Hitz jokoen indarra

 
Terrazadun bar gutxi dago orain Bilbon. Baina Edanguk barra ba dauka oraindino. Eta egokia ta txukuna euki ere.

        Lehenagoko zaldunen antzeko gizon bat jarri da gurdi-burpilez egindako mahaietariko baten.

        Besartean ekarri duen Goitibera aldizkaria ere mahai gainean itxi dau. Dotorea zigarro pakete bat atera, ta zigarro bat biztu dau. Eta Goitibera hartu, ta irakurtzen hasten da.

        Kamareru bat doakio berehalaxe ondora.

        —Arratsaldeon, jauna!

        —Baita zuri ere.

        —Egun ederra, e?

        —Bai, benetan!

        —Zer hartuko dozu?

        —Patxaran kopatxo bat.

        —Ederto.

        Ba doa kamarerua. Ba doa jentea kanporantz Edangutik. Ba dator jentea kanpotik Edangura.

        Ba dator kamarerua ere patxaranagaz.

        —Zu! Parkatu baina... Nahiago neuke beste zerbait edatea. Patxarana edaten izan dot beti. Eta horrexegaitik eskatu deutsut... Baina bihotzerrea egin deust egunotan. Honen ordez uiski bat ekarriko zeunke? Ba dakit hau ondo ez dagoena...

        —Hau baino oker handiagorik euki ezik; ondo goaz. Oraintxe ekarriko deutsut uiskia.

        —Parkatu, e?

        —Parkatuta dago.

        Esan ta egin, patxarana eroan, ta behingo baten dator kamarerua uiskiagaz.

        —Izotz apur bat?

        —Bai, bota.

        —Bat?

        —Pare bat. Eskerrik asko.

        Noizik behin uiski tragotxo bat eginez, egotaldia egin dau irakurtzen gizonak.

        Halakoren baten, uiskia amaitu, ta alde egitera doa, ezer ordaindu barik. Baina han dago kamarerua zuhur, eta ondoan plantatzen jako.

        —Parkatu, jauna. Ahaztu egin jatzu edan dozun uiski hori ordaintzea.

        —Ahaztu ez. Patxaranaren ordez atera deustazu uiski hori ta...

        —Bai. Baina patxarana ere ez dozu ordaindu.

        —Zer dela ta ordainduko nuen, ba, edan ezik?

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia