Munduko poemarik onena

 

Gazterik hasi zen. Ametsez beterik eta gogotsu hasi ere. Poema bat egin behar zuela ta hasi zen. Munduko poemarik onena euskaraz! Munduko poemarik onena Euskal Herrian! Harrigarria ta pozgarria benetan! Asmatzeko ere horrelakorik!

        Homero, Virgilio, Dante, Camoens, Orixe ta parnasoko gainerako guztiak ez ziren ezer izango berak egingo zuen poemaren parean. Ez horixe! Bere poema izango zen onena, miragarriena, hilezkorrena.

        Horretarako, behar beharrezkoa zen, lehenengo ta behin, planifikapen zuzen bat. Noski.

        Zein izen jarri poemari? Zein gai aukeratu? Zein egitura erabili? Zein adierazpide...?

        Izena, jakina, izena lehenbizi. Iliada edo Eneida edo Os Lusiadas bezalakoxe izen egoki bat. Ozentasuna duen izena. Eta nabarmen samarra, baina ez arraroegia. Izen iradokorra, lilurakorra eta ulerkorra. Baina zein? Euzkadi? Ala Euskadi? Ez, ez bata ez bestea, ortografia dela ta eztabaida sortuko bai litzateke. Politika kutsua du gainera. Euskalerria? Ala Euskal Herria? Egokia da izan izen hau. Baina ez. Izen horri buruz ere, ortografia dela ta ez dela... Ez, izen egokiago bat asmatu behar dut. Euskaldunak? Orixek erabilia da bere poeman. Euskalduneria? Arruntegia litzateke. Gainera euskaldun eria edo euskaldun erhia uler daiteke entzuterakoan. Ez, ez. Inola ere ez hori. Eta Azkazia jarriko banu? Baina azkazia esaten zaio arkazia-ri ere leku batzutan, ta zuhaitz baten izena delakotan egongo litzateke bat baino gehiago. Endaren hatsa? Egokia. Baina arkaikoegia ta tronpagarria, hatsa usain txarra ere baita. Iraupen dantzariaren abesti gorria? Luzeegia ta poetikoegia. Orijinala ba da izan, baina ez, ez, hori ere ez. Gure herritxo maitearen edestia? Fraile usaina du. Zerak bere poema entzutetsuaren... Ez, ez, itzulpenik ez. Kopiaketarik ere ez. Egon pizka batean! Egongo da hor, ziur, beste izen egokiagoren bat... Ene! Izen ta izan-ekin hitz joko bat eginik Izenaren izana jarriez gero zer? Edo Izanaren izena bestela. Edo hobeki, beharbada, Izena ta izana? Abstraktoegiak dira poemarik onenaren izenburutzat jartzeko. Eta zergatik ez epopeia hitza erabili? Ez, ez. Gramatika gogoratzen dit hitz horrek. Garrantzi handia du izenak eta ondo pentsatu ondoren jarri behar da. Hain zuzen ere...

        Gazterik hasi zen munduko poemarik ederrena asmatzen, poemarik ederrenaren izena asmatzen, izena asmatzen, izena asmatzen...

        Zaharrik hil zen gizajoa! Zaharrik hil zen lehenengo ahapaldia ere egin gabe.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Utopiaren fantasian" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia