Utopiaren zapalgailuz
Alde egin dut, alde,
mundu guztiko gizonen arteko
beste gerrate izugarri baten presentimenduz.
Alde egin dut, alde,
utopiaren zapalgailuz,
eta Mariren,
basajaunen,
iratxoen,
lamien
eta sorginen
ipuinetako irudi bidez
Euskal Herri zaharrera heldu naiz.
Greziaren pentsamendua,
Erromaren erakuntza
ta Konstantinoren Eliza
zapaldu ondoren heldu naiz.
Zibilizazio teknikoaren
jabe ta jopu den
Okzidenteko
indibidualismoa,
dualismoa,
arrazionalismoa,
kontzeptualismoa,
kapitalismoa,
kolonialismoa,
materialismoa,
kontsumismoa
zapaldu ondoren heldu naiz.
Ameriketako indioen genozidioa,
Afrikako beltzen salerosketa,
Gernikako hilketa
ta nire bihotzean horzkari ditudan
beste mila ekintza ezgizakor
oihuka salatu
ta diruaren,
harmen,
aginpidearen,
kutsaduraren,
drogaren,
zementoaren
ta publizitatearen
deabruzko liturgia madarikatu hiltzailea
zapaldu ondoren heldu naiz.
Okzidentek lau mendetan
apurtu ta aldrebestu duen mundua
zapaldu ondoren heldu naiz.
Eta lehenagoko
israeldarrak,
indioak,
hinduak,
arabeak,
txinoak,
bantuak...,
aurkitu ditut
euskaldun zaharrekin
izadiaren sinfonia koloretsua
entzuten,
dantzatzen,
birsortzen.
Eta geroko mundu berria
lehenean ikusi dut
ernetzen,
hazten,
loratzen,
gizagintzaren
ahaleginaren
bozkariotan. |
© Mikel Zarate