Zemento ta burdina artean lore bat irribarrez

 

Haserre bizitan egongo da Andoni batzarrera joan ez naizelako. Goiak eta beheak joko ditu. Ziur. Baina zer egongo diot, ba? Ordu bete baino gehiago daramat hemen bueltaka aparkamendu bila, ta alperrik! Azkenengo batzarrera ere ez nintzen joan. Aurretik zerbait prestatzeko lehentxoago joan nahi izan dut gaur gainera. Oraingo hasiko ziren... Hau da ezinaren ezina! Joan ba noa, ibili ba nabil, baina ez dakit nora noan joan eta zertarako nabilen ibili. Kotxea kotxearen gainean kale guztietan, aparkamenduak ahoraino beterik... Ea hortxe dagoen lekutxoren bat... Kaka! Andoni bera ikusi nahi nuke nik hemen, Andoni bera! Epe! Kontuz, txo! Inor jo barik! Zeure bidetik eta zuzen! Jo egiten nau horrek apur bategatik. Neu zuhur egon ez banintz, astakirten horrek... Ez batak ez besteak ez genuen min handirik egingo egin. Baina nahastea bai gero, horixe bai. Pentsatuz ere dardar jartzen naiz. Bai, hara ta hona, seguroa dela ta ez dela... Zu, parkatu..., zer pasatzen da gaur, ba...? Bartzelonaren kontra? A, Madrilen kontra, horixe bai, hainbeste kotxe bestela... Zorioneko fulbola! Bai, joan naiz hara ere, baina ez dago lekurik. Zuontzat ere kaltegarri izango da, baina zuok taxistok ez duzue aparkamendurik behar. Agur, bai. Et! Kamioitzar hau nora doa baina orain? Sakatu, sakatu gehiago! Bota kea! Egin burrunbotsa! Kutsadura egongo ez da, ba! Hainbeste kotxe ta kamioi, ta trolebus, ta autobus, ta mikrobus arrapaladan... Ene! Maite ta Mikel doaz hor. Epa! Maite! ¡Mikel! Agur, tokaio! Ez dira konturatu. Ni baino hobeto doaz oinez. Partidura al doaz... ? Zigarroak ere ia amaitu zaizkit. Gasolina ere bai laster. Baina zer pasatzen da orain guztiok gelditzeko kalearen erdian? Istripuren bat? Agur, Kontxi! Hementxe, ba. Geldi egon behar. Nonbaiten aparkatu nahirik nabil baina..., ezina ba dakizu zer den? Ekina okerra, baina ezina okerrago. Bai? Egongo dela han uste duzu? Berehalaxe joango naiz, inondik ahal badut behinik behin. Hasi dira martxan, bai. Ba goaz aurrerantz. Agur, Kontxi! Zeure partez. Zure aita eta ama ere ondo, ez? Tira, ba! Ikusi arte! Orain udaberri inguruan gazteago ta ederrago ematen dute neskek. Kontxik bai behintzat. Irribarre ere samurkiago egiten dizute... Ea, ba, atzera edo aurrera, andretxo edo neskazahartxo, kalearen erditik txakurtxo lumazto horrekin zoazelarik mutilzahartxo honen kotxearen azpian kromotu ez zaitezten. Semaforoak kaltegarri baino ez dira batzutan. Aurrerabidea delakotan, atzerabidea. Ai, Mikel, Mikel, gizajo hori, zer zela ta hasi ote hintzen hi txofertzan? Gizona gizajo bat duk, baina hi orain gizajo t'erdi... Noiz zabaldu ote dute denda hori hemen? Lehen bar bat zegoen hor. Arnariak jarri diote izena. Zer esan nahi ote du? Arnariak... Ea irratiak zer dion: «...zuekin, ba, orain Zirimiri Iratzarri nahi nuke abesten.

 

                Uda bihotzeko eguzki bero,

                zemento grisezko bloke zapalkor,

                gas pozoitsuaren ke laino mozkor,

                sorgin haizearen hauts dantza ero,

 

                motor durrunda..., ta zu egunero

                infernu gris hortan, egunero hor,

                arima grisdun lur pusketa lehor,

                zure jaunen robot, baloi, numero...»

 

        Hementxe egongo da lekuren bat aparkatzeko... Egon da. Ni baino bizkorragoa izan da hori. Bi behatz gurutzatu ta aparkalekua behingoan topatzen dela esaten dute espiritistek. Ez zait ezer kostatzen aproba hori egitea. Oraintxe dut erarik onena hori egia den ala ez ikusteko. Honela, batera ta bestera gasolina gastatzen ibiltzekotan, etxera joatea da egokiena, ta kito. Merke dago egon ere gasolina ta! Ipurdiko mina eginda ere ba nago.

 

                «Iratzarri nahi nuke barnean

                lotan daramazun gizon poeta,

                gizon aitzindari eta profeta,

                izankizunaren ezerezean

                zuregan dagoen gizon euskaldun,

                iratzarri zeu ta zeure zeutasun.

 

        Eta orain, berriz ere, irrati entzuleok, fulboleko partidua nola... » Kotxea saldu ta bakea! Zorabiaturik nagoela dirudi. Espiristek esan gauza asko esaten dituzte, baina..., noan etxera... E!! Zu!! Kontuz, gizon!! Ez al duzu ezer ikusten, babalasto horrek? Zu...!! Ai! Ene! Oraintxe bai egin dut egitekoa. Hauxe baino besterik ez zait falta izan. Aparkatuko duk, bai, oraingoan, Mikel! Kalearen erdi erdian aparkatu ere. Baina zeri begira egon da kokolo hori, ba? Kalearen erditik joan ez balitz, ez nuen joko. Bera etorri da txarto, bera sartu da burpil artera. Hil egin ote dut? Ai ene bada ta ni! Hau da mundua. Jendea garrasika ari da. Ito egingo naute, jan... Barka iezadazue, baina ikusi duzue guztiok zer gertatu den. Errua nik zergatik? Frenatu dut. Baietz, ba! Ez dut uste errurik izan dudanik. Bai, ez dizut ukatzen txofer ona izango zara, baina nire lekuan egon bazina, zu ere... Berau sartu zait burpilpetara, gizajo hau... Mediku bat, bai. Hilda ez dago ezta? Konorterik gabe? Nor da izan, ba? Katu...? A, ezizen bat. Mozkortia edo ez mozkortia, berdin da. Zer egingo nuen, ba? Ta zeuk, zeuk zer egingo zenuen honelako kasu batean? Neure bidetik joan naiz ni... Medikua zara? Eraman dezagun, bai, horra albora, hemen kalearen erdian gaizki baitago. Bozina hotsak ere ez du azkenik izango osterantzean. Hartu ez du golpe handirik hartu. Ez. Hau da jendetza bildu dena gure inguruan! Arnasarik hartzen ere ez diote utziko Katu edo dena delako honi. Plastada batzuk ematen dizkio medikuak masailetan. Amoniako? Amoniako nork hemen? Alkohola edo paittarra edo horrelako zerbait ere berdin dela dio medikuak. Koinaka dut nik botila bat kotxean. Etxean gelditu banintz, ez zitzaidan honelakorik gertatuko. Orain ez batzarrerik, ez..., ta gainera istripu hau dela ta etorriko zitzaizkidan buruhausteak. Zuri zuri eginda dago Katu. Ba al du inork basorik? Plastikozkoa? Berdin dela dio medikuak. Koinaka hara bota ta medikuari ematen diot. Sudurpean jartzen dio Katuri. Ni izan naizela zapaltzailea jakitean, geroago ta garrasi handiagoak egiten dizkit jendeak... Astiro astiro begiak ireki ditu Katuk. Bueno! Ez dut uste gauza handirik izan denik. Konorteratu dela dirudi. Bere sudurpean duen basotxoari eusten dagoen madikuari begi eskalez begiratu ta ba diotso: «Beheratxoago, mesedez!».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Utopiaren fantasian" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia