa beti izan da alperren astos. Eta, alderantziz, gure esaera zahar batek dinonez, «dongeak mundua bere».

        Txindorra ta kukuaren antzera dira gizartean zintzoa ta dongea. Zintzo gizajoa dongearen umeak hasten beti. Eta erru, ezbehar, nahigabe ta zoritxar guztiak zintzoaren lepora beti.

        Leku guztietan dagoz gizon zintzoak, berakatza baino finagoak diren gizon leialak, danen zerbitzari diren gizon langile porrokatuak, edozertarako prest dagozen borondate oneko gizonak, jatorrizko pekatu barik jaioak dirudien gizon zintzoak.

        Leku guztietan dagoz eta alde ta aldi guztietan egon dira, ta egongo ere bai, dudarik gabe. Bilbon ere bai.

        Begoña aldean bizi da bat. Gurutz Inurria da. Bere emazte, seme-alaba ta aitaginarreba ta amaginarrebarekin bizi da. Diruetxe barkuan egiten dau lan, ta hogei ta zazpi une daroaz han lanean.

        Goizean goizetik jagi ta, txiri-txoro, zertan edo hartan, egun guztian ibiltzen da lanean Gurutz, inurri baten antzera.

        Beti izan da zintzoa. Baina ezkondu zenetik eta hona askoz zintzoagoa da. Zintzoegia, finegia, gizajoegia. Barregarri izaterainoko zintzoa.

        Nahiko zahar eginda ezkondu zen. Urteetan ebilen bere atzetik, bere fraketatik eskegita legez, Begoñako elizako sakristauaren alaba itsusia. Ta ibili ta ibili, ekina okerra da ta, azkenean lortu egin eban Ikernek (hauxe da bere emaztearen izena), lortu Gurutz maiteagaz ezkontzea. Eta, jakina, ezkondu ondoren, Gurutzen etxean oiloa oilar.

        —Ez dakit nik, Gurutz, zer pasatzen jatzun zuri aspaldian. Astelenean pozik jan zenduzen lentejok; martitzenean ere oso pozik; eguaztenean pozago; eguenean platerkada bi jan zenduzen, ta gustora jan ere, ta gaur, barikuan, ez dakit nik zergaitik, ez dozula gura lentejarik dinozu. Ez dot ulertzen.

        —Nire atzetik eperdia galdu beharrean ibiltzen zinenean ulertuko zenduan. Orduan bai.

        —Baina, gizajoa...! Nor ibili zen zure atzetik, ba?

        —Zeu, nondik edo handik ni harrapatu arte.

        —Nire kokolotzar handia! Ni zure atzetik...?

        —Atzetik edo... Erreterak ere ez dira txorien atzetik joaten, baina noizean behin harrapatu egiten dabe txoriren bat edo beste.

        —Zagoz isilik eta jan egizuz lentejok!

        Eta Gurutzek, bakeagaitik, nahi ta nahi ez, jan egin behar lentejak. Eta zenbat holako! Telebistan, poz-pozik fulboleko partidua ikusten dagoenean, klak, bigarren edo hirugarren kanalean emoten daben programa bat ikusi gura izaten dabe emazteak edo semealabak edo aitaginarrebak ta amaginarrebak, eta Gurutz partidua ikusi barik eta zigarrorik ere erre gabe, amaginarrebak asmena dau ta.

        —Ez zeunke bat ere erre behar, etxerako gastua baino besterik ez da ta. Gainera kaltegarri osasunerako. Ez zenduan esan, ba, lehengoan, gehiago ez dozula erreko?

        —Gehiago ez dot erretzen, lehengo beste baino.

        Horrelako egun batean, garrasika ta eztulka, Atletik ikusi barik egon behar ebalako, komunera joan zen, ta txiza egiten egoelarik, doministikun egin ta plaust! beheko hagin postizuak komunera. Eta hatzamarrekaz sudur zuloak zarratu ondoren atera zituanean... erdi bi eginda egozen. Gizajoa!

        Jai egunetan kanpoan bazkaltzen dabe gehienetan Gurutzek eta beronen familiak. Eta mutikotxoari oinetakoen kordela soltatu jakola, amaginarrebari beste jarleku apatzago bat ekarri behar deutsola, mutikotxoak lohitu egin dauela arkondara barria, amaginarrebak gana txarra daukala, neskatotxoari buruko txoria soltatu jakola, aitaginarrebari komunera lagundu behar deutsola, neskatotxoak apurtu egin duela muñeka barria, aitaginarrebak eztula daukala..., ume txikiak eta handiak zaintzen Gurutz egunik gehienean.

        Udako jai egunetan mendira edo hondartzara joaten dira kotxe texatxar baten estu-estu eginda, lehenagoko sardina zaharrak bezala. Orduan bai izaten da gurutze bat egun guztia Gurutzentzat: etxean itxi dabela ahaztuta mutikotxoaren baloia, kotxea ez dabilela ondo, ezin dauela igon aldatsa, gasolina apur bat hartu beharko dela, mutikotxoa txiza larri dela, neskatotxoa ere bai, amaginarreba larritu egin dela, aitaginarrebak tripetako minak dituela, ataskamentu sortu dela, Koka-Kola bat nahi dauela neskatotxoak, mutikotxoak ere bai, honen ordutarako egon behar dauela Ikernek ez dakit non... Etxera heltzerakoan itota heltzen da Gurutz... eta tresnak garbitu behar afaldu ondoren. Bai, Ikerne gaixokia dela ta, sarritan garbitu behar izaten ditu tresnak amantal luze zabal bat jantzita.

        —Ikerne! Ez noa gehiago tresnarik garbitzen.

        —Ez? Zer dela ta?

        —Gure seinak «ama» deitu deustalako hiru-lau aldiz.

        Halan eta guztiz ere, behin baino gehiagotan garbitu behar izango ditu aurrerantzean ere. Zintzoegia izatearen kontuak!

        Dendarik denda erosketak egiten ere ibiltzen da Gurutz. Eta gaur goizean goardasol batzuk erosteko esan deutso Ikernek ohetik.

        —Ba zoaz lanera? Bokadillo bat egizu, gero hamabietan jateko. Hor dispentsan daukazu txorizoa ta sukaldeko mahaian ogia... Euria da, ezta? Negua ere ba dator eta, goardasol batzuk erosi behar dozuz. Eutsi dirua... Niretzat goardasol berdeska bat hartuko dozu eta gorriskatxo bat neskatotxoarentzat, eta loratxo batzuk edo baditu, hobeto. Norentzat diren esan ta dendan bertan esango deutsue zein den egokiena. Zeuretzat ere hartu egizu bat, zeuk gura dozun modukoa. Baina karuegiak ez erosi gero? Aita eta amarentzat ere erosi beharko dituzu, baltzak edo. Mutikotxoak ez dau behar oraindino baina, ikusten badozu holako goardasol merke txikitxoren bat, berari egoki datorkion bat, erosi.

        Bota ahaleko euriak izan dira Gurutzek etxetik urten dauenean. Autobusean joan da lanera. Bilbon bertan ez dau inoiz ere kotxerik erabiltzen. Oinez edo autobusean.

        Zelako goardasolak erosi pentsatzen joan da bide guztian. Eta, goardasolak buruan izan dituelarik, konturatu gabe, alboko gizon baten goardasola hartu dau autobusetik jaisterakoan.

        —Zu! Neure goardasola da hori! —esan deutso gabardina barri ederdun gizon serio batek.

        —A, bai, bai! Ba dakit. Parkatu! Parkatu! Ez naz konturatu. Neurea delakotan hartu dot. Parkatu! —tomatea baino gorriago eginda Gurutzek.

        Ordu bi t'erdietan lanetik urten, pintxo pare bat barra baten hartu, ta dendarik denda ibili da goardasolak ikusten. Ta lau t'erdiak inguruetan denda batera sartu ta erosi dau berehalaxe goardasol bat beretzat. Gero, beste denda baten beste bat mutikoarentzat. Hurrengo, bere emaztearentzat eta alabatxoarentzat erosi ditu hirugarren denda baten. Eta, azkenez, denda zahar baten, aitaginarreba ta amaginarrebarentzat.

        Hatan horretan, berandu egin jako, ta iluntzea izan da etxerantz abiatu denean.

        Autobusa hartu, ta ba doa Gurutz Begoñarantz, poz-pozik, goardasol txorta besartean hartuta.

        Autobusetik jaisterakoan, lepoan jotzen dau gizon batek. Goizeko gabardina barri ederdun gizon serioak. Goardasol txortari irribarretxo batez begiratu ta ba dinotso Gurutzi:

        —Egun ona gaur, e?

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia